Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artium Museoan, Fernando Golvano komisario eta arte kritikaria egongo da Lagunartean topaketa-programaren edizio berri batean. Ekimena Museoaren Adiskideei zuzenduta egon ohi den arren, saio berezi bat eskainiko da jende guztiarentzat irekia, datorren astelehenean, maiatzak 26, 18:30ean. Golvanok Asins, Oteiza eta Palazuelo. Haraindikoari itxura ematea erakusketa komisariatu du, museoko funtsen Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) erakusketaren barruan egindako ikerketa kasu bat, joan den martxoaren 28an aurkeztu zena. Jarduera doakoa da, baina tokia, mugatia, beraz gomendagarria da erreserba egitea 945 20 90 20 telefonora deituz, museoaren web orrian edo txartel-leihatilan bertan.
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak Asins, Oteiza, Palazuelo. Haraindikoari itxura ematea [A0 aretoa] erakusketa aurkeztu zuen joan den martxoaren 28an, museoko bildumaren Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) erakusketaren esparruan egindako azterketa-kasu bat. Fernando Golvano arte kritikari eta irakasleak komisariatu duen erakusketa honen ardatza Elena Asinsek (1940-2015), Jorge Oteizak (1908-2003) eta Pablo Palazuelok (1916-2007) egindako lana da. Hirurak aitzindari izan ziren abstrakzio-printzipioa aldarrikatzen, askotariko hautu formaletatik —batzuetan konbergenteetatik—, abiatuta, abstrakzio geometrikoaen eta haren predikatu sinboliko, zehatz, matematiko edo mistikoen inguruan ikertuz.
Erakusketa honen esparruan, eta Lagunartean programaren barruan, datorren astelehenean, maiatzak 26, 18:30ean, Fernando Golvanok hiru artista horien ikerketa-prozesuak eta poetika formalak errepasatuko ditu, eta, bere hitzetan, «[hirurei] interesatzen zaizkie intuizio sortzailea, premisa analitikoekin elkarrizketan, urrezko atala eta gai espazialak, arkitekturarekin eta hirigintzarekin elkarrizketan».
Lagunartean ekimena 2023an jarri zen abian, eta Museoaren Adiskideek Artium Museoaren programetan parte hartzen duten artista eta komisarioen praktiketako sorkuntza- eta pentsamendu-prozesuak ezagutzeko zuten interesagatik sortu zen. Talde honi zuzenduta egon ohi da, baina maiatzaren 26ko saioa publiko guztiei irekia izango da.
Fernando Golvano Filosofian doktorea da Estetikaren eta Arteen Teoriaren arloan (Teoría estética, telos del arte y ley formal en Oteiza, 2017, UPV-EHU), arte kritikaria El Cultural astekarian, erakusketen komisarioa, saiakeragilea eta irakaslea. Ondoko gaiak ikertzen ditu eta haiei buruzko testuak argitaratzen ditu: Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako abangoardia artistikoak; Oteiza; arkitektura eta abangoardia modernoak; Theodor W. Adorno eta teoria kritikoa; Cornelius Castoriadisen filosofia; eta euskal arte garaikidea.