Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Artelekun zehar. 1987-2002. Artxiboan oinarritutako Artelekuri buruzko erakusketa bat aurkeztu du (A3 aretoa, 2026ko urtarrilaren 11 arte). Mikel Onandiak, Sergio Rubirak, Leire Vergarak eta Artium Museoak komisariatutako erakusketa Arteleku heziketa eta ekoizpen zentroaren lehen hamabost urteei erreparatu die, eta Pentsatzeko leku bat (2022) eta edonor denok inor ez (2024) lanekin hasitako Euskal Herriko praktika artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanari buruzko ikerketarekin jarraitzen du. Erakusketa dela eta, Artium Museoak liburuxka bat argitaratu du Onandia, Rubira eta Vergararen testuekin. Erakusketaren inaugurazioaren esparruan, museoak topaketa bat antolatu du komisarioekin 18:00etan. Sarrera doakoa izango da eta edukiera, mugatua.
Artelekun zehar. 1987-2002 Artium Museoak Euskal Herriko jardun artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanei eskaini dizkien erakusketen hirugarren eta azken kapitulua da. Arteleku prestakuntza- eta ekoizpen-zentroaren aurreneko hamabost urteetan zentratzen da, eta jarraipena ematen dio Pentsatzeko leku bat (2022) izenekoak —1957 eta 1979 bitarteko hezkuntza-ekimen esperimentalak landu zituena— eta edonor denok inor ez (2024) deitutakoak –1978 eta 1991 artean prestakuntza artistikoa instituzionalizatzeko izandako prozesuei buruzkoak– hasitako ikerkuntzari.
Arteleku Arte eta Kultura Garaikideko Zentroak 1987an ireki zituen ateak Donostiako Loiola auzoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Santiago Erasoren zuzendaritzapean, arte garaikidearen beharrak betetzea izan zuen helburu nagusia, eta orientazio bat eta egiteko modu batzuk zehaztu zituen berehala, esperimentazio eta ekoizpen artistikotik abiatuta eta pedagogia eta ezagutzen transmisioa ardatz nagusitzat hartuta. Artelekuk jarduera ugari antolatu zituen, batez ere tailer, mintegi eta erakusketetan, eta, 1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan, erreferentzia bat izan zen sorkuntza artistikoaren eremuan.
Hasieran, zentroaren egiturak lehentasuna ematen zion diziplinen arteko ekoizpen artistikoari, tekniken eta euskarrien logikari jarraituz. Alabaina, urte horietan, bilakaera izan zuen, ekoizpen-sistema tradizionalak eta ezarritako lan-moldeak gainditzen zituzten jokamoldeetarantz. Sorkuntza garaikidean zeuden azken joerak eta eztabaidak ekarri zituzten nazioarteko artistak eta ahotsak hartu zituen, eta gorputzaren diskurtsoen garapenaren eta artearen desmaterializazio progresiboaren lekukoa izan zen.
Erakusketa honen ardatz nagusia Artelekuren artxiboa da, Gordailua-Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan gordeta dagoena. Erakusketa osatzeko, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren eta Gordailuaren beraren funtsen aukeraketa bat egin da. Bestalde, dokumentu-multzo garrantzitsua du, besteak beste, Isabel Azkarate eta Ricardo Iriarte artxiboak.
Gainera, proiektuaren esparruan hainbat elkarrizketa egin dira Artelekurekin lotura izan duten pertsonekin, hala nola, Fernando Golvano, Izaskun Irizar, Gabriel Villota, Iñaki Imaz, Ion Munduate, Blanca Calvo, Manu Muniategiandikoetxea, Miguel Ángel Gaüeca, Estibaliz Sádaba, Antoni Muntadas eta Alicia Chillidarekin.
Erakusketaren komisarioak Mikel Onandia, Sergio Rubira, Leire Vergara eta Beatriz Herráez izan dira, eta Elena Roserasen laguntza izan dute Artxiboaren atalean eta Arantza Santestebanena ikus-entzunezko dokumentazioaren atalean; museoko A3 aretoan egongo da ikusgai 2026ko urtarrilaren 11ra arte.