Hiru hilabetez, 16 parte-hartzailek euren proiektu artistikoak garatuko dituzte, sektoreko tutore profesionalek lagunduta. Jorge Oteiza Fundazio Museoak bat egin du egitasmoarekin institutuaren hirugarren edizioan.
Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak; Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak sorkuntzaren esparruan diharduten profesionalei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutua-ren (JAI) hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia ireki dute. Artistei zuzendutako ikasketa-programa honek ekainean hasiko du ibilbidea. Praktika artistikoa izango da beste behin programaren muina; eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.
Aurten, Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museoak ere bat egin du egitasmoarekin. Fundazio Museoa artista handiaren bilduma pertsonala jasotzen duen espazio monografikoa da. Nafarroako Altzuza herrian dago kokatuta, Iruñetik 9 kilometrora. JAI egitasmoari paisaia berrietara irekitzeko aukera eman dio elkarlan berri honek, ingurune urbanotik landa eremura hedatzekoa. Testuinguru horrek bestelako eragin bat gehitzen dio artearen esperientzia praktikoari; eta era berean, proiektu pedagogiko esperimental honen oinarriak lurraldean sendotu ere egiten dira.
Prestakuntza saioak Tabakalerako Artisten Guneko Tailerrean izango dira, Ekainaren 1tik abuztuaren 31era bitartean. Eremu komun horretarako sarbideaz gain, parte-hartzaile bakoitzak estudio bat ere izango du prestakuntza aldiak irauten duen bitartean, eta tutoreek jarraipen berezia egingo diote euren lanari, indibidualki. Gainera, abuztuan zehar, programako parte-hartzaileek Oteiza fundazioa kokatzen den Altzuza herrian egun batzuk igaroko dituzte. Gainera, programaren zenbait jarduera Artium Museoan egingo dira.
Jardun Artistikoentzako Institutua
Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) ikasketa-programa Tabakalerak eta Artiumek bultzatutako ekimen gisa sortu zen 2019an. JAI-k udako eskola baten moduan egituratzen da, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Jatorri oso ezberdineko ahots profesionalak elkartzen ditu, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak. Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artista) izango dira hirugarren edizio honetan ere institutuaren tutoreak. Eurekin batera, gaur egun deialdia sustatu duten erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute irakasle-taldea: Rosalind Nashashibi, Georgia Sagri, Lea Porsager, David Bestué, Ainara Elgoibar, Alejandro Cesarco, Jon Mikel Euba, Mattin, Pierre Bal-Blanc, Isabel Herguera, Erlea Maneros Zabala eta Txaro Arrazola.
Horrez gain, institutuak ikerketa batzorde bat izango du, Catalina Lozano (Artium Museoko komisario-burua), Oier Etxeberria (Donostiako CICC Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) eta aipatutako hiru tutoreek osatua. Batzordekideak izango dira artista eskola osatuko duten 16 partaideen aukeraketa egingo dutenak.
Deialdia
Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da 2022eko martxoaren 17tik apirilaren 14ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren (tabakalera. eus), Artium Museoaren (artium.es) eta Jorge Oteiza Fundazio Museoaren (museooteiza.org) webguneetan eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat -irudiekin- erantsi beharko dituzte bertan.
Hautatutako pertsonek 450€ ordainduko dituzte prestakuntzarako matrikula gisa, eta, horrez gain, ostatua hartzera bideratutako bost laguntza eskainiko dira.
Marguerite Durasen eta Alice Diopen filmak, Zinema feministaren historiak zikloan, martxoaren 6an, igandea, Marina Vinyesek aurkeztuta
Txaro Arrazolaren eta Xabier Arakistainen arteko elkarrizketa Ustiaketa bikaina erakusketaren inguruan
Euskal Emakume Artisten, Praktika Artistikoen eta Artearen Teoria Feministen Dokumentazio eta Ikerketa Zentrorako Aholku Batzordea eratu du Artium Museoak
Begirada feminista 2022 ikastaroan izena emateko epea ireki da. Aurten, Luisa Posada Kubissa, Ivana Bago, Anna Daučíková, Rocio de la Villa eta Martha Rosler izango dira hizlari, besteak beste
Museoa Arabako Argazkilari Elkartearekin elkarlanean arituko da Eulalia de Abaitua euskal argazkilari aitzindariaren lana aurkezteko jardunaldi batean
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, jarduera-programa bat prestatu du martxoaren 8aren ospakizunarekin, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotuta, museoak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan duen konpromiso estrategikoarekin jarraituz. Jarduera-ildo hori Artium Museoaren jarduera-eremu guztietan aplikatzen da zeharka. Marguerite Durasen eta Alice Diopen filmak, Txaro Arrazola artistaren eta Xabier Arakistainen arteko elkarrizketa edo Euskal Emakume Artisten Dokumentazio eta Ikerketa Zentrorako Aholku Batzordearen eraketa dira aurreikusitako ekimenetako batzuk. Bestalde, museoak Begirada feminista ikastaroaren 2022ko ediziorako izen-emateak irekiko ditu. Ikastaroa maiatzaren 7an eta 8an izango da, eta hizlarien artean Luisa Posada Kubissa filosofoa eta Ana Dauاíková eta Martha Rosler artistak izango dira.
Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloa
Les mains négatives, Marguerite Duras, Frantzia, 1978, 14 min, JB frantsesez, ES azpitituluak
Vers La Tendresse, Alice Diop, Frantzia, 2016, 39 min, JB frantsesez, ES azpitituluak
Aurkezpena: Marina Vinyes, Kataluniako Filmategiko programazio, hezkuntza-zerbitzu eta erakusketen burua.
Martxoaren 6an, igandea, 19:00etan
Les mains négatives film ia alegorikoa da: maitasun garrasi primitibo batez dardaratzen den eta beste gorputz bat ukitzeko bere burua eta denbora zeharkatzen dituen gorputz baten harriaren gaineko inpresioa Durasek idazkeraz duen ideiaren irudi nahiko zehatza da; aldi berean, Parisko travellingak ikusten dira egunsentian, etxeko langileak eta kaleko kale-garbitzaileak besterik ageri ez direnean.
Maitasunaren inguruko lantegi batean, Alice Diopek Seine-Saint-Denisen, Paris kanpoaldean, bizi ziren lau gazte ezagutu zituen. Haien elkarrizketak grabatu zituen eta ahots haietatik abiatuta pelikula bat egin nahi zuela konturatu zen. Vers La Tendresse gizonezkoen lurraldearen esplorazio intimista da, Frantziako aldiri batean. Gizon horien joan-etorriak ikusten ditugun bitartean, emakumeen gorputza silueta lauso eta birtual bat baino ez den unibertso batean murgiltzen gara.
Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Artium Museoaren arteko lankidetza
Txaro Arrazolaren eta Xabier Arakistainen arteko elkarrizketa
Martxoaren 8an, asteartea
Artium Museoaren Emanaldi aretoan, 18:30ean
Sarrera doan. Erreserbak: 945209020
Txaro Arrazolaren Ustiaketa bikaina erakusketa dela eta, Emakumearen Nazioarteko Egunaren barruan, artistak eta Xabier Arakistain erakusketaren komisarioak solasaldi bat izango dute erakusketan dauden lanen ekoizpen-prozesuaz aritzeko.
Txaro Arrazolak 1993an New Yorkeko Bushwick auzo hondatuko fabrika zahar batean zegoen bere estudioko leiho handitik ikusten zuen paisaiaren lehen marrazkiak egin zituenetik osatuz joan den Paisajes sociales saileko margolan sorta zabala biltzen du Ustiaketa bikaina erakusketak. Seriea garatu ahala, Arrazolak munduko hainbat puntutako paisaia garaikide lazgarriak irudikatu ditu, giza ekintza zuzenak eragindako era guztietako txikizioak erakusten dituztenak: erorketak, abandonatutako hondakinak, istripuak, terrorismo-ekintzen ondorengo eszenatokiak… Edo zeharkako ekintzagatik, esate baterako, klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileak. Pobrezia-egoera larriak, favelak, gerrako errefuxiatuen edo arrazoi klimatiko edo ekonomikoengatiko migratzaileen kanpamenduak erakusten dituzten paisaiak.
Eulalia Abaitua argazkilariaren inguruko proiekzioa eta mahai-ingurua
Norberaren gela/Una habitación propia dokumentalaren proiekzioa (Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey, 2021).
Mahai ingurua: Aitziber Orkolaga, argazkilaria; Maite Jiménez Ochoa de Alda, Eulalia Abaituaren biografoa; Josu Zaldibar, Blackcameraren zuzendaria. Moderatzailea: Rocío López, argazkilaria
Martxoaren 11n, ostirala
Artium Museoaren Emal¡naldi aretoan, 18:30ean
Sarrera doan. Erreserbak: 945209020
Antolatzailea: Arabako Argazkilari Elkartea. Laguntzailea: Artium Museoa
Eulalia de Abaitua da ezagutzen den lehen euskal argazkilaria. Bilbon jaio zen 1953an, eta erreportari grafiko bat izan zen, ohartu gabe, erreportajea jaio aurretik. Begoñako, Nerbioi ibaiaren ertzeko, Arratia bailarako eta bere etxeko bizitzaren akta jaso zuen kamerarekin. argazkilaritza entretenimendu burges soil bat baino zerbait gehiago zen Eulalia de Abaituarentzat: giroak birsortu zituen eta analisi antropologiko bat egin zuen bere argazkien bidez.
Ikastaroa: Begirada feminista 2022
Maiatzaren 7an, larunbata, eta 8an, igandea
Sarrera doan.
Izen-ematea: izen-emateak@artium.eus
Ikastaroak hainbat herrialde, diziplina eta belaunalditako hizlariak biltzen ditu urtero, ikuspegi feministatik artearen arloa aztertzen edo hartan esku hartzen dutenak. Begirada feministak artista eta artearen teorialari feministen ekarpen nagusien panoramika proposatzen dio publiko zabalari, gaur egun aurre egin behar zaien problematika teoriko eta politikoak azpimarratuz, joera androzentriko eta etnozentrikorik gabeko artea eta ezagutza lantzen eta zabaltzen jarraitzeko.
2022an, ikastaroko hizlarien artean Martha Rosler, Anna Daučíková eta Txaro Arrazola artistak, Ivana Bago komisario eta idazlea, Rocio de la Villa Estetika eta Arteen Teoria irakaslea, Luisa Posada Kubissa filosofoa eta Lola Hinojosa Reina Sofía Arte Zentro Nazionaleko Arte Performatibo eta Intermedia Bildumaren arduraduna daude. Izena emateko epea zabalik dago.
Euskal Emakume Artisten, Praktika Artistikoen eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazio Zentroaren Aholku Batzordea
Artium Museoak lantalde bat eratu du, Euskal Artisten Ikerketa eta Dokumentazio Zentroaren helburuak garatzen laguntzeko. Ikerketa-gune propio eta espezializatua da, eta bertan azterlan feministek jorratutako praktika artistikoekin zerikusia duen dokumentazioa biltzen da. Ardatz egituratzaile gisa feminismoa duten hainbat testuingururi buruz ikertzeko euskarria eskaintzen du Zentroak.
Gune espezializatu honen helburuen artean honako hauek daude: ezagutza-arlo horiek ikertzen laguntzen duten iturri bibliografikoak eta dokumentalak identifikatzea, biltzea, antolatzea, kontserbatzea eta zabaltzea, eta museoaren programekin, Bildumarekin eta erakusketekin lotutako euskal artisten eta pentsalarien dokumentazioa eta artxiboak biltzea eta kontserbatzea.
Aholku Batzordea honako hauek osatzen dute: Xabier Arakistain komisario independenteak, Carmen Gaitán Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak, Beatriz Herráez Artium Museoko zuzendariak, Lourdes Méndez Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia katedradunak, Hilary Robinson Loughborough Unibertsitateko irakasleak eta Azucena Vieites artistak.
Caniche praktika artistiko garaikideetan espezializatutako argitaletxe txiki bat da, eta «bestela jendearen eskura egongo ez liratekeen proposamenei ikusgarritasuna ematen» saiatzen da.
Artium Museoaren, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Paperetik hitzera programan Caniche Argitaletxea, Carlos Copertonek eta Patxi Eguiluzek bultzatutako proposamen artistiko garaikideetan espezializatutako proiektua, izango dugu ostegunean, ekainak 17, 19:00etan. Artista-liburuak argitaratzen dituen eta ohiko zirkuituetatik kanpoko espazioetan esku-hartzeak ekoizten dituen plataforma hori 2015ean sortu zen, «bestela jendearen eskura egongo ez liratekeen proposamenei ikusgarritasuna emateko». El viaje a ninguna parte izeneko hitzaldian, Copertonek eta Eguiluzek Caniche argitaletxearen jatorria, artistekin lan egiteko filosofia eta bere proiektu aipagarrienetako batzuen ezaugarriak azalduko dituzte. Paperetik hitzera Artium Museoak antolatutako liburu aurkezpen eta argitalpen proiektuen programa bat da. Lekua mugatua da eta tokia erreserbatu behar da 945 20 90 20 telefonora deituta.
Caniche argitaletxean idazketak eta ikusizko arte guztiek dute lekua: arte plastikoek, performanceak, argazkigintzak eta arkitekturak. Liburu horietako batzuen jatorria Patxi Eguiluz arkitektoak eta Carlos Copertone hirigintzan espezializatutako legelariak «eraso» deitzen dutena da, ohiko zirkuituetatik kanpoko espazioetan egindako esku-hartze artistikoak. Haien esanetan, Caniche ikaztegi bati egindako eraso batekin jaio zen, Lavapiéseko ikaztegi zahar bateko proiektu artistiko bat aipatuz.
Beste batzuetan, biek artista jakin batekiko duten interesarekin hasten da dena. Prozesu horretatik, eta liburua objektu gisa defendatzeko asmoz, poema-liburuak, argazki-liburuak, narratiba, saiakerak, artista-liburuak… sortu dira, oro har argitaraldi mugatukoak eta berrargitaraezinak.
Canichek argitaratutako azken liburuen artean, Arquitecturas prematuras dago, Isidoro Valcarcel Medinaren arkitekturari buruzko idatzien bilduma bat; Leticia Ybarra idazle, artista eta komisarioaren Fantasmita eres pegamento poema-liburua; edota El ensayo empieza aquí, eredu politikoak zalantzan jartzeari —pandemiak zorroztua— buruzko idatzi-sorta bat, idazle, artista eta pentsalariek eginak, esate baterako Katixa Agirrek, Txomin Badiolak edota Ernesto Castrok.
Paperetik Hitzera artista, idazle, diseinatzaile, historialari, kritikari eta komisarioek egindako liburu eta argitalpen proiektuen aurkezpenen hileroko programa bat da. Proposamen horrek artearen eta argitalpenen artean gertatzen diren etengabeko trukeei erreparatzen die, eta Museoaren liburu-erosketen politikarako funtsezko ikerketa-ildoetako bat ere bada.
Orain arte, Artium Museoak argitalpenaren munduko hainbat ordezkari bildu ditu Paperetik hitzera programan: Sans Soleil eta Consonni argitaletxeak, Mariano Mayer artearen historialaria eta Gema Intxausti artista, besteak beste.
Prentsa oharra (pdf) Artium Museoaren jarduerak Caniche Argitaletxearen web gunea
Paperetik hitzera
Caniche Editorial: El viaje a ninguna parte
Ekainaren 17an, osteguna, 19:00etan
Sarrera doan. Toki mugatua
Argibideak eta erreserbak: 945 20 90 20
Ledok amaitu gabeko borroka baten kontakizuna egin du dokumental honetan, A Pontesako zeramika fabrikako emakume kementsu eta karismatikoena. Zikloa Artium Museoak eta Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, elkarrekin egindako proposamena da
Artium Museoaren, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren, Emanaldi aretoan, Margarita Ledo zuzendari galiziarraren Nación filma proiektatuko da datorren larunbatean, ekainak 5, 18:00etan, Zinema feministaren historiak zikloaren barruan. Margarita Ledok amaitu gabeko borroka baten kontakizuna egin du dokumental honetan, Pontevedrako A Pontesa zeramika fabrikako emakume kementsu eta karismatikoena, hain zuzen ere. 2001ean itxi zuten behin betiko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako birmoldaketa industrialaren ondorioz. Aitziber Olaskoaga zinemagileak egingo du filmaren eta zuzendariaren aurkezpena. Zinema feministaren historiak (Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Artium Museoaren arteko lankidetzaren emaitza) zikloaren helburua emakume zinemagileak eta haien sorkuntzak aldarrikatzea eta ezagutaraztea da.
A Pontesa zeramika fabrika ixtearen aurkako borrokan protagonista izan ziren emakumeen ahotsak biltzen ditu, 20 urte geroago, Nación dokumentalak. Zinemak askotan jorratu du langile-borrokaren gaia, baina film horietan gutxitan agertu da borroka horrek emakumeentzat duen espezifikotasuna, lanean hasteak ekarri zuen askatasunaren ondoren, industria-sektorearentzat ere nahasiak izan ziren garai haien erdian.
A Pontesako zeramika fabrikako emakume kementsu eta karismatikoen aurpegi eta ahotsen bidez, Margarita Ledok amaitu gabeko borroka baten kontakizun hunkigarri, borrokalari eta poetikoa eraiki du. Nación joan den martxoan estreinatu zen zinema-aretoetan eta, zuzendariaren hitzetan, «emakumeok eskubideak izateko behar izan dugun denbora luzea aztertzen duen filma da, ez bakarrik botoa emateko, baita soldatapeko lana eta independenteak izateko aukera lortzeko ere. Laburbilduz, zenbat kostatu zitzaigun Nazio izatea».
Margarita Ledo (Castro de Rei, Lugo, 1951) galiziar kulturako irudi garrantzitsu bat da, zinemagilea, idazlea eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko katedraduna. Poesia, narrazio-liburuak eta saiakera argitaratu ditu, baina baita hainbat ikerketa lan ere. Santa liberdade (2004) izan zen bere lehen film luzea, eta haren ondoren Liste, pronunciado Líster (2007) eta A cicatriz branca (2012) fikzioa etorri ziren, bigarrena Porta blindada nobelan oinarritua; hainbat lan esperimental eta dokumental ere egin ditu. Premio Nacional da Cultura Galega saria jaso zuen 2008an Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen arloan, Otero Pedrayo saria 2017an, eta gainera Galiziar Akademiaren kide da.
Artium Museoak eta Tabakalerak antolatutako Zinema feministaren historiak zikloak emakume zinemagileen lana aldarrikatu eta ezagutarazi nahi du. Zuzendari horien sormen-unibertsoan sakontzeko, zinemari eta kulturari lotutako emakume batek egiten du aurkezpena proiekzio bakoitzaren aurretik.
Naciónen ondoren, uda ostean jarraituko du zikloak, eta film hauek guztiak ikusi ahal izango ditugu: Barbara Hammer-en Audience (1983) eta Xiana do Teixeiroren Tódalas mulleres que coñezo (2018), Irati Crespo ikertzaile, kritikari eta zinema-komisarioak aurkeztuak, Helke Sander-en (The All-around Reduced Personality - Redupers, 1978), Lola Hinojosak, Reina Sofia Museoko zinema eta bideo kontserbatzaileak aurkeztua, Nina Menkesen (Queen of Diamonds, 1991, Ainara Elgoibar artistak aurkeztua eta Claire Simonen (Mimi, 2003), Katixa Agirre idazleak aurkeztua.
Zinema zikloa. Zinema feministaren historiak II
Nación. Margarita Ledo, 2020
Aurkezlea: Aitziber Olaskoaga, zinemagilea
Ekainaren 5ean, larunbata, 18:00etan
Prentsa oharra (pdf) Zikloaren programa Pelikularen trailerra
Bere lan editorialaz gain, consonni argitaletxeak arte-proiektuak, eztabaida-jarduerak eta irratsaioak sustatzen ditu kultura-gune propio batean. Juncal Ballestínen erakusketa dela eta, Elvira Illana koreografoak Ejercicio nº 47847 piezaren egokitzapena eskainiko du egun berean
Hiru hilabetez, 10 parte-hartzailek euren proiektu artistikoak garatuko dituzte, sektoreko tutore profesionalek lagunduta. Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz izango dira tutoreak, nazioarteko arte arloko hamalau irakaslek lagunduta. Deialdia gaurtik, otsailaren 23tik, martxoaren 23ra arte egongo da zabalik eta bi beka eskainiko dira.
Juan Carlos Roman artistak irekiko du ostiral honetan Ballestínen ondare artistikoari buruzko aztertuko duen hitzaldi-programa. Larunbatean Lizzie Borden zuzendariaren Born in Flames filma proiektatuko da.
Artium Museoak udazkeneko erakusketen zikloari hasiera emango dio urriaren 8tik 12ra bitartean. Gainera, bost egun horietan, Museoa zabalik egongo da goizeko 11etatik arratsaldeko 8etara eta sarrera doakoa izango da.
Prebentzio-neurriak Artium Museoan, osasun-alertaren aurrean
Twist eleberria, Canoren arrakasta literarioa, izango da solasaldiaren ardatza. Idazlea bertan dela, klubak, besteak beste, liburuaren bilbeak artearen munduarekin dituen loturei helduko die
© 2026 Artium Museoa.
Sarrerak Online
Denda Online