do mess with me erakusketan < 3 S P S < 3 BLOOD eta < 3 SPS < 3 INK bideoak daude ikusgai, Eusko Jaurlaritzaren sektore artistikoari laguntzeko planaren barruan 2020an erosiak. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren, azterketa-kasuen eta Zeru bat, hamaika bide erakusketaren barruan egiten diren txandaketen helburua, museoko funts garaikide bikainaren ikusgaitasuna areagotzea da.

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa programaren barruan, Lorea Alfaro artistaren bi bideo aurkeztu ditu, <3 S P S <3 BLOOD eta <3 S P S <3 INK, museoaren bildumarako berriki erosiak (A02 aretoan, 2022ko urtarrilaren 16ra arte). do mess with me erakusketan, bi pieza hauez gain, Alfaroren lanen sorta bat ere bildu da, horien artean Paski eta Paretara, paper margotuarekin egindako piezak, eta Tú re-post bideoa. Lorea Alfaroren eta Rafa Castells argazkilariaren arteko elkarrizketa biltzen duen do mess with me argitalpena ere plazaratuko da erakusketarekin batera. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta museoaren funtsetan sartu berri diren artisten ekoizpena ezagutzera emateko erakusketa sorta bat da.

<3 S P S <3 (2016-2017) seriea, bi bideoak barne hartzen dituena, erretratu modu garaikide bat da. Erretratatuarentzat, trap espainiarraren eszenako abeslari ezagun batentzat, neurrira egindako zetazko alkandora baten diseinuan du jatorria. Lorea Alfaroren ustez, alkandora diseinatzea molde bat egitea bezala da: «Moldea pieza [ALKANDORA] edo pieza multzo akoplatu bat [PATROIA] da, barrutik hutsa, baina lortu nahi den etorkizun solidoaren [HURA] kanpoko xehetasun eta aztarnak dituena. Oro har, molde malgu bat [ZETA] formari eusten dion kontra-molde zurrun [BIDEOA] edo “ama” [AMA] batekin muntatzen da, deformazioa saihestuz [BIDEOA]. Molde malguen abantaila da moldea kentzea finago egiten dela [SILK] eta emaitza hobea lortzen dela; gainera, arinagoa [SILK] eta iraunkorragoa [ARTEA] da».

Egilearen senide batek besaurrean zuen tatuajea errepikatzen da alkandoraren estanpatuan. Erakusketak bi bideo hauen eta aurreko bi lanen —Paretara eta Paski (biniloa hormaren gainean, 2014-2021)— eta ondorengo baten —Tú, re-post (2017) bideoa— arteko harremana erakusten du. Alfaroren lan osoan agertzen diren harreman horiek agerian uzten dute artista honek arreta, zaintza eta denbora mota batetik datozen elementuak, eguneroko objektuetan ez daudenak, bizitzan txertatzeko duen interesa.

Lorea Alfaro (Estella-Lizarra, 1982) artista da. Haren azken lanak ondoko erakusketa hauetan ikusi ahal izan dira: 2020, Jon Otamendirekin batera (Joan Miró Fundazioa, 2021), Un mundo sin cualidades (CarrerasMugica Galeria, 2020) eta No lo banalices (CarerrasMugica Galeria, 2018, 948Merkatua, 2019). 2014 urteaz geroztik (3l3a) LA marka hutsaren bidez lan egiten du.

Bestalde, erakusketa hau dela eta, #Bilduma saileko ale berri bat argitaratu du museoak. Bertan, haren ondare-funts publikoa osatzen duten obra eta artistei buruzko idazle, komisario eta historialarien testuak argitaratzen dira.

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta
Testuinguruak bilduma batetik abiatuta, Lorea Alfaroren erakusketa hau barne hartzen duen programa, Artium Museoaren Bilduma —funts garaikide paregabea, izaera publikokoa, eta ia 2.400 artelanek osatua— ezagutzera ematea helburu duten beste ekimen batzuei gehitu zaie 2021ean. Horrela, Zeru bat, hamaika bide Bildumaren erakusketa iraunkorraz gain, A01 aretoak 1977-2002 aldiaren kronologiari eta haren inguruko ikerketa-lanei lotutako azterketa-kasuak eta erakusketak hartzen ditu. Zeru bat, hamaika bide erakusketari ere aldaketak egiten zaizkio tarteka eta barne-ibilbide berriak sotzen dira. Museoaren argitalpen-programaren barruan #Bilduma sailaren sorrera helburu horren beraren barruan kokatzen da.

Museoaren erosketa-programak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da bere dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen une bati pultsua hartzeko. Hori da Museoaren funtsezko eginkizunetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea.

Daniel Llaría, Nadia Barkate eta Lorea Alfaro dira 2021ean programa honetan parte hartu duten artistak.

Prentsa oharra (pdf)  Irudi-eskaera. Lorea Alfaro  Erakusketa 

Lorea Alfaro. do mess with me. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta

A02 aretoa, 2021eko irailaren 17tik 2022ko urtarrilaren 16ra
Argitalpena: do mess with me. Lorea Alfaro/Rafa Castells. 

 

Publicado en Prentsa bulegoa

Eskultura eta marrazki multzo handi bat da, eta horietatik Tuya gigante, tuya occidental saileko bost akuarela duela gutxi sartu dira Museoaren Bilduman. Museoaren funts garaikide bikainaren ikusgarritasuna areagotzea da Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren, azterketa-kasuen eta Zeru bat, hamaika bide erakusketaren barruko txandaketen helburua.

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, erosi berriak dituen Nadia Barkate artistaren bost urmargo (Tuya gigante, tuya occidental sailekoak) aurkeztuko ditu Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa-programaren barruan (A02 aretoan, 2021eko irailaren 5era arte). Barkateren beste lan batzuek, azken hiru urteetan ekoitzitako akuarela eta beira puztuz egindako eskulturek, ematen die testuingurua pieza horiei. Museoaren funtsetan sartu berri diren artisten ekoizpena ezagutzera emateko erakusketa sorta bat osatzen du Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa programak.

Nadia Barkatek (Bilbo, 1980) marrazkiaren eta haren inertzien bidez garatzen du bere lana. Haren jardunean, halako narrazio-borondate bat dago, egunerokoa, eskuz egindakoa eta hitza lotzen dituena. Tuya gigante, tuya occidental Barkatek 2018an eta 2019an egindako formatu txiki eta handiko urmargo sorta baten parte da. Artistaren esanetan, estudioan bere baitan bildurik egondako uneetan sortu ziren, non kontzentratuta zegoen bitartean eskuekin egiten zituen keinuez jabetu baitzen.

2020an Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren sektore artistikoari laguntzeko planaren barruan erositako bost pieza aurkezten ditu erakusketak. Artium Museoak, Donostiako Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak hautatutako lanek osatutzen duten Bilduma partekatua izeneko funtsaren parte dira. Gainera, bost lan horiei testuingurua emateko beste sei akuarela eta beira puztuz egindako duela gutxiko bost eskultura daude, kasu batzuetan bilduma partikularretatik datozen piezak.

Berriki, Nadia Barkatek ondoko aretoetan erakutsi ditu bere lanak, besteak beste: Okela (Bilbo), Galería MPA (Madril), Galleria Nappa and Studio Mustanapa, (Rovaniemi, 2021), Lìtost Gallery (Praga, 2020), Bombón Projects (Bartzelona,2019), Westfälischer Kunstverein (Münster, 2019), Bilboko Arte Ederren Museoa (2018), Tabakalera (Donostia, 2018), Ethall (Bartzelona, 2018), Azkuna Zentroa (Bilbo, 2018), Carreras Múgica (Bilbo, 2015), Altes Finanzamt (Berlin, 2015), Espai 01(Olot, 2012) eta Montehermoso (Vitoria-Gasteiz, 2010).

Bestalde, erakusketa hau dela eta, #Bilduma saileko ale berri bat argitaratu du museoak. Bertan, haren ondare-funts publikoa osatzen duten obra eta artistei buruzko idazle, komisario eta historialarien testuak argitaratzen dira. Oraingo honetan, Mariano Mayer (Buenos Aires, Argentina, 1971) poeta eta erakusketen komisarioa izan da hautatua. 2002. Urteaz geroztik Madrilen bizi da. Haren azken proiektuen artean ondokoak aipa daitezke Azucena Vieites. Playing Across Papers, Sala Alcalá 31 (Madril, 2020) edo Distancias elásticas: Antonio Menchen y Cecilia Szalkowicz, Centro Párraga (Murtzia, 2019). Fluxus Escrito. Actos textuales antes y después de Fluxus liburuaren egilea da.

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta, Nadia Barkateren erakusketa hau barne hartzen duen programa, Artium Museoaren Bilduma —funts garaikide paregabea, izaera publikokoa, eta ia 2.400 artelanek osatua— ezagutzera ematea helburu duten beste ekimen batzuei gehitu zaie 2021ean. Horrela, Zeru bat, hamaika bide Bildumaren erakusketa iraunkorraz gain, A01 aretoak 1977-2002 aldiaren kronologiari eta haren inguruko ikerketa-lanei lotutako azterketa-kasuak eta erakusketak hartzen ditu. Zeru bat, hamaika bide erakusketari ere aldaketak egiten zaizkio tarteka eta barne-ibilbide berriak sotzen dira. Museoaren argitalpen-programaren barruan #Bilduma sailaren sorrera helburu horren beraren barruan kokatzen da.

Museoaren erosketa-programak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da bere dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen une bati pultsua hartzeko. Hori da Museoaren funtsezko eginkizunetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea.

Daniel Llaría artistak egin zuen lehen erakusketa A02 espazioan, eta Nadia Barkateren ondoren Lorea Alfaro etorriko da.

Erakusketa  Erakusketako lanak Prentsa oharra (pdf)  Irudien eskaera 

Nadia Barkate. Tuya gigante, tuya occidental. Contextos desde una exposición
A02 aretoan, 2021eko maiatzaren 29tik irailaren 5era
Argitalpena: Nadia Barkate. Mi momia. #Bilduma saila. Testuaren egilea: Mariano Mayer.  

Publicado en Prentsa bulegoa

Nadia Barkateren lanak marraztearen berezko espazio-denbora eta inertziak ditu aipagai. Teknikaren eta desioaren arteko zirkulazioaz ere mintzo da, eta baita gorputzean esperientziak uzten duen arrastoaz, identitate, barnekotasun eta bestetasun nozioez ere, besteak beste. Haren praktikan, nolabaiteko narrazio-borondatea dago, egunerokoa, eskuzkoa eta hitza elkarrekin lotzen dituena. Barkatek keinu eta teknika tradizionalak lantzen ditu, mugak gaindituz eta forma edo zehaztasuna, argitasuna edo haluzinazioa galduz.

Tuya gigante, tuya occidental Barkatek 2018an zehar egindako formatu txikiko eta handiko akuarela talde baten parte da. Artistaren esanetan, bere estudioan murgilduta egondako uneetan sortu ziren, kontzentratuta zegoen bitartean eskuekin egiten zituen keinuez jabeturik.

Berriki, ondoko aretoetan erakutsi ditu Nadia Barkatek bere lanak, besteak beste: Okela (Bilbo), Galería MPA (Madril), Galleria Nappa and Studio Mustanapa, (Rovaniemi, 2021), Lìtost Gallery (Praga, 2020), Bombón Projects (Bartzelona,2019), Westfälischer Kunstverein (Münster, 2019), Bilboko Arte Ederren Museoa (2018), Tabakalera (Donostia, 2018), Ethall (Bartzelona, 2018), Azkuna Zentroa (Bilbo, 2018), Carreras Múgica (Bilbo, 2015), Altes Finanzamt (Berlin, 2015), Espai 01(Olot, 2012) eta Montehermoso (Vitoria-Gasteiz, 2010).

Erakusketako lanak  Argitalpena  Prentsa dosierra  

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa-zikloak duela gutxi Bilduman sartu diren artisten ekoizpena ezagutaraztea du helburu. Proposamen honen bidez erakusketa sorta bat abiaraziko da, Museoaren beste programa batzuekin batera Artium Bilduma, ia 2.400 artelanez osatutako izaera publikoko funts garaikide aparta, ezagutarazteko xedez. Esparru horretan, piezak, dokumentuak eta artxiboak museo-funtsetan sartzeak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du. Hori da, zalantzarik gabe, Museoaren eginkizun garrantzitsuenetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea. Bildumaren erosketa-programak helburu hori lortzen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen gaurkoa bezalako une bati pultsua hartzeko.

Publicado en Erakusketak

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, egitarau berezia antolatu du Artiumek, emakumeek praktika artistikoan duten presentziaren auziarekin loturiko hainbat alderdiri buruz gogoeta sustatzeko; emakumeek artean duten presentzia baita, hain zuzen ere, Museoaren proiektuaren zeharlerroetako bat, haren lan eta ikerketa-esparru guztiak ukitzen dituena. Hala, Bigarren bidea irekiko zaio publikoari. Bildumari buruzko Zeru bat, hamaika bide erakusketaren baitan antolatuko den ibilbide sortako berria da, eta artearen eta pentsamendu feministaren arteko loturak izango ditu oinarri. Gainera, Artium Museoak Euskal emakume artisten, eta praktika artistiko eta arte teoria feministak dokumentazio zentroa jarriko du abian: mugimendu feministari loturiko praktika artistikoei buruzko ikerketaren eta hainbat belaunalditako euskal emakume artisten ekoizpenaren lagungarri izango diren iturri bibliografikoak eta dokumentazioa biltzeko, kontserbatzeko eta hedatzeko gune espezializatu bat.

Artium, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, 2002an inauguratu zen, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Legebiltzarraren funtsez osatutako bilduma batean oinarrituta. Funts horiei museoak sortu zenetik erosi dituen obrak gehituz joan zaizkie. 2018an, 2.400 artelan inguru biltzen dituen bildumaren azterketa bat egin zen, eta funtsetan artista emakume gutxi zeudela egiaztatu zen (% 20,8). Harrezkero, herritar guztiei zerbitzurik onena eskaintzeaz arduratzen den erakunde publikoa den aldetik eta euskal errealitatea zein nazioarteko museo-korronte berriak aintzat hartuta, Museoak ildo estrategiko bat ezarri du, artistak artearen historian (edo historietan) sartzearen alde egiten duena eta haien lanak ondarearen funtsezko zati direla nabarmentzen duena.

Bigarren Bidea-ren, Bildumaren ibilbidearen, erako ekimenak bultzatzen dituen lan-ildo berri honen garapenean, martxoaren 8ko ospakizunaren esparruan inauguratzen denean, arte garaikidearen inguruko eztabaiden garapena bere testuinguruan ulertzeko funtsezkoak diren emakume artisten gordailuak eta erosketak sartu dira Museoaren funtsen erakusketan. Ibilbide horretan jarri da ikusgai lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2020an erakunde honen, Tabakalera KGNZren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren artean partekatutako bilduma batera bideratutako funtsekin erositako artelan multzo bat, baita Arabako Foru Aldundiak eskuratutako obrak ere. Besteak beste, Azucena Vieites, Estibaliz Sádaba, Ana Isabel Roman eta Lucía Onzaín artisten lanak izango dira ikusgai Artiumeko aretoetan. Juana Cima artistaren horma-lan batek espazio zentral bat hartzen du erakusketan, Gasteizko Udalaren bildumatik datorren eta 1980an Pintura eta Eskulturako IV Bienalean saritutako.

Ibilbide berri horrekin batera, martxoaren 5ean Euskal Emakume Artisten Dokumentazio Zentroa (Praktika artistiko eta artearen teoria feministak) aurkeztuko da, Museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuari atxikitako gune espezializatua. Proiektu horrek Museoaren ildo estrategiko bat indartzen du, parekotasunetik abiatuta lan egitea helburu duena. Zentro hori, gainera, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren bilduman dauden Euskal Herriko emakume artisten lanen artxibo dokumentala da, eta baita erakusketa-programen bidez elkarrizketak sortzen diren emakume artistena ere.

