Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren asteburuan —maiatzak 16, larunbata, eta 17, igandea— asteburuko lantegi irekien saio bikoitzak barne hartzen dituen programa batean parte hartzera publiko oro gonbidatuz, non parte-hartzaileek zutikako lorategi bat diseinatuko duten. Gainera, maiatzaren 16ko (larunbata) 17:00etan eta 18:30ean amarauna familia programaren saio bikoitza izango da, Eneka Bordatoren Fla Fla Fla parte hartzeko pieza koreografikoarekin. Azkenik, bisita gidatuen ardatza Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketa kolektiboa izango da, mugimenduan dagoen irudiak bestetasunari buruzko kontakizunen eraikuntzan duen rolari buruzko hausnarketa kritikoa. Sarrera doakoa izango da asteburu osoan, bai erakusketak bisitatzeko, bai egun hori dela-eta antolatutako jardueretan parte hartzeko ere.
Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Kontseiluaren (ICOM) babespean egingo da. Erakunde hori UNESCOri lotuta dago, eta museoen eremuan kultura- eta natura-ondarea, oraingoa eta etorkizunekoa, materiala eta immateriala, sustatu eta babestea da haren eginkizuna. 2026an ICOMek egun hau ospatzeko aukeratu duen leloa honako hau da: Museoak mundu zatitu bat batzen. Horri dagokionez, Kontseiluak honako hau nabarmendu du: «museoek duten ahalmena banaketa kultural, sozial eta geopolitikoen arteko zubi gisa jarduteko, eta mundu osoko komunitateen artean elkarrizketa, elkar ulertzea, inklusioa eta bakea sustatzeko». «Gizartea zatitzen eta polarizatzen ari den, eta ezagutza eta kultura eskuratzeko aukerak guztientzat berdinak ez diren garaietan, belaunaldien, komunitateen eta mugen arteko lotura berreraikitzen laguntzen dute museoek, elkarrizketa, elkar ulertzea, inklusioa eta bakea sustatuz mundu osoko komunitateen barruan eta haien artean».
Urtero bezala, Artium Museoak egun honen ospakizunarekin bat eginez maiatzaren 16-17ko asteburuan programazio berezi bat izango du. Horrela, asteburuko ohiko lantegiek saio bikoitza izango dute (larunbata eta igandea) 11:30ean. Bertan, lorategi zintzilikari bat diseinatzeko gonbidapena egingo zaie parte-hartzaileei, landare, lore, txori, intsektu eta ekosistema osatzen duten izaki eta elementu guztiekin. Jarduerak bi zati izango ditu: lehendabizi, era bateko eta besteko elementuak sortuko dira, eta gero, elementu horiek Artium Museoaren lorategiko hormetan ezarriko den sare batean zintzilikatuko dira. Gainera, igandeetako Bor-Bor saioetan parte hartu dutenek lantegi horietan egindako loreak, txoriak eta intsektuak erantsi ahal izango dizkiote lorategia zintzilikariari.
Bestalde, eta amarauna-ren programazioaren ohiko egutegiarekin bat eginez (hizkuntza artistiko batzuetara eta besteetara belaunaldi guztien hurbilketa proposatzen duen familientzako ekimena), Museoen Nazioarteko Egunean Eneka Bordato dantzariak Fla Fla Fla pieza koreografikoa aurkeztuko du museoan. Eszenografia berezi batekin —21 pilota zuri, manta bat, kristalezko entsaladera bat eta 12 metroko zinta itsaskor zuria—, dantzan parte hartzeko ekimen bat proposatzen du artistak. Bordato Parisko Goi Mailako Musika eta Dantza Kontserbatorio Nazionalean trebatu zen eta, ondoren, Lyongo Opera Balleteko kide izan zen sei urtez. 2020an Dantzalai konpainia sortu zuen. Museoen Nazioarteko Egunean aurkezten duen jarduera 4 urtetik gorako haurrentzat pentsatuta dago, heldu bat lagun dutela, eta saio bikoitzean egingo da maiatzaren 16an, larunbatarekin, 17:00etan eta 18:30ean. Programa honetako jarduera guztietan bezala, sarrera doakoa da eta edukiera mugatua denez, 945 20 90 20 telefonoan tokia gordetzea gomendatzen da.
Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean
Azkenik, MNEren asteburuan bisita gidatuen eskaintza zabaldu egin da: larunbatean eta igandean, 12:30ean, bisita bana eskainiko da Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketara. Hogei artista eta kolektibo baino gehiago biltzen ditu, ikusizko elkarrizketa batean. Elkarrizketa horrek zalantzan jartzen du mugimendudun irudiak nola itxuratu duen bestetasunari buruzko mendebaldeko kontakizuna, eta begiratzeko eta kokatzeko moduari buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea. Gogoeta honek Museoen Nazioarteko Egunaren 2026. edizioaren espirituarekin bat egiten du.
Erakusketaren komisarioa Artium Museoko komisario buru Catalina Lozano izan da, Louidgi Beltrame artistarekin izandako elkarrizketa eta trukeek lagundurik. Larunbat eta igandeko bisitek edukiera mugatua dute, eta erreserba egitea gomendatzen da 945 20 90 20 telefonora deituta.
MUSEOEN NAZIOARTEKO EGUNA 2026 ARTIUM MUSEOAN - Programa osoa
Maiatzaren 16an, larunbata, eta 17an, igandea
Museoko sarrera eta programatutako jarduerak doan izango dira asteburu osoan.
Jarduera batzuetan, aldez aurretik erreserba egitea gomendatzen da, edukiera dela-eta. Erreserbak 945 20 90 20 telefonora deituz egin daitezke eta jarduera hasi baino 10 minutu lehenagora arte gordeko dira.
Maiatzaren 16an, larunbata
11:30 - 13:00 – Lantegi irekiak
Lorategi zintzilikariak
Era guztietako publikoentzako. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea
12:30 – Bisita gidatua
Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean
Era guztietako publikoentzako. Toki mugatua. Erreserba egitea gomendatzen da
17:00 & 18:30 – amarauna
Fla Fla Fla. Eneka Bordatoren pieza koreografikoa
4 urtetik gorako haurrentzat, heldu bat lagun dutela. Euskaraz
Toki mugatua. Erreserba egitea gomendatzen da
Maiatzaren 17an, igandea
11:30 - 13:00 – Lantegi irekiak
Lorategi zintzilikariak
Era guztietako publikoentzako. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea
12:30 – Bisita gidatua
Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean
Era guztietako publikoentzako. Toki mugatua. Erreserba egitea gomendatzen da
Sarrerak Online
Denda Online