Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Josu Bilbao. h [A2 aretoa, 2025eko azaroaren 30era arte] erakusketa aurkeztu du. Josu Bilbaoren lana artista gisa okupatzen dituen espazioen behaketa kritiko eta sentsorialetik abiatzen da, eta ekintzaren eta eragingabetasun fisikoaren arteko joan-etorri baten emaitza da; h-n artistak erakusketa-aretoko arkitekturan bertan egin duen esku-hartzean gauzatzen da hori. Gainera, Bilbaok hizkuntzaren esperientziarekiko eta erregistragarriak ez diren alderdiekiko interesa agertzen du erakusketan, esate baterako han biltzen dituen keinu eta afektuekiko interesa. Era berean, Estanis Comella artistak erakusketarako berariaz ondu duen soinu-piezak ere aretoa beteko du. Ohi bezala, erakusketa honen esparruan #Hitzak saileko ale bat argitaratu du Artium Museoak, oraingoan EHUko Arte doktore eta ikertzaile independente Isabel de Naveranen ekarpenarekin.
Josu Bilbaoren (Bermeo, 1978) praktika zenbait baldintza ageriko eta ezkutuko behatzetik abiatzen da —egoeraren arabera batzuetan hautemangarriak direnak eta beste batzuetan ez—, inguratzen duen ingurunearen eta artista gisa aldi baterako okupatzen dituen espazioak behatzetik. Zeregin hori ekintza fisikoaren zein ekintzarik ezaren araberakoa da, artista honen lan egiteko modua batetik bestera baitabil. Erantzuna —beti partziala, inoiz behin betikotzat ematen ez dena—, kentzea izan daiteke, gehitu beharrean, desmuntatzea, eraiki beharrean. Espazio bati, haren arkitekturari, instituzionaltasunaren barruan heltzean, hura definitzen duten egiturak egin eta desegiteko prozesua forma hartzen ari diren hainbat saioren emaitza da.
Hizkuntzaren esperientzia, esperientzia minorizatua, fonetikoa, gorpuztua, beste etengabeko hausnargai bat da ahozko tradizioan oinarritutako hizkuntza eta dialekto/ekolekto marjinalen hauskortasunari eta galerari buruzko bere lanean. Eta baita hauek gorputzean, soinu bihurtzen dituzten organoetan, testu arauemaileetan erregistratzen ez diren baina keinuetan eta afektuetan erregistratzen diren espezifikotasunetan inskribatzeko modua ere. Hizkuntza txikia, gutxiengo batek erabiltzen duelako, Josu Bilbaok darabilen testuinguruan dimentsio politiko bat hartzen duena.
Erakusketaren izenburua, h, euskararen batasun prozesu historikoei buruzko hausnarketa batetik dator, eta baita hitz egiteko moduak definitzeko edo eratzeko sortu ziren hitzetatik ere. Hori da izenburuak aipatzen duen /h/ (hasperendun)-aren kasua, eta aho-barrunbearen eta diafragmaren arteko mugimendu eta harreman mota espezifiko bat. /h/ horrek espazioan gerta daitekeenari ere erreferentzia egiten dio, bertan bizi diren erritmo hautemangarri eta hautemanezinekin. Espazioa hizkuntza egiten den arnasketa-sistema gisa lantzeko modu horien barruan, Estanis Comellak (Lleida, 1985) h-rako berariaz konposatutako soinu-pistak erritmo abstraktu bat proposatzen du, eta gu hartara egokitu gaitezke.
Erakusketa honen esparruan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, #Hitzak saileko ale berri bat argitaratu du, Catalina Lozano komisario nagusiaren testu bat eta Isabel de Naverán (Getxo, 1976) EHUko Artean doktore eta ikertzaile independentearen Josu Bilbaoren lanari buruzko Estabas en la cavidad ekarpena biltzen dituena.
Bilbaok Gure Artea Saria jaso zuen 2024an, bere jarduera sortzailearen aitorpen gisa. Leku hauetan eta hauekin lankidetzan egin ditu erakusketak, besteak beste, Bulegoa z/b (Bilbo), Halfhouse (Bartzelona), etHALL (Bartzelona), Carreras Múgica (Bilbo), Centro Párraga (Murtzia), Centro Botín (Santander), CentroCentro (Madril), Arte Ederren Museoa (Bilbo).