Horrela, Dokumentazio Zentroak eginkizun bikoitza betetzen du: batetik, museoak bere funts eta artxiboetan emakume artistak sartuz bilduma osatzeko egindako aurrerapenak erakusten ditu, eta, bestetik, testuinguruko artisten lanak eta irudiak ezagutzeko eta aztertzeko aukera ematen die komunitate artistikoari eta herritar guztiei.

Prentsa ohar osoa (pdf)  Lan zerrenda  Irudi-eskaera  

Erakusketa 

Publicado en Prentsa bulegoa

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa bere lan-ildo nagusiak garatzen dituzten banakako eta taldeko erakusketen programa aurkeztera dator. 2021eko ardatz nagusiak dira, orobat, emakume artistak aldi baterako erakusketen programan eta Bilduman sartzea eta baita ondare publikoa kontserbatzea eta ikertzea ere.

Aurten, gainera, Artium Museoak arte- eta hezkuntza-praktiken arteko loturak aztertuko ditu. Horretarako, hirurogeiko hamarkadaz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoan artearen eta pedagogiaren arteko gurutzaketak eta trukeak jorratzen dituzten bi erakusketa kolektibo egingo dira, eta artearen ikasketak elementu eraldatzaile gisa duen gaitasunari erreparatu izan dioten esperientzia historikoak ekarriko dira gogora. Testuinguru horretan, eta Tabakalera KGNZrekin elkarlanean, JAI (praktika artistikoetarako Institutua) ikasketa-programaren bigarren edizioa egingo da.

Zinema eta mugimendudun irudia ere ardatz nagusi izango dira 2021 programan; izan ere, artistek eta zinemagileek ekoitzitako filmak erakusketa-gune berri batean (Z aretoan) erakusteko proiektu bat jarriko da abian. Maiatzean hasiko da, nazioarteko artista talde batekin, eta guztiak Museora etorriko dira bisitan.

Lorea Alfaro | Gerardo Armesto | Txaro Arrazola | Pentsatzeko leku bat. Euskal Herriko arte-eskola eta -praktika esperimentalak (1963-1973) | Antonio Ballester Moreno | Juncal Ballestín | Maddi Barber+Marina Lameiro | Nadia Barkate | Eric Baudelaire | Katinka Bock | Mariana Castillo Deball | June Crespo | Moyra Davey | Patricia Esquivias | José Félix González Placer | Daniel Llaría | Rosalind Nashashibi | Xabier Salaberria | Zeru bat, hamaika bide. Bigarren bidea / Ondare publikoa eraikiz

Erakusketa programa osoa ikusi (pdf)   Irudi-eskaera 

Publicado en Prentsa bulegoa

Gerardo Armestok (Vitoria-Gasteiz, 1949) 1981 eta 1990 urteen artean bideoz egindako lanak aurkezten ditu erakusketa honetan. Pieza horiekin batera —duela gutxi sorta garrantzitsu bat sartu da museoaren funtsetan—, marrazki-koaderno batzuek, maketek eta objektu eskultorikoek koherentziaz lotzen dituzte artistaren ekoizpena eta haren pertzepzioari buruzko garapen teorikoak eta analisiak. Erakusketa Bildumaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian izeneko proiektuko beste azterketa-kasu bat da.

Laurogeiko hamarkadan eta laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Armestoren lana ikus-entzunezko prozesuen azterketan oinarritu zen. Pertzepzioaren analisia eta kokapenaren, kolorearen, argien eta bolumenen arteko harremana espazioan, irakaskuntzari aplikatua, izan ziren eragileak bere lanean mugimenduan dagoen irudiarekiko interesa pizteko. Francisco Ruiz de Infantek, hamarkada hartan lantegiko lankide izan zuenak, dioen bezala: «Aitzindari izateak hutsegiteen eta denbora errealean izandako esperientziaren jolasa ahalbidetzen du. Koloreak, itzalak eta argiak bolumenak sortzen al dituzte? Bai! Kuboa ere adierazpenerako euskarria al da? Eta aurpegia? Jakina! Simulakroak azalera adierazkorrak dira beti argiari esker».

Erakusketak euskarri analogikotik sorkuntza digitalerako igaroaldian animazio-irudia erabiltzen funtsezkoak diren ikus-entzunezko 8 pieza, erreferentziazko lanak, aztertzen ditu. Horietan, berrikuntza teknikoarekin batera, ikuspuntuak, proiekzio geometrikoak eta euskarriak hartzen dute protagonismoa, eta haien izaera zehatz eta definituak eraikuntza finkatu eta irreal bat erakusten digute, aldi berean, mugimenduan dagoen ikuspuntu geldiezinak errealitatearen irudi desitxuratua, konplexua, itzultzen digula.

Pinturan egindako lehen lanen ondoren, irakaskuntzan erabilitako formaren, kolorearen eta argiaren pertzepzioa aztertzea izan zen Madrilgo Bideo Jaialdi Nazionalean saritutako 1981eko euskarriaren hautaketa bezalako lanen eztanda-eragilea, eta baita ondoren analogikoki eta esperimentazio digitalaren bidez garatutako animazioena ere. Orain ikusgai dagoen mugimendudun irudizko Disfraces para un cubo II izeneko lehen lan horietako batek Espainian sortzen hasi berria zen bideoaren erreferentziazko La imagen sublime erakusketan parte hartuko zuen, 1987an MNCARSen antolatua.

Erakusketako lanak  Argitalpena  Prentsa 

Publicado en Erakusketak

Artista hauek artearen bigarren bide hori jorratzen hasi ziren, iruditeria berriak sortuz eta artearen erakundea zalantzan jarriz

Publicado en Erakusketak

The Get-Rich laneko jantzien (buzoa, bata) deseraikitzean eta elementu industrialekin (zementua, packaging-ak, zingilak, metala) duten harreman fisikoan oinarritutako eskultura sail zenbakitua da. Piezak klase-identitateari buruzkoak dira, espazio-denboran langile fordista (ezizenez peoi sindikatua) eta postfordista (ezizenez sortzaile freelance) bereizten dituena. Hemen, guraso sindikalista batzuk bezain solemnea den proto-nostalgia lunpenproletarioa iradokitzeko erabiltzen da eskultura, eta haien ondorengo sortzaileak bezain zinikoa (edo alderantziz). Izenburuak, «Aberastu-zaiteztarrak», hip-hoparen hizkuntzaren isuriaren mende jartzen du eragiketa hau guztia. Zuzenean intelektualismora jotzea da helburua, zeinarentzat langileriak ez baitu berezko ideologiarik eta botereak eman diona —prekarioki— egokitu besterik ez baitu egiten. Hemen, artista errealitate horren adibide gisa aurkezten da, bere errealitatea arte-objektu gisa kapitalizatzeko get-rich-quickscheme delakoaren alde eginez.

Llaría Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. 2015ean New Yorkera joan zen bizitzera, Fulbright beka bati esker, eta Parsons The School for Design eskolan arte-master bat egin zuen. Haren prestakuntza Skowhegan School of Painting and Sculpture eskolan osatu zen 2017ko udan. Talde-erakusketa ugaritan parte hartu du: Antes que todo (2010, CA2M), First Thought Best (2014, Artium) edo Itzuli Barik (2019, Kulturate). Bakarkako erakusketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: think local fuck global (2009, Montehermoso), aita camp da (2019, Carreras Múgica) edo Holes and Poles (2020, BilbaoArte).

Testuinguruak Bildumatik abiatuta erakusketa-zikloa Museoko A02 gunean jarriko da abian, duela gutxi Bilduman sartu diren artisten ekoizpena ezagutarazteko. Proposamen honen bidez erakusketa sorta bat abiaraziko da, Museoaren beste programa batzuekin batera Artium Bilduma, ia 2.400 artelanez osatutako izaera publikoko funts garaikide aparta, ezagutarazteko xedez. Esparru horretan, piezak, dokumentuak eta artxiboak museo-funtsetan sartzeak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du. Hori da, zalantzarik gabe, Museoaren eginkizun garrantzitsuenetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea. Bildumaren erosketa-programak helburu hori lortzen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen gaurkoa bezalako une bati pultsua hartzeko.

Publicado en Erakusketak

Erakusketak praktika artistikoak, adierazpen kulturalak eta prozesu historikoak lotzen ditu elkarrekin, gertaera politiko, sozial eta kultural handiak izandako 25 urteko aldi batean.

Publicado en Prentsa bulegoa

1977. urtea da Zeru bat, hamaika bide erakusketaren abiapuntua, gertaera politiko, sozial eta kultural handien garaiaren hasiera. Bi hamarkada baino gehiago hartzen duen erakusketa hau 2002. urtean amaitzen da, Artium Museoa ireki zen urtean.

Jardun artistikoak, kultura-adierazpenak eta prozesu historikoak lotuz, erakusketak, besteak beste, honako gai hauek jorratzen ditu: aldi horretan gertatutako instituzionalizazio-prozesuak, artisten parte-hartzea kultura-politiken eraketan, jardun artistikoen eta gizarte-mugimenduen arteko gurutzaketak, kontzientzia feminista sortzea edo XX. mendearen amaieran tokikoaren eta globalaren artean izandako tentsioak.

Zeru bat, hamaika bide narratiba ireki, integratzaile eta etengabe eraikitzen ari den baten eran planteatu da. Ehun artelan, dokumentu eta artxibo-material baino gehiago biltzen ditu Museoko aretoetan, eta ibilbide bat egiten du proiektuak hartzen duen mende-laurdenean sortutako adierazpen-aniztasunean barrena.

Laino guzien azpitik… eta sasi guztien gainetik.

Joxan Artzeren esaldiak, bere konjuru-formularekin, ekintza-eremu zehatz bat seinalatzen zuen 1973an. Hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik geratzen zena frankismo berantiarra zen. Planoa gehiago irekiz gero, argi geratzen zen diktaduraren amaierako faseak iragartzen zuen ezorduko irekiera beste itxiera batekin batera bizi zela, modernitatearen eta haren proiektu utopikoen itxierarekin, hain zuzen.

Jarraitu irakurtzen +

Artzeren esaldiak mugatzen zituen ekintza-eremuaren mugak eta aukerak demokraziarako trantsizioaren hasieran azalduko ziren. Poetaren beste esaldi batek, Martxa baten lehen notak, Mikel Laboaren 1977ko —erakusketa hasten den urteko— kanta bati eman zion izena. Abestiak une hartako ilusioaren eta ziurgabetasunaren nahastea jasotzen du: oraindik moldatu gabe zegoen martxa baten lehen noten aurrean geunden, eta ez zen ez hileta-martxa eta ez militarra, zibila baizik. Lau hamarkadatan isilik egon ondoren, elkarrekin aurrera zihoan jendez betetzen hasi ziren kaleak, era guztietako eskariekin: lanekoak, feministak, gay eta lesbianenak, auzo elkarteenak, ekologistenak... Herriaren presioari erantzunez, aldaketa politikoak ez ziren luzatu. Urte horretan bertan, 1977an, lehendabiziko hauteskunde orokorren aurretik, prentsa-askatasuna eta elkartzeko askatasun politikoa dekretatu ziren.

Asaldura- eta indarkeria-giro orokor baten erdian, Euskal Herria Estatuko mobilizazio-gune aktiboenetako bat izango zen. Zenbait faktoreren bat egiteak —hala nola diktaduran erreprimitutako sentimendu nazionalistaren errotzeak edo gainbeheran zegoen industria-eredu baten ondoriozko arazoek— laguntzen du mobilizazioaren bultzada ulertzen. Kaleez gain, inguruko beste espazio batzuek ere zeregin garrantzitsua izango zuten, eta kulturaren zentralitatea seinalatuko zuten gizarte-dinamizatzaile gisa: 1977ko irailean, Donostiako XXV. Zinemaldia egin zen, «Herriaren Zinemaldia» esan zitzaiona; urte horretako abenduan, orduko Bilboko Unibertsitatearen Leioako campusean Euskal Herriko lehen jardunaldi feministak egin ziren; 1978ko ekainean, San Mamesko futbol zelaia bete egin zen euskararen aldeko Bai Euskarari jaialdia zela-eta.

Trantsizioaren hasierako ziurgabetasun eta aukera testuinguruan, egoera berriaren eskakizunen zerbitzura jarri zen artea. Euskal Eskolako artistek herri-eskaeretarako eta, esparru politiko-administratibo berria zehaztu ahala, erakunde berrientzat sinbolo grafikoak sortzeko zeregina hartu zuten beren gain. Haien irudikapenak ere lurraldean barrena hedatuko ziren. Abstrakzio geometrikoaren hizkuntzaren jarraitzaile, forma eskultorikoak hain modu arrakastatsuan kokatu ziren paisaian, ezen laster ikusiko baitziren euskalduntasunaren elementu bereizgarri gisa, eta, hala, arteak identifikazio kolektiboko sinboloak sortzeko duen eraginkortasuna erakutsiko zuen.

Trantsizio garaian Euskal Herriko artistek izandako inplikazioa ez zen mugatu errealitate berriak irudikatzeko irudiak ematera. Kultura-politika publikoen diseinuan ere aktiboki parte hartu zuten. Hala, arte-moduak gizarte-espazioaren barruan nola artikulatu daitezkeen pentsatzeari ekin zioten, ekintza-eremu mugatu batean arteak duen botere soziala eta politikoa zein den pentsatzeari.

Subjektu kolektiboaren irudia goraipatzen den une batean, hura alde guztietan kaleetan barrena doazen gorputzen bilera gisa irudikatzen den une batean, praktika batzuek bide alternatiboak hartuko dituzte, estudioko esperimentazio isilera edota emakume-gorputz zehatz eta kokatuen bidez ekintzak burutzera bideratuak. Biak ala biak Artzek aipatzen zituen hodeiek eta sasiek mugatutako ekintza-eremu horren bertsio posible gisa aurkeztuko dira. Lehen bertsioan, Elena Asins-en pinturaren abstrakzio zorrotz eta estrukturala, arte kontzeptualaren eragin sakona duena. Bigarrenean, Ejercicios corporales, Esther Ferrerrek 1975ean grabatuko duen ekintza sorta, artista biluzik gela baten barruan hara eta hona dabilela erakusten duena. Azken minutuetan, artista eta kamera leihora doaz, Parisko zeruaren eta teilatuen bista batera zabalduz, ekintza-eremu mugatu horren beste ikuspegi batera.

Ilgora

Plenilunio en Fitero poema bisualean, 1981eko ekainaren 10eko gauean ilargia zerutik igarotzearen bi une jasotzen zituen Jorge Oteizak. Egun horretan bertan, Estatuko Aldizkari Ofizialak «Industria-birmoldatzeko neurriei buruzko lege-dekretua» argitaratu zuen. Hurrengo urteetan, neurri horiek ezartzeak eraldaketa sakonak eragingo zituen lurraldean. Zahartutako industria astun bat eraisteak euskal lurraldean, Nerbioi ibaiaren arroan bereziki, industriondoko aurrien paisaia bat sortuko zuen. Orduan berria eta gaur egun desagertua, paisaia horrek langabezia-tasa handiak, desilusioa orokortzea eta lurzoru kutsatuak ekarriko zituen.

Jarraitu irakurtzen +

Eredu ekonomiko neoliberal berria ezartzearekin batera, mundua berrantolaketa baterantz zihoan, 1989an Berlingo harresiaren erorketarekin ziurtatua. Aro postmoderno gisa definitu zenaren hasierarekin, ideologien amaiera iragarri zen. Kanpo alderik gabeko mundu batean, kapitalismoaren logika gailendu zen gauza guztien gainean, kultura barne. Teorialari batzuek aldaketaren berri ematen zuten, eta kapitalismoaren fase berrian kulturak izango zuen zentralitate gatazkatsuaz ohartarazten zuten.

Horretaz guztiaz ohartu gabe, ilargiak zerua zeharkatzen eta fase batetik bestera igarotzen jarraitzen zuen. Laurogeiko hamarkada postmodernoan, zeruko gorputza irudi errepikaria izango zen. Krepuskuluaren, gauaren eta haren distiren sinbolo, ilargiaren irudia azpikulturaren urratzearekin, hedonismoarekin, drogekin esperimentatzearekin eta genero-maskaradarekin lotuko zen. Baita heriotzarekin ere. «Hilen argi» da «ilargi»-rekin lotzen den etimologietako bat. Euskal Herrian, krisi ekonomikoarekin batera, komunikabideetan «euskal gatazka» izenez ezagutzen zenaren ondorioek iluntzen zuten paisaia.

Une latza izan arren, egoera politikoa aldaketetara eta mugimenduetara zabaltzen zen. Lehen kultura-politikak aplikatzen hasi ziren. Ia azpiegiturarik ez zegoenez, lehendik zegoenetik abiatuko zen. Bilboko Arte Ederren Eskola zaharra Fakultate bihurtu zen. Punkaren nihilismoak eta erlatibismo postmodernoak markatutako une batean, fakultate horretatik ateratako artisten belaunaldi batek galdetzen zion bere buruari zer egin, nola erantzun une historikoaren beharrei banakako sortze-prozesu baten bidez. Batetik, bertako tradizioa jasotzen zuten, berezkoa, beraz, Oteizaren obra eta irudi modernoek gorpuzten zutena, biak boteretsuak eta magnetikoak. Bestetik, nazioarteko korronteak zeuden, urrutikoak eta kosmopolitak izanagatik besteak bezain berezkoak, ahaltsuak eta magnetikoak.

Malenkoniaren eta urruntze ironikoaren artean, kide izateko nahiaren eta urruntzeko beharraren artean, artista horiek ingurune eskultorikotik erantzungo zioten jasotako tradizioari. 1983an sortu zen Bilbon EAE, Euskal Artisten Elkartea —eta, Vitoria-Gasteizen, AAdA, Asociación Alavesa de Artistas. EAEk artista talde bat biltzen zuen, Euskal Eskolaren eragina eta gizartean txertatzeko nahia agerian uzten zituen izen batekin. Estudioetara itzultzen eta merkatua loratzen ari zen une hartan, EAE aktibismo politikoaren keinuak eta moduak hartuz zihoan, artearen testuinguruan aplikatzeko eta ordezkari publikoek kulturapolitiketan parte har zezaten eskatzeko. Taldea 1985ean desegingo zen. Urte horretan bertan, Mitos y delitos erakusketak «Euskal Eskultura Berria» etiketa ekarri zuen. Ez ziren denak izen horrekin identifikatuko.

Artisten konpromisoak beste era batzuk hartu zituen urte haietan, ekintza kolektiboaz gain. Batzuek aretoak zuzentzen zituzten, beste artista batzuen erakusketak antolatzen zituzten eta arteari buruz idazten zuten. Artisten lanari buruz bitartekari-lana eta gogoeta egingo zuen egitura eta irudirik ez zegoenez, beraiek hartzen zuten beren gain zeregina. Jarrera hori eredu izango zen hurrengo belaunaldirako, jada autogestioaren azpikulturamoduetan hazten ari zen belaunaldirako.

Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, ordura arte eztabaida publikotik kanpo geratutako gaiak garrantzia hartuz joan ziren. GIBak, odolaren bidez eta sexu-kontaktuaren bidez transmititzen zen birus batek, epidemia global bat eragin zuen, HIESaren krisia izenez ezagutuko zena abiaraziz. Taldeiruditerian, gaixotasuna praktika klandestinoekin, gauarekin, lotuko zen. Praktika horiek gorputz-eremura eramango zituzten lehen abangoardietako arteari lotutako zenbait ezaugarri: esperimentazioa, transgresioa eta ezarritako arauak urratzea. Historia pribatu eta pertsonaletatik haratago, gutxi izan ziren gaixotasunaren eta artearen arteko elkartzeak eta gurutzaketak. Horietako batek —Pepe Espaliú-ren Carrying, 1992ko irailean Donostiako kaleetan burutu zen ekintza kolektiboa—«gorputz gaixoa» jarri zuen eztabaidaren erdian, eta arteak bere une historikoko larrialdiei erantzuteko zuen ahalmena erakutsi zuen.

Lur azpiko urak, ur azpiko lurrak

Ura lur azpian, lurra ur azpian. Hizkuntzak gauzen esanahiekin jolasteko, haiek aldatzeko eta zentzu berriak sortzeko aukera ematen du. Mundua alderantziz jartzea. Ordena alderantzikatzea. Ikusten dena aldatzea.

Jarraitu irakurtzen +

Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako argazki sail bat. Neska gazte bat erakusten du, pijama jantzita eta buruko ilea larru-arras moztuta duela, hozkailu baten barrura begira. Itziar Okarizen Variations sur la même t ‘aime (1991-1992) lanean, burua Lurraren itxuran aurkezten da, ilea kontinenteen eran eta azala ozeanoen itxuran. Ilea irudi gisa, azala atzealde gisa eta burua eskultura gisa.

Artelanek hizkuntzarekin egiten dute lan, eta horregatik dira kultur ekintzak. Hala, desordena sortzen dute. Sortzen dituzten etenek, ordea, ezaugarri bitxi bat dute: sinbolikotasunaren eremua ez gainditzea, ibilera orokorretik at mantentzea eta ordena berririk ez ezartzea. Lehen hor ez zeuden irudikapen kritikoak dira.

Okarizen lanak atzealdea eta irudia gainjartzeko bere bertsio berezia eskaintzen zuen urte beretan, munduaren itxura aldatuko zuten eraldaketa azkar eta sakonak hastapenetan zeuden. Aldaketak azkartuz zihoazen. Teknologia berriek planetako puntu guztiak elkarrekin lotzeko aukera ematen zuten. Teknologietarako sarbidea orokortu ez bazen ere, Internetek lurralde birtual bat marrazten zuen, zeinaren ingeradak mugarik gabe zabaltzen zirela baitziruditen. Eta, espazio digitala zabaltzearekin batera, lurralde fisikoa estutu egiten zela zirudien. Dena gero eta azkarrago eta gero eta gertuago, globalizazio-prozesuek tokian tokiko berezitasunak lausotzen zituzten. Ordura arte desberdinak eta urrutikoak ziren jendeak elkartzeko aukera ere ematen zuten. Mundu globalizatuan, kultura-itzulpena behar bat zen.

Kapitalismo globalaren garaian —postindustriala, aurreratua, kognitiboa, finantzarioa… ere esaten zaio—, deslokalizazioa, tertziarizazioa edo prekarietatea bezalako kontzeptuak agertu ziren. Artisten lan egiteko moduak ere aldatzen ari ziren. Baita beren lan esparrua ere. Estudio bat koaderno batean edo ordenagailu batean sartzen zen. Artistak zeuden lekuan zegoen.

Urte horietan, museo eta arte zentro berriak ugaldu egin ziren. Horietako batzuek modu zuzenean erantzungo zieten artisten behar berriei. Horren adibide Arteleku izango da, esperimentu berezia eta elkartrukerako lekua. Praktikaren eta diskurtsoaren arteko trukea, baina, batez ere, artisten artekoa. Hala, Donostiako arte zentroko lantegiek bertako eta beste leku batzuetako artistak elkartzea ahalbidetuko zuen. Baita belaunaldi bateko eta besteko artistak ere.

Laurogeiko hamarkadan Euskal Eskultura Berriak erakutsi zuen bezala, emankorra izateko, belaunaldi baten eta aurrekoaren arteko elkarrizketak identifikazioaren eta kontra egitearen artean mugitu behar du, nahitaez. Laurogeita hamarreko hamarkadako belaunaldiaren haustura elementuetako bat kontzientzia esplizituki feminista batetik lan egingo zuten emakume-artistak agertzea izango da. Feminismoaren eta azpikulturaren esparru teorikoa eta haren tresnak —jabetzea, baliabideen ekonomia, «zerorrek egizu» (DIY)…— funtsezko erreferentziak izango dira artista horien praktiken eraikuntzan. Baita haien belaunaldiko gizon artistena ere.

Baina, zalantzarik gabe, urte horietako etenaldiaren elementu nagusia globalizazio prozesuak izango dira. Euskal testuinguruan, Guggenheim Bilbao Museoaren inaugurazioa izango da globaltasunaren eta tokikoaren arteko tentsioaren adibide 1997an, «Bilbo efektuaren» eta hiri-eredu berri baten ikur. Paisaian agertu ziren eta globalizazioak sortutako eraldaketa prozesuak azkartzen lagundu zuten elementu berrietako bat izango zen eraikina.

Homogeneizaziorako joera eta tokian tokikoari lotutako zeinuak desagertzeak eragindako antsietatea handitzen ziren unean, artistek zeinu horiek berak erabiliko zituzten lanerako. Aldatzen ari zen paisaia baten eta gero eta ezegonkorragoa zen zoru baten aurrean, mende aldaketaren tentsioak eta ziurgabetasunak esploratzeko bitarteko eraginkor gisa agertuko ziren artelanak. Desordenak eta etenak eragiteko. Errealitatea kritikoki irudikatzeko. Ordena hausteko. Kanpoan jartzeko. Hizkuntza-eragiketatik egiteko. Lur azpiko urak, ur azpiko lurrak.

 

Jaitsi liburuxka  Prentsa oharra 

Komisariotza: Xabier Arakistain, Miren Jaio, Elena Roseras, Beatriz Herráez.
Proiektuaren koordinazioa: Daniel Eguskiza. Diseinua: Gorka Eizagirre

Inaugurazioa: otsailaren 7an, ostirala, 19:30etan

Museoaren bildumako lanez gainera, erakusketa honek azken urtean erakundearen funtsetan sartu diren gordailuak, dohaintzak eta erosketak biltzen ditu, eta baita Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatutako Gure Artea lehiaketako lan multzo garrantzitsu bat ere.
Era berean, partikularren eta erakundeen lanak eta artxiboak ere biltzen ditu erakusketak, ondokoenak, esate baterako: Kutxa Fundazioa, Sancho el Sabio Fundazioa (Fundación Vital Fundazioa), Euskadiko Filmategia, Jorge Oteiza Fundazio-Museoa, Arteleku Artxiboa / Gipuzkoako Foru Aldundia, ASAC - Archivio Storico delle Arti Contemporanee (Fondazione La Biennale di Venezia), Euskal Herriko Unibertsitatea / Universidad del País Vasco eta «Maite Albiz» Emakumeen Dokumentazio Zentroa.

Publicado en Erakusketak
1. orrialdea (guztira 11)

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand