Astelehena, 29 Iraila 2025 11:10

Artium Museoak Euskadiko Filmategiko 'Klasikoak' zikloa hartuko du urritik abendura, 14 film emango dituela

Filmategiko zinema saioak asteazkenetan izango dira hemendik aurrera, 19:00etan

Ikusgai izango dira, besteak beste, The Party -El guateque- (Blake Edwards, 1968), Ohayō -Egun on- (Yasujiro Ozu, 1959), Tystnaden -El silencio- Ingmar Bergman, 1963), Freaks (Tod Browning, 1932) edo Örökbefogadás -Adopción- Márta Mészáros, 1975)

Horietaz gainera, Euskadiko Filmategiak eta EITBk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin zaharberritutako lau film ertainak ere emango dira: Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986)

Klasikoak programak hamalau film eskainiko ditu urritik abendura bitartean Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera), Bilbon (Bizkaia Aretoa), Iruñean (Golem Baiona) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect). Programa hori Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan garatua da.

Zikloa bihar hasiko da Gasteizen Notorius -Encadenados- filmarekin (Alfred Hitchcock, 1946). Ingrid Bergman eta Cary Grant dira pelikula ikoniko horretako protagonistak. Jarraian, beste hiru film emango dira: Ohayō -Egun on- (1959), Yasujiro Ozu zuzendariaren azken etapako lan bat, oihartzuna izaten jarraitzen duena gure egunotan ere; The Party -El guateque- (Blake Edwards, 1968) komedia, zeinean jatorri hindua duen antzezle zabar batena egiten baitu Peter Sellers aktoreak; eta Örökbefogadás -Adopción- (Márta Mészáros, 1975), Berlingo Zinema Jaialdian Urrezko Hartza eskuratu zuena.

Kataluniako Filmotekak El amor brujo (Francisco Rovira Beleta, 1967) lana bidaliko du. Proiektu horri esker, bigarrenez hautatu zuten Rovira Beleta Oscar sarietarako. Bestalde Tystnaden -El silencio- (Ingmar Bergman, 1963) eta Freaks (Tod Browning, 1932) film klasikoak ere proiektatuko dira.

Deskubritu beharreko proposamenen artean, hiru lan ageri dira. Lehenik, Kameradschaft -Carbón- (1931), langileen elkartasun internazionalistari buruzko kontakizun bat, Georg Wilhelm Pabstek zuzendua. Bigarrenik, Trotacalles (1951), Matilde Landeta merezi bezain ezaguna ez den zinemagileak zuzendua eta Mexikoko UNAM Zinematekak zaharberritua. Eta, hirugarrenik, Más allá del olvido (Hugo del Carril, 1956) melodrama gotiko argentinarra, zeinaren zaharberritzea Cannesko Zinema Jaialdiaren azken edizioan aurkeztu baitzuten.

Horietaz gainera, ikusgai izango dira Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) film ertainak. Laurak ere euskarazko zinemaren proiektu aitzindariak dira, Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberrituak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bi saio horietarako, solasaldi bana antolatu da zuzendariekin.

Sarrerak (3,5 € sarrera orokorra, 2 € museoaren Adiskideentzat) Internet bidez eta museoko leihatilan bertan erosi ahal dira dagoeneko. Sarrera doakoa da 25 urtetik beherakoentzat (kasu honetan, leihatilan bakarrik).

Programa osoa ikusi

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand