Z Aretoa programaren barruan aurkeztuko da filma, zeinak erakusten baitu lurralde batean nekazaritza-jarduera bertan behera utzi eta hainbat urtera gertatzen ari den eraldaketa. 16 mm-an errodatutako eszenak eta bitarteko digitalen bidez lortutako irudiak uztartzen ditu.

Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoak Maddi Barber eta Marina Lameiro zuzendarien Paraíso film berriaren estreinaldia aurkezten du, Artium Museoko Z Aretoa programaren baitan. Beren lan berrian, eraldatzen ari den lurralde bat esploratu dute zuzendariek; hain zuzen ere, nekazaritza-jarduera bertan behera utzi eta hainbat hamarkadara bizilagunak berreskuratzen saiatzen ari diren eremu bat. Barber eta Lameirok filmazioa eta datuak atzitzeko teknologia digitalak erabiliz atzitako irudiak uztartu dituzte. Erakusketa honi loturik, Artium Museoak argitalpen bat plazaratu du María Palacios Cruz komisario, irakasle eta irudi mugimendudunari buruzko ikertzailearen testua duena. Filmaren produkzioak Corporación Mondragon erakundearen lankidetza izan du. Z Aretoa programaren komisarioa Garbiñe Ortega da.

Ilunpetan hasten da filma; emakumezko ahots bat entzuten da, ikusten dituen edo ikusten utzi zaizkion irudiak deskribatzen ari dena. María Palacios Cruzek azaldu bezala, “«heriotza»ri erreferentzia egiten diotela ulertu du emakume horrek, baina ez dago tristurarik edo laztasunik irudi horietan. Dena da gauzen ordena naturalaren parte: bereizezinak dira bizitza eta heriotza. Aurrerago jakingo dugu emakumea deskribatzen ari den irudi horiek baso batean moztear diren zuhaitzen ahotsak direla”. 60ko hamarkadan, hainbat herri gelditu ziren abandonatuta Artzibarren, eta Nafarroako Gobernuak pinuak landatu zituen garai batean laborantzarako edo animaliak bazkatzeko erabilitako larreetan. Handik 50 urte baino gehiagora, herri horietako batean erabaki dute pinuak bota eta larreak berreskuratzea, nekazaritza-jarduerari berriro heltzea eta biztanleek landa-eremutik hirietara alde egin ahala desagertzeko zorian egon zen bizimodu bat berreskuratzea. Hango biztanleek «el Paraiso» (Paradisua) deitu izan diote betidanik eremu horri.

Maddi Barber eta Marina Lameirok 16 mm-ko errodaje analogikoa eta haren testura berezia eskaner bidez atzitako paisaien hiru dimentsioko irudi digitalekin konbinatu dituzte. Erakusketan, filma ez ezik, mapa topografikoak eta ortofotografiak ikus daitezke, hainbat garaitakoak, Artzibarko lurraldearen hurrenez hurreneko eraldaketen erakusgarri, baita filma errodatu duten eremuan bildutako laginen herbario bat ere. Making-ofaren irudi sorta batek eta basoko soinuen memoria biltzen duen soinu-pieza batek osatzen dute proiektua.

Paraíso Maddi Barberrek eta Marina Lameirok lankidetzan sortutako lehen proiektua da. Bai Barber bai Lameiro zenbait talde-prozesutako eta partaidetza-ekimenetako partaide izan dira aurrez, baina Paraíso ez da hainbeste beren jarduera artistikoen arteko trukea,  Lakabe inguruko basoetako biztanleekiko (eta biztanleen arteko) truke humano eta ez-humano bat baizik; bazkarako larreak eskuratzearren moztuko dituzten zuhaitzek kontatutako istorio bat.

Zuzendariak
Maddi Barber (Lakabe, 1988), 592 metroz goiti (2018) eta Urpean lurra filmen egilea da, besteak beste, berrienak aipatzearren. Haren lanak hainbat jaialditan ikusi ahal izan dira, esate baterako, Visions du Réel-en, Donostiako Zinemaldian (Zabaltegi), Punto de Vista-n, Ji.hlava-n, Porto Post Doc-en eta Las Palmasekoan. Une honetan bere lehendabiziko film luzean (Claros de bosque) ari da lanean.

Marina Lameiro (Iruñea, 1986) zinemagilea eta ekoizlea da. 2018an bere lehen film luzea estreinatu zuen, Young & Beautiful; harekin sari eta laudorio ugari jaso zituen hainbat jaialditan. Bigarren film luzea, Dardara, zinema-aretoetan gehien ikusi diren 10 filmen zerrendan sartu zen Punto de Vista jaialdian estreinatu ondoren.

Z aretoa zinema-programa
Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimendudun irudia pentsatzeko keinu erabakigarritik sortutako programa da. 2021. urtearen amaierara arte luzatuko den programa honetako lanak zeharkatzen dituzten gogoeten artean, azpimarratzekoak dira egileek taldearenaren ideiarekiko duten interesa eta haren inguruko ikerketa, eta baita elkarrekin pentsatzen eta lan egiten jarraitzeko eta etorkizun partekatu bat proiektatzeko moduak ere.

Film bakoitza Z aretoa esaten zaion horretan begiztan proiektatuko da, gutxi gorabehera bi hilabetez. Filmaren inguruan, elkarrizketa bat egingo da egile bakoitzarekin. Erakusketa-proiektu berri bakoitzarekin, aretoko lanen fitxa tekniko oso bat eta aditu, kritikari eta historialariek idatzitako testu espezifikoak biltzen dituen argitalpen bat argitaratzen da, programatutako lanen hedapena, analisia eta gogoeta sustatzeko.

Prentsa oharra (pdf)  Irudi-eskaera 

Paraíso. Maddi Barber / Marina Lameiro. Z aretoa

Z aretoa, 2021eko uztailaren 2tik irailaren 12ra
Z aretoa programaren komisarioa: Garbiñe Ortega
Paraíso pelikularen estreinaldia: uztailaren 2an, ostirala, 11:00etatik aurrera
Iraupena: 22 min
Argitalpena, María Palacios Cruz-en testuarekin
Pelikularen proiekzioa eta zuzendarien eta komisarioaren arteko solasaldia: uztailaren 2an, ostirala, 18:00etan
Mondragon Korporazioaren lakindetzarekin ekoitzia

Publicado en Prentsa bulegoa

Erakusketak norberak eraikitzean eta jolasean oinarritutako pedagogiako praktika historiko batzuk berrikusi eta elkartzeko eta ikasteko espazio bat sortu du. Carme Nogueira, Raphael Escobar eta Abraham Cruzvillegas artisten lanak ere izango dira bertan ikusgai

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia. Antonio Ballester Moreno (A3 aretoa, 2021eko azaroaren 1era arte) erakusketa aurkeztu du. Proiektu hau Museoak bere hiri-testuinguruarekin eta testuinguru sozialarekin duen harremanari buruz eta, zehazki, bere barruko plazak inguruko elkargune gisa duen potentzialari buruz hausnartzeko prozesutik sortu da. Ballesterrek, Museoak gai honi buruz hitz egin duen artistetako batek, norberak eraikitzean eta jolasean oinarritutako pedagogiako praktika historiko batzuk berrikusi ditu, eta elkartzeko eta ikasteko espazio bat eratu du, ohiko erakusketa ez izateko pentsatutako proiektu honetan. Carme Nogueira, Raphael Escobar eta Abraham Cruzvillegas artisten lanak ere biltzen dituen erakusketa Ángel Calvo Ulloak komisariatu du, eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunearen eta Vitoria-Gasteizko Barrutia Ikastolako ikasle eta irakasleen laguntzarekin egin da.

Antonio Ballester Morenoren Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia erakusketa Plazaraturen esparruan abian jarritako hainbat lankidetza-prozesuren emaitza da, hau da, Museoak erakunde gisa eta egitura arkitektoniko gisa bere ingurunearekin duen loturari eta elkargune eta gizarte-harremanen gune izateko duen gaitasunari buruzko hausnarketa-prozesuaren emaitza.

Ballester Morenok pedagogiarekin lotutako metodoak erabiltzen ditu bere praktika artistikoan; zenbait proiektutan ikasle taldeak sartzen ditu tartean hasierako ideia bati forma emateko eta noizean behin baita helduak ere. Artium Museoan egindako proposamenean, artistak XX. mendean garatutako praktika pedagogiko batzuk hartu ditu erreferentziatzat, norberak jolas gisa eraikitzean eta ekintza —eraikitzea, berreraikitzea, konpontzea, birmoldatzea— ikasteko, prestatzeko eta bizitzeko modu bihurtzean oinarrituta. Lady Allen of Hurtwood arkitekto ingelesa, Palle Nielsen ekintzaile danimarkarra, Enzo Mari arkitekto italiarra edo Simon Nicholson artista ingelesa dira esperientzia horiek inspiratzen dituzten irudietako batzuk, Ángel Calvo Ulloa komisarioak erakusketari lagun egiten dioen argitalpenean azaltzen duen bezala.

Horrela, Antonio Ballester Morenok Gasteizko Barrutia Ikastolan eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean udaberrian egindako lantegietan ekoitzitako lanak instalatu ditu museoko A3 aretoan. Barrutia Ikastolaren kasuan, ikasleak, familiak eta irakasleak deitu zituen artistak Enzo Mariren praktikari eta haren autoprogettazione? eskuliburuari eta Simon Nicholsonen «pieza solteen» teoriari jarraituz altzariak eraikitzeko lantegi batean parte hartzera. Oinarrizko pieza eta tresnak erabiliz eta berariazko plano eta jarraibideen arabera sorturik, objektu horiek —mahaiak, aulkiak, plataformak, kabinak— plaza edo haur-parke bihurtu dute A3 aretoa, museoaren kanpoaldera hiri-baratzera irekia.

Bestalde, erakusketan 30 metroko luzeko eta 4 metro gorako mural handi bat ere badago, Ballester Morenok Dinamoa Sormen Gunean proposatutako diseinuetatik abiatuta zuzendu zuen lantegian ekoitzitako 164 serigrafia-piezak osatua.

Ballester Morenok «taldean urtzen diren proiektuetan lan egiteko» duen joera hori, komisarioak adierazten duen bezala, areagotu egiten da beste artista batzuk Norberak eraikitzea… proiektuan parte hartzera gonbidatuta: Carme Nogueira eta hark Buñuelen Las Hurdes, tierra sin pan dokumentaletik eta Extremadurako eskualde horretan 30eko hamarkadan garatutako esperientzia pedagogiko berritzaileetatik abiatuta egin zituen lantegiak, Raphael Escobar eta Os Cupins das Artes, São Paulon etxerik gabeko pertsonekin egindako lantegiak, eta Abraham Cruzvillegas eta Mexiko Hiriko auzo herrikoietan errotutako autoeraikuntza prozesuak, haren praktika artistikoan suma daitezkeenak.

Ballester Morenok bakarkako erakusketak egin ditu Valladolideko Patio Herreriano Museoan, Madrilgo La Casa Encendida museoan, Mexikoko Guadalajarako MAZ museoan, Leongo MUSAC museoan, Madrilgo MaisterraValbuena galerian, Lisboako Pedro Cera galerian, Santa Monicako Christopher Grimes museoan eta Berlingo zein Los Angeleseko Peres Projects museoetan. Talde-erakusketetan ere parte hartu du, hala nola Sao Pauloko 33. biurtekoan, artista eta komisario gisa, Michigango MSU Broad Museum-en, Madrilgo CA2Men, eta New York, Berlin eta Los Angeleseko galerietan, besteak beste. Bere lana bilduma hauetan dago: Reina Sofía Arte Zentro Nazionalean, MUSACen (Leon), CA2Men, Iberdrola Bilduman eta Fundación Helga de Alvear-en.

Prentsa oharra (pdf)  Irudi-eskaera  Lan-zerrenda Erakusketa 

Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia. Antonio Ballester Moreno
A3 aretoan, 2021eko ekainaren 25etik azaroaren 1era
Komisarioa: Ángel Calvo Ulloa
Argitalpena. Testuaren egilea Ángel Calvo Ulloa
Solasaldia artistarekin: ostiralean, ekainak 25, 18:00etan
Irekiera dela-eta, ordutegi berezia: 11:00etatik 20:00etara, etenik gabe.
Erakusketa hau Vitoria-Gasteizko Barrutia Ikastolaren eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunearen lankidetzari esker egin ahal izan da.

Publicado en Prentsa bulegoa

Eskultura eta marrazki multzo handi bat da, eta horietatik Tuya gigante, tuya occidental saileko bost akuarela duela gutxi sartu dira Museoaren Bilduman. Museoaren funts garaikide bikainaren ikusgarritasuna areagotzea da Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren, azterketa-kasuen eta Zeru bat, hamaika bide erakusketaren barruko txandaketen helburua.

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, erosi berriak dituen Nadia Barkate artistaren bost urmargo (Tuya gigante, tuya occidental sailekoak) aurkeztuko ditu Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa-programaren barruan (A02 aretoan, 2021eko irailaren 5era arte). Barkateren beste lan batzuek, azken hiru urteetan ekoitzitako akuarela eta beira puztuz egindako eskulturek, ematen die testuingurua pieza horiei. Museoaren funtsetan sartu berri diren artisten ekoizpena ezagutzera emateko erakusketa sorta bat osatzen du Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa programak.

Nadia Barkatek (Bilbo, 1980) marrazkiaren eta haren inertzien bidez garatzen du bere lana. Haren jardunean, halako narrazio-borondate bat dago, egunerokoa, eskuz egindakoa eta hitza lotzen dituena. Tuya gigante, tuya occidental Barkatek 2018an eta 2019an egindako formatu txiki eta handiko urmargo sorta baten parte da. Artistaren esanetan, estudioan bere baitan bildurik egondako uneetan sortu ziren, non kontzentratuta zegoen bitartean eskuekin egiten zituen keinuez jabetu baitzen.

2020an Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren sektore artistikoari laguntzeko planaren barruan erositako bost pieza aurkezten ditu erakusketak. Artium Museoak, Donostiako Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak hautatutako lanek osatutzen duten Bilduma partekatua izeneko funtsaren parte dira. Gainera, bost lan horiei testuingurua emateko beste sei akuarela eta beira puztuz egindako duela gutxiko bost eskultura daude, kasu batzuetan bilduma partikularretatik datozen piezak.

Berriki, Nadia Barkatek ondoko aretoetan erakutsi ditu bere lanak, besteak beste: Okela (Bilbo), Galería MPA (Madril), Galleria Nappa and Studio Mustanapa, (Rovaniemi, 2021), Lìtost Gallery (Praga, 2020), Bombón Projects (Bartzelona,2019), Westfälischer Kunstverein (Münster, 2019), Bilboko Arte Ederren Museoa (2018), Tabakalera (Donostia, 2018), Ethall (Bartzelona, 2018), Azkuna Zentroa (Bilbo, 2018), Carreras Múgica (Bilbo, 2015), Altes Finanzamt (Berlin, 2015), Espai 01(Olot, 2012) eta Montehermoso (Vitoria-Gasteiz, 2010).

Bestalde, erakusketa hau dela eta, #Bilduma saileko ale berri bat argitaratu du museoak. Bertan, haren ondare-funts publikoa osatzen duten obra eta artistei buruzko idazle, komisario eta historialarien testuak argitaratzen dira. Oraingo honetan, Mariano Mayer (Buenos Aires, Argentina, 1971) poeta eta erakusketen komisarioa izan da hautatua. 2002. Urteaz geroztik Madrilen bizi da. Haren azken proiektuen artean ondokoak aipa daitezke Azucena Vieites. Playing Across Papers, Sala Alcalá 31 (Madril, 2020) edo Distancias elásticas: Antonio Menchen y Cecilia Szalkowicz, Centro Párraga (Murtzia, 2019). Fluxus Escrito. Actos textuales antes y después de Fluxus liburuaren egilea da.

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta, Nadia Barkateren erakusketa hau barne hartzen duen programa, Artium Museoaren Bilduma —funts garaikide paregabea, izaera publikokoa, eta ia 2.400 artelanek osatua— ezagutzera ematea helburu duten beste ekimen batzuei gehitu zaie 2021ean. Horrela, Zeru bat, hamaika bide Bildumaren erakusketa iraunkorraz gain, A01 aretoak 1977-2002 aldiaren kronologiari eta haren inguruko ikerketa-lanei lotutako azterketa-kasuak eta erakusketak hartzen ditu. Zeru bat, hamaika bide erakusketari ere aldaketak egiten zaizkio tarteka eta barne-ibilbide berriak sotzen dira. Museoaren argitalpen-programaren barruan #Bilduma sailaren sorrera helburu horren beraren barruan kokatzen da.

Museoaren erosketa-programak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da bere dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen une bati pultsua hartzeko. Hori da Museoaren funtsezko eginkizunetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea.

Daniel Llaría artistak egin zuen lehen erakusketa A02 espazioan, eta Nadia Barkateren ondoren Lorea Alfaro etorriko da.

Erakusketa  Erakusketako lanak Prentsa oharra (pdf)  Irudien eskaera 

Nadia Barkate. Tuya gigante, tuya occidental. Contextos desde una exposición
A02 aretoan, 2021eko maiatzaren 29tik irailaren 5era
Argitalpena: Nadia Barkate. Mi momia. #Bilduma saila. Testuaren egilea: Mariano Mayer.  

Publicado en Prentsa bulegoa

Hamaika proposamen biltzen ditu erakusketak, argazkiz, instalazioz eta hainbat serietako objektuz osatuak, baina espazio logika bera dutenak. Salaberriak lehen planoan jartzen ditu espazioa eta honek portaera eta begiratzeko eta sentitzeko modua baldintzatzeko duen gaitasuna.

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Xabier Salaberriaren Arkitekturarik gabeko erakusketa bat erakusketa aurkeztu du (A1 aretoan, 2021eko urriaren 3ra arte). Erakusketak hamaika lan multzo aurkezten ditu, argazkiak, instalazioak eta objektuak barne, arkitekturaren eginkizunari, paisaiaren eta lurraldearen irudikapenari eta museografiaren alderdi teknikoei lotuak. Lan horietako bakoitzak bere izaerari eusten dio, baina, aldi berean, logika espazial beraren arabera erlazionatzen dira elkarren artean. Artistaren azken ekoizpenei lan zaharragoak eta aurreko proposamenen memoria gehitu zaizkie. Erakusketa honen harira, argitalpen bat plazaratu du museoak Lars Bang Larsen idazle eta arte historialariaren testuarekin. Beatriz Herráez eta Enrique Martínez Goikoetxea izan dira Arkitekturarik gabeko erakusketa bat erakusketaren komisarioak.

Xabier Salaberriaren (Donostia, 1969) lana eskulturaren, diseinuaren eta espazioen antolaketaren eta arkitekturaren esparruetan kokatzen da eta haren praktika tekniken, materialen eta objektuen historiaren azterketan oinarritzen. Argazkia, marrazkia eta instalazioa dira artistak Artium Museoan egindako erakusketaren testuinguruan egindako proposamenetan darabiltzan bitartekoak. Espazio hori interpretatzen du eta bertan parte hartzen du hainbat erakusketa-displayren azterketatik abiatuta, aretoetan ibilbide-sistema bat marraztuz museografiaren alderdi teknikoen, arkitekturaren funtzioen eta historiaren eta paisaiaren eta lurraldearen irudikapenaren artean proposatutako gurutzaketetan barneratzeko.

Izenburuko ukazio esplizituaren bidez —Arkitekturarik gabeko erakusketa bat—, egileak lehen plano esanguratsu batera dakartza espazioa, haren hormak, altuerak, ibilbideak… eta haiek gure jokabidea eta proposamenak ikusteko eta sentitzeko modua nola baldintzatzen dituzten. Izenburutik bertatik hasita, Salaberriak espekulaziorako espazio bat sortzen du, arkitekturaren, erakusketaren eta displayaren boterean pentsatzeko, eta horiek narratiban eta gure irakurketan nola eragiten duten ikusteko.

Erakusketak hamaika proposamen aurkezten ditu, argazkiak, instalazioak eta objektuak barne. Hainbat serietan oinarrituta, lanek beren izaerari eusten diote, eta, aldi berean, logika espazial beraren bidez osatzen dute elkar. Horrela, proiektuari izenburua ematen dion instalazioa, Arkitekturarik gabeko erakusketa bat, aurtengoa, panel modularren bidezko konstelazio batez osatuta dago, non diseinatzaile gisa egindako lanen irudiak, planoak eta erakusketen eta espazioen proiektuak zintzilikatzen diren (museorako egindakoa barne). Kokaera, kolorea eta eginkizuna aldatuta, aplikazio funtzionalaren eta sinbolikoaren arteko lurralde bat sortzen dute, beren praktika artistikoan ohikoa. Erakusketak beste lan batzuk ere biltzen ditu, hala nola r de radio, 2020an egindako instalazio bat, non 4 erakusmahai metaliko bertikalek kristal hautsien bilduma bat erakusten duten, edota Bézier (2020), 8 aluminiozko xafla, beira-zatien siluetak euskarri lau batera testu gisa eramaten dituztenak.

Bere ibilbidearen aurreko garaietako argazki batzuekin batera, Agiñan ateratako 5 irudiko friso bat ere badago (Serie friso Oteiza, 2021). Jorge Oteizak Aita Donostiaren oroimenez egin zuen monumentuaren gainazaleko eta ertzeko gorabeherak uzten dituzte argazkiek agerian, ustekabekoak izan ala ez. Badirudi oteizar cromlech mikrolitikoaren espazio sakratuari Aiako haitzetako gandor profanoarekin hitz eginarazten diola, monumentuaren oroimenari bere siluetaren ustekabeko, halabeharrezko edo bortxazko formekin.

Argazkiek, era berean, ohiko konbentzioak eta azalpen-arauak iraultzen dituzte. Aldaketa horien bidez, espazioari, arkitekturari eta gailuei erreparatzen die Salaberriak, instalatzen diren lekuan esanahia sortzen duten elementu gisa.

Xabier Salaberria Donostian bizi da eta bertan lan egiten du. Bere prestakuntza-aldia Arteleku Arte Zentroari lotuta dago. Bertan, Txomin Badiolak eta Ángel Badosek 1998an emandako lantegietan edo Peio Irazuk urte berean egindakoetan parte hartu zuen. Topaleku eta eztabaidarako gune hori, denboran zehar lantoki eta erreferentzia gisa mantendu du. Parte hartu duen egoitza-programa ugariak direla-eta, denboraldi luzeak eman ditu atzerrian —horrek ikusgarritasun handia eman dio bere lanari—, eta, besteak beste, Peio Agirre, Chus Martínez, Lars Bang Larsen eta Catalina Lozanok komisariatutako proiektuetan parte hartu du. Bere azken erakusketen artean ondokoak aipa daitezke: r de radio, Carreras Múgica, Bilbo (2020); Ganar Perdiendo, Centro Centro, Madril (2019); Restos materiales, obstáculos y herramientas, Sao Pauloko 32. Biurtekoa (2016); Can-ni-faire, Carreras Mugica (2016); Proceso y Método. (A.T.M.O.T.W.) Xabier Salaberria, Bilboko Guggenheim Museoa (2013); The Society Without Qualities, Tensta Konsthall. Stockholm (2013) eta Inkontziente-Kontziente (Scenario1 about Europe), GFZK, Leipzig 2011.

2008an Gure Artea saria jaso zuen, 2009an Marcelino Botin Fundazioaren Sormen Beka eman zioten eta 2011n, Gasteizko Montehermoso Arte Zentroaren Arte eta Ikerketa Beka. Artium Bildumaz gainera, haren lana bilduma publiko eta museoetan dago ikusgai, besteak beste, Bartzelonako MACBAn, Santanderko Marcelino Botin Fundazioan, Tenerifeko Santa Cruzeko TEAren Bilduman, Sabadell Bilduman, eta Bilboko Arte Ederren Museoan eta Guggenheim Museoan.

Prentsa oharra (pdf)  Lan zerrenda (pdf)  Irudi-eskaera  Arkitekturarik gabeko erakusketa bat 

Xabier Salaberria. Arkitekturarik gabeko erakusketa bat
A1 aretoan, 2021eko maiatzaren 21etik urriaren 3ra
Komisarioak: Beatriz Herráez, Enrique Martínez Goikoetxea
Argitalpena, Lars Bang Larsen-en testuarekin
Lotutako jarduera:Xabier Salaberriaren, Beatriz Herráezen eta Enrique Martínez Goikoetxearen arteko solasaldia. Maiatzaren 21ean, ostirala, 18etan

Lotutako jarduera
Xabier Salaberriaren, Beatriz Herráezen eta Enrique Martínez Goikoetxearen arteko solasaldia.
Maiatzaren 21ean, ostirala, 18:00etan
Sarrera doan. Toki mugatua
Argibideak eta erreserbak: 945 20 90 20

Publicado en Prentsa bulegoa

1992ko Erakusketa Unibertsalerako Mexikon endemikoa den kaktusaren ale bat Sevillara eramateari buruzko ikerketaren emaitza da Cardón cardinal. Z Aretoa programak artearen eta zinemaren hizkuntzak partekatzen dituzten artista eta zinemagileen lau ekoizpen aurkeztuko ditu 2021ean

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Z aretoa programa jarri du abian Patricia Esquiviasen Cardón cardinal filmarekin, 1992ko Erakusketa Unibertsalerako Mexikotik Sevillara 18 tonako kaktus erraldoi bat, kardoi bat, eramateari buruzko ikerketatik sortua. Cardón cardinalen proiekzioa proiektuaren egikaritzearekin lotutako artistaren objektu eta ohar sorta baten bidez kokatuko da testuinguruan. Z aretoak eremu zinematografikoan sartzen diren artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanak ikusgai jartzeko espazioa sortu du Artium Museoan. Maddi Barber eta Marina Lameiro, Rosalynd Nashashibi eta Eric Boudelaire izango dira programa honen parte 2021ean. Garbiñe Ortega ikertzailea eta Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoa da.

Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, esta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimendudun irudia pentsatzeko keinu erabakigarritik sortutako programa da. Hizkuntza zinematografikoa historikoki kategorizatzen duten generoak zalantzan jarriz narrazio-forma berriak bilatzen saiatzen diren egileengana hurbildu nahi dira ikusleak programa honen bidez.

In Defense of the Poor image (irudi pobrearen defentsan) izeneko saiakera batean, Hito Steyerl artistak ekoizpen mediatikoaren berregituraketa neoliberalak izaera esperimentalagoa zuen ekoizpen zinematografikoa nola aldatu zuen deskribatzen du, eremu publikotik desagerraraziz. Dinamika horiek, aldi berean, ekoizpen independenteen zirkulazioeta erakusketa-zirkuitu berriak sortu dituzte, besteak beste, arte-zentroetako aretoak eta museoak. Hala ere, oraingo honetan, Museoaren proiekzio-gela ordeztu beharrean —askotan proposamen honekin bat egiten duen pantaila aktiboa—, ikus-entzunezko ekoizpen horiek gehituz erakusketa-espazioetako ikustaldietan protokolo eta denbora berriak aztertzea proposatzen da.

Programaren dinamika erraza da: film edo film sorta bakoitza Z aretoa esaten zaion horretan begiztan proiektatuko da, gutxi gorabehera bi hilabetez. Filmaren inguruan, elkarrizketa bat egingo da egile bakoitzarekin. Erakusketa-proiektu berri bakoitzarekin, aretoko lanen fitxa tekniko oso bat eta aditu, kritikari eta historialari batzuek eta besteek idatzitako testu espezifikoak biltzen dituen argitalpen bat argitaratzen da, programatutako lanen hedapena, analisia eta gogoeta sustatzeko.

2021. urtearen amaierara arte luzatuko den programa honetako lanak zeharkatzen dituzten gogoeten artean, azpimarratzekoak dira egileek taldearenaren ideiarekiko duten interesa eta haren inguruko ikerketa, eta baita elkarrekin pentsatzen eta lan egiten jarraitzeko eta etorkizun partekatu bat proiektatzeko moduak ere.

Cardón cardinal
Cardón Cardinalek duela 26 urte jazotako gertaera baten bertsio zabala kontatzen du: Kaktus erraldoi bat, 17 metro gora eta 18 tonako Pachycereus pringlei bat, nola eraman zen Kalifornia Behereko basamortutik Mexikoko Pabiloiko lorategira Sevillako 92ko Erakusketa Unibertsalerako. Ordenagailu baten pantailan Mexikora egindako bidaia baten eta Sevillara egindako beste baten irudiak ikusten ditugu, eta aldi berean, Sevillan abandonatutako kaktus herraldoiaren —Kalifornia baxuko balio ekologiko eta etnologiko handiko espezie endemikoaren— presentzia ulertzeko egindako ikerketa baten berri ematen du offeko ahots batek.

Proiektu honen harira egindako argitalpenean, Manuel Asínek azaltzen du: «Cardón cardinalen protagonistetako bat Kalifornia Beheretik Sevillara mirespena sortzeko aitzakiarekin eramandako kaktus erraldoi zoragarri hori da, zeinaren inguruan azkenean aparkaleku bat egin baitzuten»; eta bere buruari galdetzen dio: «Zenbaterainokoa zen pasioa eta zenbaterainokoa erantzukizuna Juan Siles Aguilera ingeniariarengan eta Pedro Ramírez Vázquez arkitektoarengan, arkitekturaren edo lorezaintzaren izenean, hamalau metroko altuera zuen kaktus erraldoi bat Mexikoko basamortutik erauzi zutenean Sevillan birlandatua izateko, ia 10.000 kilometrora, 1992ko Erakusketa Unibertsala zela-eta?»

Patricia Esquivias Caracasen jaio eta Madrilen hazi zen. Londresen ikasi zuen (1997-2001) eta San Frantziskon (2005-2007) zabaldu zituen ikasketak. Ondoko erakunde hauetan erakutsi ditu bere lanak bakarka: Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, Langenhagen Kunstverein-en, Stacion Pristina-n, CA2M Móstolesen, MARCO Vigon, Hammer Museum-en, Reina Sofia Museoan eta White Columns-en. Talde erakusketetan ere parte hartu du, nona batzuk: Querer parecer noche, CA2M, Arte y cultura en torno a 1992, CAAC, Ficciones y territorios, Museo Reina Sofía eta When Things Cast No Shadow, 5. Berlin Biennale für zeitgenössische Kunst.

Patricia Esquivias. Cardón cardinal. Z aretoa.
2021eko maiatzaren 13tik ekainaren 27ra
Argitalpena, Manuel Asín testuarekin. Garbiñe Ortegaren eta Beatriz Herráezen sarrera
Komisarioa: Garbiñe Ortega
Lotutako jarduera: Cardón cardinal-en proiekzioa eta Patricia Esquiviasen eta Garbiñe Ortegaren arteko solasaldia. Maiatzaren 13an, osteguna, 18:00etan

Prentsa oharra (pdf)  Artium Museoaren erakusketak  Irudi-eskaera 

Publicado en Prentsa bulegoa

Euskarri analogikotik sorkuntza digitalerako igaroaldian animazio-irudiaren erabileran eredugarriak diren ikus-entzunezko 8 pieza daude ikusgai erakusketan

Publicado en Prentsa bulegoa

Artistak azken bost urteetan egindako lanen sorta bat aurkezten du erakusketak, batzuk erakusketa honetarako ekoitziak

Publicado en Prentsa bulegoa

Pintura, objektu eta instalazio sorta hautatu bat bildu da erakusketa honetan –horien artean jendaurrean erakutsi gabeko zenbait lan–, artistaren ibilbidera hurbiltzeko

Publicado en Prentsa bulegoa

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa bere lan-ildo nagusiak garatzen dituzten banakako eta taldeko erakusketen programa aurkeztera dator. 2021eko ardatz nagusiak dira, orobat, emakume artistak aldi baterako erakusketen programan eta Bilduman sartzea eta baita ondare publikoa kontserbatzea eta ikertzea ere.

Aurten, gainera, Artium Museoak arte- eta hezkuntza-praktiken arteko loturak aztertuko ditu. Horretarako, hirurogeiko hamarkadaz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoan artearen eta pedagogiaren arteko gurutzaketak eta trukeak jorratzen dituzten bi erakusketa kolektibo egingo dira, eta artearen ikasketak elementu eraldatzaile gisa duen gaitasunari erreparatu izan dioten esperientzia historikoak ekarriko dira gogora. Testuinguru horretan, eta Tabakalera KGNZrekin elkarlanean, JAI (praktika artistikoetarako Institutua) ikasketa-programaren bigarren edizioa egingo da.

Zinema eta mugimendudun irudia ere ardatz nagusi izango dira 2021 programan; izan ere, artistek eta zinemagileek ekoitzitako filmak erakusketa-gune berri batean (Z aretoan) erakusteko proiektu bat jarriko da abian. Maiatzean hasiko da, nazioarteko artista talde batekin, eta guztiak Museora etorriko dira bisitan.

Lorea Alfaro | Gerardo Armesto | Txaro Arrazola | Pentsatzeko leku bat. Euskal Herriko arte-eskola eta -praktika esperimentalak (1963-1973) | Antonio Ballester Moreno | Juncal Ballestín | Maddi Barber+Marina Lameiro | Nadia Barkate | Eric Baudelaire | Katinka Bock | Mariana Castillo Deball | June Crespo | Moyra Davey | Patricia Esquivias | José Félix González Placer | Daniel Llaría | Rosalind Nashashibi | Xabier Salaberria | Zeru bat, hamaika bide. Bigarren bidea / Ondare publikoa eraikiz

Erakusketa programa osoa ikusi (pdf)   Irudi-eskaera 

Publicado en Prentsa bulegoa

Cardón cardinal duela 26 urte jazotako gertaera baten ikerketatik sortu zen: kaktus erraldoi bat, 17 metroko garaierako eta 18 tonako Pachycereus Pringlei bat, Kalifornia Behereko basamortutik Sevillako 92ko Erakusketa Unibertsalerako Mexiko Pabiloiaren lorategira eramatea. Ondoren, kaktusa Sevillako Udalaren esku utzi zen, eta gaur egun, pabiloia izandakoaren aurrien ondoan bizi da.

Bideoak Mexikora egindako bidaia bat eta Sevillara egindako beste bat dokumentatzen ditu. Bidaia horretan, Esquiviasek «galdera-egile» papera hartzen du bere gain (izen hori ematen zieten indigenek espedizio handietan lurralde ezezagunetan barrena abiatzen ziren zientzialariei), jakinduriaz jabetzeari eta hura manipulatzeari nahiz ezkutatzeari hain lotuta dauden esplorazio kolonialetatik urrun. Galdera-egilea, oraingo honetan, ez da zientifikoa, ezta erregearen zerbitzura dagoen inperio bateko agentea ere; emakumea da, artista, eta bere galderekin kontakizun hegemonikoak berrikusteko elkarrizketak abiarazi nahi ditu. Kaktusak, lehen solaskideak, garai askotako testigantza dakar. Haren ezagutza partzial eta zatikatuak taxutzen du bideoaren narratiba.

Patricia Esquivias Caracasen jaio zen 1979an, eta gaur egun Madrilen bizi da. Londresko Central Saint Martins-en (1998-2001) ikasi zuen eta arte ikasketak California College of the Arts-en (2005-2007) sakondu zituen. Ondoko museo eta erakusketa aretoetan egin ditu bakarkako erakusketak: Stacion (Pristina, Kosovo), CA2M (Móstoles), Marco (Vigo), Kunsthalle Winterthur (Suitza), Hammer Museum (Los Angeles), Reina Sofía Museoa (Madril), White Columns (New York).


Argitalpena  Prentsa oharra 

Z Aretoak (zinema) egile garaikideen komunitate bat —beren istorioak hizkuntzaren ahalbideak esploratzeko aukera ematen dien hainbat angelutatik kontatzeko interesa dutenak— ezagutarazi nahi die publikoei, diziplina hori historikoki kategoriatan sailkatzen duten generoak zalantzan jarriz. 2021eko denboraldiaren ezaugarri nagusia kolektibotasunaren ideiari buruz ikertzen duten ikus-entzunezko piezak dira, nola jarrai dezakegun elkarrekin pentsatzen, proiektatzen eta lan egiten (orain inoiz baino gehiago).

Publicado en Erakusketak

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand