Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Joxerra Melguizo (Vitoria-Gasteiz, 1968) hartuko du datorren astelehenean, urtarrilaren 20an, 18:30ean, Emanaldi aretoan egingo den Lagunartean topaketen programaren edizio berri batean. Ekimen honek, hilean behin, museoaren programetan parte hartzen duten artisten eta publikoen arteko elkarrizketa bultzatu nahi du. Juncal Ballestinen lana (bere heriotzaren 10. urteurrena betetzen den honetan) eta Ines Medina izango dira otsaileko eta martxoko topaketen protagonistak. Sarrera librea da lekua bete arte, eta erreserba egitea komeni da 945 20 90 20 telefonoan, museoaren webgunean edo leihatilan bertan.
Pasa den urriaren 31an ateak zabaldu zituen refugios-diarios (lerro galduak) erakusketak, Joxerra Melguizoren (Vitoria-Gasteiz, 1968) lanari eskainitako erakusketa, artistaren azken hamar urteetako lana biltzen duena, alegia. Ekoizpen honek prozesuaren ideian jartzen du arreta, eta lantegiko eguneroko lanak utzitako arrastoa eta marrazkiaren, lerroaren, kolorearen bidez egiteko eta pentsatzeko moduak ditu erakusgai, ikurren, forma abstraktuen, irudien eta testuen alfabeto bat ―egunkari moduko bat― osatuz. Melguizok Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan lizentziatu zen 1991n, Pintura espezialitatean. Urtebete geroago, Emilio Melguizo anaiarekin eta Carmen López Castillorekin batera, CM2 espazio-galeria sortu zuen, hogeita hamar erakusketa inguru hartu zituena. Etapa horren ondoren, Trayecto Galeriarekin hasi zen lanean, eta hainbat arte-erakusketa eta -azokatara joan zen, hala nola ARCOra, Art Forum Berlinera, Arte Lisboara, Dfotora edo Valencia Artera. 80ko hamarkadaren amaieratik gaur egun arte, Melguizok hainbat museo, galeria eta erakundetan erakutsi ditu erakusketak, bakarka zein taldean.
Lagunartean topaketan, hurrengo urtarrilaren 20an, astelehena, 18:30ean, Melguizok bere ibilbidea errepasatuko du eta bere praktika artistikoa definitzen duten prozesuak azalduko ditu. Lagunartean ekimena 2023an jarri zen abian, Museoaren Adiskideen kolektiboak artisten praktiketako sorkuntza- eta pentsamendu-prozesuak ezagutzeko azaldu zuten interesaren ondorioz, eta Artium Museoko publiko guztiei zuzenduta dago, gai horiek eta beste batzuk museoaren programetan parte hartzen duten artistekin hurbiletik partekatzeko aukera emanez.
Joxerra Melguizoz gain, Juncal Ballestínen praktika, Artium Museoak argitaratu berri duen bere ondare dokumentalari buruzko liburutik abiatuta, eta Inés Medina izango dira Lagunartean programaren hurrengo saioetako protagonistak. Hortaz, Otsailaren 24an, museoko Dokumentazio Zentroko arduradun Elena Roserasek, Fernando Illanarekin batera, Juncal Ballestín artxiboa eta bertan oinarritutako argitalpena aurkeztuko ditu. Illanak koordinatutako katalogo honek artistaren dokumentu-ondarea aztertzen du, eta bere ekoizpen artistikotik haratago, bere lanaren gainontzeko alderdiei buruzko argia ematen du. Liburua Ballestinen (Gasteiz, 1953-2015) artxiboaren inguruan museoko Dokumentazio Zentroak egindako lanaren emaitza da, zeina Anesvad Fundazioak Artium Museoari dohaintzan eman baitzion 2021ean.
Azkenik, Ines Medina (Caceres, 1950) izango da urteko hirugarren Lagunartean programaren gonbidatua, martxoaren 24an. Topaketa museoak artistari eskainiko dion erakusketaren barruan izango da, datorren otsailaren 28an aurkeztuko dena. Erakusketaren helburua bere ikerketa plastikoa aztertzea da, 1978an egindako lehen esperimentazio monokromoetatik 90eko hamarkadaren erdialdera arte, New Yorkera egin zuen bidaiarekin batera, non Medinak hurrengo 15 urteetan jarraituko zuen, Euskal Herrira behin betiko itzuli zen arte.
Sarrerak Online
Denda Online