Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Euskadiko Filmategiak antolatutako Zinema eta zientzia zikloaren edizio berri bat hartuko du urtarrilaren 9tik aurrera, osteguna. Zikloak hamahiru film izango ditu, hamabi saiotan proiektatuko direnak eta nazioarteko zientzialari ospetsuekin hitz egiteko aukera ematen dutenak. Artium Museoan ez ezik, Donostiako (Tabakalera), Bilboko (Bizkaia Aretoa, UPV/EHUko Mitxelena Aretoa) eta Iruñeko (Golem Baiona zinemak) egoitzetan ere ikusi ahal izango dira filmak, baita programaren hautapen bat Donibane Lohizunen ere (Cinéma Le Sélect). Artium Museoko emanaldi guztiak urtarriletik martxora bitarteko ostegunetan izango dira, 19:00etan. Sarrerak (3 '5 euro txartel orokorra, 2 euro museoaren Adiskideentzat, doan 25 urtetik beherakoentzat) museoko leihatilan eta artium.eus webgunean eros daitezke dagoeneko.
Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioak denboraren kontzeptuan sakontzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamahiru film proiektatuko dira, urtarriletik martxora bitartean. Horretaz gain, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatutako proposamen honetan, publikoak aukera izango du nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko, hainbat gairi buruz: zulo beltzak, denboran zeharreko bidaiak, multibertsoa eta bizitza modu artifizialean sortzea, besteak beste.
Gaur Donostian egin den prentsaurrekoan, honako ordezkariek hartu dute parte: Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Ricardo Díez Muiño, DIPCko zuzendaria; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia; Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; eta Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea. Ekitaldian izan dira, halaber, Pedro Miguel Etxenike, DIPCko presidentea; Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria; Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria; Beatriz Herráez, Artium Museoko zuzendaria; eta Xabi Garat, Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinema-aretoetako arduraduna.
Zikloak, lehenbiziko ediziotik bertatik, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea hartu zuen xedetzat, eta honela definitu du Joxean Fernándezek: “Artearen eta jakintzaren ospakizuna da; filmei kalitatea eskatzen diegu, beti bezala, baina baita, kasu honetan, begirada zientifiko estimulatzailea pizteko gai izatea ere. Eta, hori lortzeko, aparteko zinemagile- eta zientzialari-sorta dugu”.
Bestalde, Díez Muiñok gogora ekarri du “zikloak publikoaren artean duen arrakasta, 5.600 ikusle baino gehiago izan baitzituen 2024. urtean", eta nabarmendu du “zinemaren eta zientziaren arteko uztarketak” aukera eman duela, alde batetik, “zientzia kulturaren parte dela eta berez giza jarduera bat dela erakusteko, eta, bestetik, zinema-sorkuntzei begirada ezberdin eta original bat emateko, haien esanahia aberastuz".
FILMAK
Zikloa bihar hasiko da (urtarrilak 9, osteguna), museoan proiektatuko den The Theory of Everything –La teoría del todo– filmarekin (James Marsh, 2014). Film horretan, ibilaldi bat egiten da Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitzaren parte batean zehar. Aurkezlea Arantzazu García Lekue izango da, DIPCko Ikerbasque ikertzailea eta Programa Estrategikoen zuzendaria.
Klasikoen artean honako hauek nabarmentzen dira aurten: The Time Machine –Denboraren makina– (George Pal, 1960), H.G. Wellesen eleberrian oinarritua, zeinak denboran zeharreko bidaiaren kontzeptua gizarteratu baitzuen; saio bikoitz batean, zikloaren irudia den Frankenstein –El doctor Frankenstein– eta The Bride of Frankenstein –La novia de Frankenstein– (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian; eta The Thing –Gauza– (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa, zientzialari batzuek eta izaki estralurtar batek Antartikan duten borrokaren inguruan.
Film berriagoak ere programatuko dira, hala nola hauek: High Life (Claire Denis, 2018), Donostia Zinemaldian lehiatua eta zulo beltzen, ugalketa-esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen dituena, besteak beste; Everything Everywhere all at once –Dena batera leku guztietan– (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022), multibertsoan barneratzeko gonbit bat; eta Le Théorème de Marguerite –El teorema de Marguerite– (Anne Novion, 2023), doktore-tesiko azken urtean dagoen emakume matematikalari baten erretratua (Emakumeak Zientzian ekimenaren testuinguruan).
Hainbesteko zabalkunderik izan ez duten lan batzuk ere proposatzen ditu Euskadiko Filmategiak: Kampen om tungvannet –La batalla del agua pesada– (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948), ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa bat, zeinak hurbilduko baikaitu Bigarren Mundu Gerran bonba atomikoa lortzeko izandako lasterketara; Djúpiò –The Deep– (Baltasar Kormákur, 2012), giza gorputzaren mugak ikertzen dituen filma; eta Vincere (Marco Bellocchio, 2009). Azken horretan, Benito Mussoliniren boterera igoerakontatzen da, haren lehen emazte Ida Dalser-en historiaren bitartez. Hala, gizarte-zientziak sartu dira lehen aldiz ziklo honetan.
Azkenik, Zinema eta Zientzia zikloan, Erin Brockovich emango dute (Steven Soderbergh, 2000), non Julia Robertsek ingurumen-ekintzaile baten papera jokatzen baitu, eta La Maladie de Sachs –Las confesiones del doctor Sachs– (Michel Deville, 1999), zuzendari onenaren eta gidoi onenaren Zilarrezko Maskorra, zeinean kontatzen baita dohaintzat entzuteko gaitasuna duen herri-mediku baten bizitza (proiekzio hori, BioGipuzkoarekin batera).
Saio ezberdinetarako sarrerak museoko leihatilan eta webgunean eros daitezke dagoeneko.