Ostirala, 30 Maiatza 2025 08:16

Artium Museoak 'Chantal Akerman. Irudiari aurre egitea' erakusketa aurkeztu du

Egile belgikarrak zinema-instalazioen arloan egindako lan aitzindaria da erakusketaren ardatza

Claire Atherton, urteetan Akermanen filmen editore eta kolaboratzailea da erakusketaren komisarioa

Uztailean zinemagile honen lanari buruzko hiru eguneko mintegi bat egingo da museoan

Erakusketa dela-eta, Artium Museoak #Hitzak sailaren ale berri bat argitaratu du

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Chantal Akerman. Irudiari aurre egitea erakusketa aurkeztu du [A1 aretoan, 2025eko urriaren 19ra arte]. Erakusketak Chantal Akerman-en (Brusela, 1950-Paris, 2015) eta erakusketaren komisario Claire Atherton-en (San Francisco, 1963) arteko elkarlanetik sortutako instalazioetako batzuk ezagutzea proposatzen du. Erakusketa Bartzelonako La Virreina Centre de la Imatge espazioan aurkeztutako proiektuaren bigarren kapitulu gisa aurkeztu da. Erakusketa honen esparruan, Atherton bera eta Erika Balsom ikertzaile eta Londresko King 's Collegen ikasketa zinematografikoen irakaslea egongo dira uztailaren 14tik 16ra egingo den zinegilearen inguruko programa publiko batean. Era berean, erakusketa dela eta, Artium Museoak #Hitzak sailaren ale berri bat argitaratu du. Bertan, Claire Atherton-en eta La Virreina arte espazioaren arduradun Valentín Romaren arteko elkarrizketa bat berreskuratu da, Bartzelonako erakusketaren harira egina.

Irudiak eskatu

Prentsa-ohar osoa (pdf)

Chantal Akermani eskainitako erakusketa honek laurogeiko hamarkadaren erdialdetik haren filmen editorea izan zen Claire Atheron komisario eta zinemagilearen arteko lankidetza estutik sortu ziren instalazioetako batzuk ezagutzea proposatzen du. Mugimendudun irudia eta argazkia biltzen ditu erakusketak, eta Bartzelonako La Virreina Centre de la Imatge espazioan 2023ko azarotik 2024ko apirilera bitartean aurkeztutako erakusketa-proiektuaren bigarren ataltzat har daiteke.

Aurkezpen berri honetan hasierako komisariotza-irizpideak mantendu dira, ikuslearen gorputza lanaren erdigunean jartzen duten egonaldien segida batetik abiatuta museoan barrena hedatzen den ibilbide batekin. Erakusketako artelanak ibilbide zirkular batean antolatu dira, irudia eta testua lotzen dituen ontzi komunikatzaileen sistema baten moduan, museoaren espazioa betez.

Ekoizpen zinematografikoan gertatzen den bezala, pieza horiek denbora eta narrazio brikolaje gisa eraiki dira, eta erakusketako espazioa elementu aktibo gisa gehitzen zaio. Leku horretatik —pantailan gertatzen den bezala— harreman-modu berriak proposatzen dira, ikuspegi feministatik gizakiaren definizioa bera zalantzan jartzen dutenak.

Chantal Akermanen lanek, baita Artium Museoan ere, genealogiak eraiki eta proiektatzen dituzte, haren autobiografia osatzen duten emakumeen bizitzak (holokaustotik bizirik atera zirenenak) elkartzen dituzte Mexikoko migratzaileekin, ez bakarrik AEBetakoekin, baita Bruselako apartamentuan Akermanen ama zaintzen dutenenekin ere... Zaintza- eta lankidetza-sare bat, pentsamendu politiko bat eta erakusketa honen jatorria den munduan zinemagile gisa kokatzeko modu bat zabaltzen dituena.

Erakusketaren esparruan, Artium Museoak #Hitzak sailaren ale berri bat argitaratu du, eta, horretarako, Claire Atherton-en eta Valentín Romaren, Bartzelonako La Virreina Centre de la Imatgeren zuzendari artistikoaren arteko elkarrizketa luzea berreskuratu du, Encarar la imagen erakusketa zela-eta Kataluniako espazioan egina. Chantal Akermanen lanen Artium Museoko aurkezpenari buruzko testu batek, Beatriz Herráez zuzendariak idatziak, eta Vitoria-Gasteizen aurkezten diren instalazioen fitxa xehehek osatzen dute argitalpena.

Era berean, uztailaren 14, 15 eta 16rako, museoak mintegi ireki bat antolatu du, Chantal Akermanen lan zinematografikoa eta zinemari buruzko haren begirada pertsonala ardatz hartuta. Andoni Imaz, zinema komisario eta kritikaria, eta Arantza Santesteban, Artium Museoko Ikerketa eta Programa Publikoen arduraduna, komisario direla, jarduera honetan Claire Atherton-ek eta Erika Balsom-ek (ikertzailea eta Londresko King 's Collegen ikasketa zinematografikoen irakaslea, Taipeiko Biurtekorako (2020) Shoreline Movements film-programaren komisarioa eta TEN SKIES (2021) eta After Uniqueness: A History of Film and Video Art in Circulation (2017) liburuen egilea) ere parte hartuko dute.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand