Datorren asteartean, hilaren 17an, 19:00etan, euskal emakume zinemagileen lanak erakusten ari den Euskadiko Filmategiaren zikloaren saio berezi bat eskainiko da Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artium Museoan. Saio berezi honetarako emakume zinemagileentzako Aukera mentoretza-programako sei film laburrak proiektatuko dira, honako egile hauenak: Ainhoa Olaso (Durango, 1996) & Enara García (Leioa, 1996), Tamara Lucarini (Basauri, 1987), Beatriz de Silva (Caceres, 1997), Uxue Botas (Andoain, 1998) & Ane Nafarrete (Vitoria-Gasteiz, 1998), Nerea Sciarra eta Ane Inés Landeta (Bilbo, 1996) & Lorea Lyons (Bilbo, 1996). Sarrerak (orokorra, 3,5 euro; Artium Museoaren Adiskideak, 2 euro, eta dohainik 25 urtetik beherakoentzat) leihatilan eta artium.eus webgunean daude salgai.
Datorren asteartean, hilaren 17an, 19:00etan, Aukera mentoretza-programaren barruan ekoitzi diren sei film laburrak erakutsiko dira Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artium Museoan. Egitasmo hori zinema-zuzendaritzan hasten ari diren emakumeei zuzenduta dago; hain zuzen ere, laguntza eman nahi die ikus-entzunezko sektorean hasiberriak diren eta profesionalizatzeko bidean dauden emakumeei, eta haien ibilbidea erraztu nahi du. Euskadiko ikus-entzunezko eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen (H)emen elkarteak antolatzen du Aukera, ZINEBIrekin batera, eta Zineuskadiren, Kutxa Fundazioaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa dauka.
Honako film labur hauek erakutsiko dira: Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso, Enara Garcia, 2022), Prioridades (Tamara Lucarini, 2023), Hadas (Beatriz de Silva, 2023), Komando Marmitako (Uxue Botas, Ane Nafarrate, 2024), Pomo d’oro (Nerea Sciarra, 2024) eta Azkena (Ane Inés Landeta, Lorea Lyons, 2024).
Lan horiek Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren barruan emango dira, Euskadiko Filmategiaren eskutik. Ziklo horren bosgarren edizioa da aurtengoa, baita azkena ere, zeinetan erakutsiko baitira, apiriletik ekainera bitarte, XX. mendeko 80 eta 90eko hamarkadetan jaio diren zinemagileen hamabi film; horrela itxiko da 2021ean hasitako proiektu bat, aitortza egin nahi izan diona euskal zinemaren panorama eraldatu duten 50 zuzendariren lanari. Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren azken hiru saioak hauek izango dira: ekainaren 12an, ostegunez, Las letras de Jordi (Maider Fernández Iriarte, 2019) filma emango da, ekainaren 19an, A los libros y a las mujeres canto (Maria Elorza, 2022) filma izango da ikusgai, eta zuzendaria han izango da; ekainaren 26an, berriz, Paradise Hills (Alice Waddington, 2019) proiektatuko da.