Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak Mireia Delgado pedagogo eta antropologoaren bisita jasoko du otsailaren 15ean, larunbata, 17:00etan amarauna programaren saio berri batean. Ekimen hori heldu batek lagundurik datozen 4 urtetik aurrerako haurrentzat pentsatuta dago. Delgadok Hariak, jostorratzak eta zauriak lanaren familientzako bertsioa ekarriko du Artium Museora, harreman pertsonaletan beharrezkoak diren arintasun, tentsio eta orekei buruzko narrazio dramatizatua. Saioa euskaraz izango da. amarauna programako jarduera guztiak doakoak dira eta komenigarria da aurretik 945 20 90 20 telefonora deituta izena ematea (jarduera hasi baino 10 minutu lehenagora arte errespetatuko dira erreserbak).
Helduek eta txikiek arteaz elkarrekin gozatzeko espazio bat sustatzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du amarauna-k. Horren haritik, datorren larunbatean, otsailak 15, 17:00etan, Hariak, jostorratzak eta zauriak ikuskizuna izango da museoan. Ikuspegi feminista duen ahozko narrazio hori, Mireia Delgado egilearen hitzetan, «oreka nahi duen elefante batekin hasten da, eta harremanak sostengatzen dituzten hariak ondo josteko errezeta batekin amaitzen da».
«Lotzen gaituzten hariak ikusezinak omen dira eta, batzuetan, zaila da haien neurria hartzea. Hala ere, beraien indarra senti daiteke. Eta batzuetan, hain dira indartsuak, haien gainean orekari eusteko gai baikara. Zein da hari horiei eusteko tentsio egokia? Zenbat tiratu daiteke eta zenbat askatu? Korapiloak sortzean, zein muturretatik egin behar dugu tira? Eta hariak apurtzean? Zeintzuk dira lotura horiek utzitako orbanak? Nola josi ditzakegu hariak gero eta gutxiago josten duen jendarte honetan?». Hariak, jostorratzak eta zauriak jarduerak erantzuna aurkitu nahi dizkie galdera horiei guztiei, eta entzuleak ez omen ditu epel utziko.
Mireia Delgado pedagogoa eta antropologoa da, eta hamarkada bat baino gehiago darama ikaskuntza-prozesuak haur literaturarekin eta hezkidetzarekin lotzen dituzten hainbat proiektutan; besteak beste, Itsaspeko Bihotzak izeneko literatur aretoan, Galtzagorri Elkartearekin batera. Ibaizabal Ikastolako Haur Hezkuntzako Goi Zikloko irakaslea da, eta etorkizuneko hezitzaileei laguntzen die bere prestakuntzan.
Aurki amarauna-n
Mireia Delgadoren emanaldiaz gain, familientzako amarauna saioak beste hiru emanaldi ekarriko ditu ekainera arte. SABLEak, musika eta ahots ikuskizuna, Iparraldeko Kiribil konpainiak lehen haurtzarora proposatutako bidaia; Naita kontu eta kanta, Naita Antzerki Taldearen kontzertu animatua, eta Mover el común, mugimenduan dagoen gorputzari buruzko ikerketa ariketa, Baiven Kolektiboak dinamizatutako dantza komunitarioko topaketa batean.
Sarrerak Online
Denda Online