Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Rosalind Nashashibi. Get Me A Stone erakusketa aurkeztu du [A1 aretoa, 2026ko azaroaren 1era arte], Rosalind Nashashibi (Londres, 1973) artistaren bakarkako erakusketa bat, 2021etik 2026ra ekoitzitako margolanak eta Occupation of The Inner Life (2026) filma aurkezten dituena. Erakusketan bildutako lanek Gazako Zerrendaren egungo egoerarekiko inplikazio afektibo eta politikoa islatzen dute. Aita palestinarraren alaba, Nashashibik hainbat lan eskaini dizkio historian zehar era guztietako indarkeria jasan duen lurralde bati. Erakusketaren komisarioak Beatriz Herráez eta Catalina Lozano dira, hurrenez hurren Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren zuzendaria eta komisario burua. Erakusketaren esparruan, Artium Museoak #Hitzak saileko beste ale bat argitaratu du, komisarioen eta Elena Narbutaitere artistaren (Vilna, Lituania, 1984) testuekin. Inaugurazioa dela-eta, artistaren eta Mahmoud Alshaer olerkari eta komisario gazatarrak topaketa irekia antolatu du museoak gaurko 18:00etarako. Sarrera doan izango da eta lekua mugatua.
Get Me A Stone erakusketak Rosalind Nashashibiren (Londres, 1973) margolan batzuk aurkezten ditu, 2021 eta 2026 bitartean ekoitziak, eta Occupation of The Inner Life (2026) pelikula. Lan horiek Gazako Zerrendaren egungo egoerarekiko artistaren inplikazio afektiboa eta politikoa islatzen dute.
Nashashibik bere lanean darabiltzan bi bitarteko nagusiak —zinema eta pintura— elkarrekin oso loturik daudela agerikoa izan arren, aipatutako sailaren kasuan bada zerbait pinturak indar bereziarekin azaleratzen duena eta azken bi urte eta erdian ikusi ditugun irudien basakeria indargabetzen duena, indarkeria horren beharrezko aitorpenari bizkarra eman gabe.
Bada ekintza piktorikoan sortzen den espazio bat irudikapena gainditzen duena. Espazio horretan sinbolikoa adierazpen hutsa gainditzeko modu gisa agertzen da, baina baita afektuak —kokalekuak— aktibatzeko modu gisa ere. Nashashibiren ustez, pinturaren historiak konposizioari buruzko etengabeko hausnarketa eskaintzen du, obra jakin batzuk agertzen diren une historikoei dagokienez. Baina pintura, agian, distantzian irauten duenarekin harremanetan jartzeko modu bat ere bada, erbesteak ezartzen duen distantzia lantzeko modu bat.
Izenburuan aipatzen diren harriak erresistentzia-sinboloak dira. Margolan batzuetan eskuak ageri dira harriei eusten, menderatzaileari aurre egiteko lehenengo keinu gisa. Harriek, mineralek, bizitza egiten den arkitektura bat eraikitzen dute, baina okupazioaren zapalkuntzaren aurrean matxinatzeko espazio bat ere ematen dute.
Historiak eta oroimenak materialtasun batzuk ehuntzen dituzte Nashashibiren obran, jarraitutasunaren ideia bat berresten duten mamuzko uneak eraikitzen dituen egunerokotasuna, determinismoei aurre egiten dien denborazkotasunarena, etorkizun baten baieztapenari eusteko beharrezkoa dena. Oheek, arropak, UNRWAren siglek, ehundura lausoz egindako paisaia urrun eta etengabe bat osatzen dute.
Get Me A Stone erakusketan Occupation of The Inner Life (2026) pelikula ere agertzen da margolaritzaren jarduna —bai ekoizpen-prozesuan, bai ikusgai jartzean—, familia-egoerekin lotzen duena eta, azken batean, zeregin artistikoaren eta konpromiso politikoen azpian dauden afektuak aipatzen dituena.
Rosalind Nashashibik 2021ean bere filmografiako bi pieza erakutsi zituen Artium Museoan, Z Aretoa programaren esparruan, erakusketa prestatzeko egonaldian egindako A Wider Kind of Love margolanarekin batera. Lan hori 2023an sartu zen museoaren funtsetan. Duela gutxi erositako Nashashibiren Electrical Gaza (2015) filma ere bildumaren parte da. Bi lan horiek museoko A2 Aretoan daude ikusgai gaur egun, Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean talde-erakusketan.
Get Me A Stone erakusketa dela-eta, Artium Museoak #Hitzak sailaren 30. alea argitaratu du, Rosalind Nashashibiren lanaren inguruan. Komisarioen ekarpenez gain, argitalpenak Elena Narbutaitè (Vilna, Lituania, 1984) artistaren bi testu jasotzen ditu, bat oraingoa eta bestea lehen aldiz 2025eko azaroan Londresko Royal College of Art-en draught aldizkari digitalaren 1. zenbakian argitaratua.
Erakusketaren inaugurazioan, Rosalind Nashashibiren eta Mahmoud Alshaer editore, komisario eta poeta gazatarraren arteko elkarrizketa izango da gaur, 18:00etan, museoan, AMA Ikasketa Zentroaren bosgarren mintegiaren barruan. Programa honen parte ere bada gaur goizean gertatzen ari den Un límite a la fuerza lantegia, Amador Fernández-Savater (Madril, 1974) filosofoak gidatuta.
Sarrerak Online
Denda Online