Osteguna, 25 Iraila 2025 12:59

Artium Museoak 'TRAMA' programaren bigarren edizioa aurkeztu du

Programa honek mugimendudun irudia ikertzea xede du, artearen, filosofiaren eta literaturaren beste diziplina batzuekin uztarturik

Ekofeminismoak eta ingurumen-justizia landuko dira aurten, proiekzioen, hitzaldien, performanceen eta zuzeneko musikaren bidez

2025eko edizioan parte-hartzaile izango dira Yayo Herrero, Marc Badal, Mónica Nepote, Amaia Miranda, Lizar Begoña, Idoia Zabaleta, Xiana do Teixeiro eta Teresa Castro

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, bigarrenez antolatu du TRAMA, mugimendudun irudia pentsatzen eta beste arte eta jakintza-arlo batzuekin erlazionatzen duen diziplinarteko programa. Hitzaldi, performance, kontzertu, tailer eta proiekzioek osaturiko egitaraua izango du, eta, bitarteko horietan oinarrituta, topaguneak sustatzea bilatuko du, oraina ulertzeko eta pentsatzeko eta balizko beste etorkizun batzuk marrazteko hiztegiak sortzen laguntzearren. Bigarren edizioak ekofeminismoak eta ingurumen-justizia izango ditu ardatz nagusi, eta arreta berezia jarriko die lurraldearekiko erlazioa eta erlazio horren gatazkak zabaltzen eta konplejizatzen dituzten ikerketa artistikoko praktika ekokritikoei. TRAMAko jarduera guztiak doakoak dira.

Irudiak eskatu

TRAMAren bigarren edizio honek ere aztergai izango ditu mugimendu irudiduna eta artearen eta pentsamenduaren beste diziplina batzuekin duen erlazioa, eta, horretarako, ekofeminismoak eta ingurumen-justizia ardatz dituen egitarau bat dakar. Erauzketa-politiken ondorioz era guztietako izaki biziak etengabe suntsitzen ari diren honetan, beharrezkoa da hondatuta dagoena nola konpondu edo leheneratu kolektiboki hausnartzea. Gloria Anzaldúa idazle eta aktibista chicanoak zatikatuta dagoena modu berri batean batzeko ekintza gisa planteatzen du ariketa hau, egiteko eta desegiteko prozesu jarraitu batean; egilearen arabera, inoiz ez baitago erabateko ebazpenik eta guztia ez baita etengabeko sendatze prozesu bat baizik. Programa honek, beraz, lurraldearekiko harremana eta lurraldeak bizi dituen gatazkak zabaltzen eta konplejizatzen dituzten ikerketa artistiko ekokritikoen gainean arreta jartzera gonbidatzen gaitu.

Egitarauari jarraituz, Yayo Herrero antropologo eta ekintzaile ekosozialak (Madril, 1965) gogoeta egingo du mutazio antropologikoei eta iraultza apalei buruz, horiek alternatiba kolektibo gisa harturik. Xiana do Teixeiro zinemagileak landareen inteligentziara hurbilduko gaitu, Lecciones de Botánica obraren irakurketa performatiboaren bidez. Marc Badal ikertzaileak (Bartzelona, 1976) hitzaldia emango du lurrarekiko keinuei eta etxekoaren kontaketei buruz. Teresa Castro akademikoak gizakiaz haratago doan existentzia baterantz lerratzeari buruz gogoeta egiteko proposamena egingo digu. Mónica Nepote idazleak (Guadalajara, Mexiko, 1970) espezieen arteko erlazio-molde berrietatik abiatuta denborazkotasunak bizitzeko moduez jardungo du, modu telematikoan. Idoia Zabaleta artistak (Vitoria-Gasteiz, 1970) banakako masajeak emango ditu, ikusmira eta pertzepzioa zabaltzeko, Pupa pupita pupila. Ikusmenaren masaje bat performacean. Amaia Miranda musikariak (Leioa, 1993) Cada vez que te veo lo entiendo kontzertua emango du. Eta Lizar Begoña idazleak (Sopela, 1996) poesia-errezitala eskainiko du museoko lorategian, belar txarren bertuteei buruz —ere— pentsatzeko.

Egitaraua


TRAMA Artium Museoaren programa bat da, Garbiñe Ortegak eta Arantza Santestebanek komisariatua.

Jarduera guztiek sarrera librea dute, lekua bete arte, honako bi hauek izan ezik: Yayo Herrerok emango duen lantegia, leku mugatua baitu (parte hartzeko, motibazio-gutun bat bidali behar da, 200 hitzekoa, gehigenez, izen-emateak@artium.eus helbide elektronikora) eta Idoia Zabaletaren performancea (65’), izen-emateak@artium.eus helbidean izena eman ahala beteko baitira lekuak.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand