Asteartea, 25 Azaroa 2025 14:22

UArtium Museoaren bildumak Raisa Álava artistaren horma-irudi bat gehitu du bere funtsetara

Artelana publiko gazteenentzako liburutegi-eremuan instalatu da, irakurketaren, esperientziaren eta ikaskuntzaren bidez artea gazteei hurbildu nahi dien “norberaren gela” baten moduko espazioan

Nomen Omen horma-irudia Raisa Álavak (Zuatza, 1990) berariaz museoan instalatzeko sortutako obra da

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Raisa Álavaren Nomen Omen murala ekoitzi eta erosi berri du. Museoak berak eskatu zion artistari publiko gazteenentzako liburutegirako obra espezifiko bat sor zezala, eta eskari haren emaitza da artelana. Kontsultarako espazio horretan, publikoa artera hurbil daiteke irakurketaren, esperientziaren eta ikaskuntzaren bidez, eta argitalpen-sorta zaindua dago bertan bilduta, horien artean Álavak berak gomendatutako zenbait izenburu; haren begiradak, beraz, espazioaren espiritua aberasten lagundu du. Museoko gune horretara doan sar daiteke, museoa zabalik dagoenean.

Argazkiak eskatu

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Nomen Omen aurkeztu du, Raisa Álava (Zuatza, 1990) artistaren horma-irudi bat, publiko gazteenentzako irakurketa-espaziorako propio sortua. Espazio horretan, gazteak irakurketaren, esperientziaren eta ikaskuntzaren bidez hurbil daitezke artera, eta Artium Museoak han ezartzeko obra bat sortzeko gonbita egin zion artistari, honako helburu honekin: harreman hurbilekoa eta nabarmena sortzea arte garaikidearekin eta haren protagonistekin, artistekin. Gonbidapen haren emaitza da paper margotuan inprimatutako Nomen Omen marrazkia, espazio horretan instalatu eta Museoak bere bildumarako erosia. Marrazketak eta gertuko beste praktika batzuek, hala nola ilustrazioak, gero eta presentzia nabariagoa dute arte garaikidearen barruan. Diziplinarteko arte-adierazpen gogoetatsu eta kritikoak museoaren bildumako funtsetan duen presentzia indartzera dator Raisa Álavaren pieza hau, beste artista batzuenak bezala. Hildo honetan, Álavaren zeramikazko bi lan ere baziren aurretik bilduman, 2021ean eskuratuak Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Bilduma Partekatua programaren bidez.

Raisa Álavak komikitik hurbileko egitura narratibo –apenas hautemangarri– batetik abiatuta egituratu du obra, eta egoera eta espazio surrealistak aurkeztu ditu, eta, pertsonaia neurrigabeez eta hain bereizgarri dituen kolore biziez bete du aretoa. Álavak Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta teknika grafikoetan espezializatu zen. Ilustrazio eta komikigintzako masterra egin zuen ELISAVAn, Bartzelonako Diseinu eta Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolan. Zeramikako masterra ere egin zuen, eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren lehen saria irabazi zuen Arte Grafikoaren arloan.

Artistak marrazkia, grabatua, serigrafia, ilustrazioa eta zeramika lantzen ditu. Bakarka eta taldean egin ditu erakusketak rekalde aretoan (Bilbo), La Taller galerian (Bilbo) edo Montehermoso Kulturunean (Gasteiz), eta artista egoiliarra izan da AirWro programan (Wroclaw, Polonia), Maison des Auteurs programan (Angulema, Frantzia) eta BilbaoArte Fundazioan.

Nomen Omen lana kontsultarako eremu batean instalatu da; museoko espazio berri bat da, artea publiko gazteenei hurbiltzeko asmoz sortua. Argitalpen-sorta zaindua dago bertan bilduta: begiradaz eta eskuez ukitu, behatu eta aztertu daitezke liburu horiek, eta haien testura, kolore eta formek kontakizunetan eta artisten bizitzetan murgiltzen gaituzte. Abenturak bizitzeko, istorioak esploratzeko, artera modu ludikoan hurbiltzeko eta jolasaren eta esperimentazioaren bidez sormena garatzeko sortutako obrak dira. Bilduma horren barruan, gainera, Raisa Álavak berak gomendatutako zenbait argitalpen daude, eta, hala, haren begiradak espazioaren espiritua aberasten lagundu du.

Ekimen honen bidez, txikitatik sorkuntza artistikoarekin harreman bizi, ireki eta kitzikatzailea eraikitzen lagundu nahi du Artium Museoak, baita belaunaldi berriei arte garaikidea hobeto ezagutzen lagunduko dieten esperientziak eskaintzeko konpromisoa sendotu ere.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand