Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, eta 2022tik aurrera Oteiza Museoaren parte-hartzearekin, elkarlanean antolatzen duten JAI —Jardun Artistikoen Institutuaren— ikerketa-programa Gasteizko museoko lantegi eta espazioetan hasiko da. Datozen bi hilabeteetan, JAIren zazpigarren deialdian hautatutako hamasei lagunek parte hartuko dute ikasketa-programa honetan, eta irakasleak erakunde bakoitzaren programei lotutako nazioarteko artistak izango dira. Abuztuaren 3tik aurrera, Tabakaleran izango dira, eta, aurretik, egonaldi bat egingo dute Oteiza Museoan. JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da, eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu.
Jardun Artistikoen Institutua (JAI) Artium Museoaren eta Tabakaleraren ekimena da, eta 2022. urteaz geroztik Oteiza Museoaren lankidetza du. Programak arteen arloko profesionalak trebatzen laguntzea du helburu. JAIk ezagutzaren transmisioan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean trukerako espazioak eraikiz.
Ezagutzaren transmisio hori indartzeko, JAIko irakasleak zazpigarren edizio honen deialdia sustatzen duten erakundeen erakusketa-programa eta programa publikoen parte dira. 2026ko irakasleak Mariana Castillo Deball (Mexiko Hiria, 1975), Louidgi Beltrame (Marseilla, 1971), Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Maddi Barber (Lakabe, 1988), Debris Stevenson (Londres, 1990) eta Carla Filipe (Vilanova da Barquinha, 1973) dira. Tutoreak, berriz, Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975), Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Ibon Aranberri (Itziar-Deba, 1969) artistak dira.
Prestakuntza-saioak uztailaren 1etik abuztuaren 28ra bitartean egingo dira. Ikastaroa Artium Museoan hasiko da, eta ikasleak hilaren 26ra arte egongo dira bertan. Ondoren, uztailaren 29tik abuztuaren 1era, egonaldi bat egingo dute Altzuzako Oteiza Museoan. Abuztuaren 3tik aurrera, Tabakalerak hartuko ditu ikasketa-programarekin jarraitzeko, abuztuaren amaierara arte.
JAI ikasketa-programa arte-jardueraren inguruko solasa eta haren gaitasunari buruzko elkarrizketak zabaltzeko aukera ematen duen baliabidea da, eta baita horren inguruan sortutako lengoaietan eta subjektibazio moduetan sakontzeko bidea ere. Ikastaroaren dinamika artista-irakasle bakoitzak prozesu horien ikuspegi berezia emateko diseinatuta dago. Hori dela eta, programaren metodologia lantegiaren espazioan eta praktika zehatzen bidez sortzen diren harremanetan oinarritzen da, teoria hutsean baino gehiago.
JAIren zazpigarren deialdira baldintza teknikoak betetzen zituzten 45 hautagai aurkeztu ziren. Horien guztien artean, programaren ikasketa-batzordeak (Itziar Okariz, Alejandro Cesarco eta Ibon Aranberri tutoreak, Catalina Lozano Artium Museoko komisario burua eta Oier Etxeberria Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) 16 aukeratu zituen, txostenean aurkeztutako lanaren interesa, kalitatea eta hautagaiek beren aurkezpenean adierazitako helburuak ikasketa-programaren ildoetara zenbateraino egokitzen ziren kontuan izanda. Hautaketak parekotasun-irizpideak ere izan ditu kontuan, eta, azkenean, talde anitz eta askotarikoa osatu da parte-hartzaileen jatorri geografikoari, belaunaldien arteko harremanari eta arte garaikidearen hizkuntza eta diziplinen aniztasunari dagokienez. Batzordeak, gainera, sei parte-hartzaileri matrikula- eta mantenu-bekak ematea erabaki zuen.
Sarrerak Online
Denda Online