Astelehena, 30 Abendua 2024 08:18

'Gabonak', 2024ko Eguberrietako programa berezia Artium Museoa

amaraunaren saio berezi batekin hasiko da Gabonak Amoranteren eskutik: Musikarekin eta hitzekin jolasean

Eguberrietako lantegi irekiek, animazioko zinema-saioek, Bor-bor familientzako lantegiak eta haurrentzako irakurtzeko gune zabal batek osatzen dute opor hauetarako museoaren eskaintza

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Eguberrietarako jarduera-programa oso bat antolatu du, besteak beste, Amorante musikariaren emanaldia, familientzako lantegi ireki bereziak eta animazioko zinema-saioak Gaztefilm Festen eskutik. Gainera, museoak bere Atari aretoan bisitari gazteenei eskainitako irakurketa-gune bat ireki du, leku eroso bat artea txikienen ikuspegitik bizitzeko argitalpen sorta batekin. Bestalde, Artium Museoak lau erakusketa ditu ikusgai bere aretoetan: Oinarrizko mugimenduak bildumaren aurkezpena eta Eduardo Chillidari, Joxerra Melguizori eta Joëlle Tuerlinckxi eskainitako bakarkako erakusketak.

Artium Museoaren Eguberrietako jardueren proposamena abenduaren 14an, larunbata, hasiko da, arratsaldeko bostetan, hileroko amarauna programaren saio berri batekin. Oraingo honetan, Amorante izango da protagonista, Iban Urizarren (Elgoibar, 1975) musika-proiektuaren izena. Amorantek Musikarekin eta hitzekin jolasean izeneko kontzertu berezia emango du museoan. Kontzertu horretan, jotzen dituen instrumentu ugariei soinua ateratzeaz gain (ezin bananduzko bere tronpeta, gitarra, ukelelea eta harmoniuma), bere abestien letrekin gozaraziko die txikienei. Etnomusikologo honen sorkuntzetan musika tradizionala, herrikoia eta abangoardiakoa elkartzen dira. Inprobisazioaz ere erabiliz, haren emanaldiak euskararen eta honen instrumentu ugarien musikaltasunean murgiltzen dira. Musikarekin eta hitzekin jolasean 4 urtetik gorako haurrentzat gomendatzen da, heldu bat lagun dutela. Sarrera doakoa da baina komenigarria da 945 20 90 20 telefonora deitu eta erreserba egitea.

Zinema kontuak ere badira Artium Museoaren Gabonak programa honetan. Gaztefilm Fest-ekin elkarlanean, museoak bi film-emanaldi antolatu ditu abenduaren 21erako, larunbata, eta 22rako, igandea. Larunbatean, goizeko saioan, 11:30ean, En sortant de l 'école [Eskolatik irtetean] animazio-saileko film labur sorta bat proiektatuko da. Berezitasun bat dute film labur horiek, hain zuzen ere Hazparneko Ezkia Ikastolako 6 eta 8 urte bitarteko haurrek bikoiztu dituztela euskarara Haur horiek bikoizketa lantegietan eta amaierako grabazioan parte hartu zuten, En sortant de l 'école film laburrak Andrée Chedid idazle frantsesaren (Kairo, 1920-Paris, 2011) poemetan oinarrituta daude, eta Frantziako animazio-eskoletan trebatutako zuzendari gazteen interpretazio grafikoan.

Bestalde, hilaren 22an, igandea, arratsaldeko 17:00etan, Salvajes animaziozko filma proiektatuko da, «pertsonaia hunkigarri eta ausartez betetako fabula ekologiko» gisa definitua. Claude Barras zinemagile suitzarrak (La vida de Calabacín pelikulagatik Oscar sarietarako izendatua), Borneoko bi gaztek oihan tropikala salbatzeko egindako borroka kontatzen du pelikula honetan. Sarrera doakoa da eta erreserba egitea komeni da 945 20 90 20 telefonora deituta.

Eguberrietako lantegiak
Artium Museoak 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lantegi irekien programa berezi bat prestatu du Eguberrietarako, pertsona heldu bat lagun dutela. Kolore askotako zeta-paperean egindako forma geometrikoak oinarri hartuta, parte-hartzaileek 2025erako nahi dutena taxutuko dute, bai postal moduan, bai horma-irudi partekatu handi batean. Lantegiak abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra egingo dira, goizez eta arratsaldez. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean ere lantegiak izango dira, goizez. Sarrera doakoa da eta ez dago aurretik erreserba egin beharrik.

Gainera, Artium Museoak abenduaren 15ean eta 22an eta urtarrilaren 12an, igandeak, goizez, Bor-bor lantegi irekiak izango ditu Eguberrietako aldi honetan. Hauetarako ere sarrera doakoa da eta ez dago aurretik erreseba egin beharrik.

Azkenik, Artium Museoak museoko bisitari gazteenei zuzendutako irakurketa-gune bat ireki du Atari aretoan, artea irakurketaren, sormenaren eta ikaskuntzaren ikuspegitik bizitzeko lekua. Espazio erosoa da, eta bertan zentzumenen esperientzia batera gonbidatzen duten argitalpenak egongo dira, irakurtzera, abenturak bizitzera, era askotako munduak arakatzera eta, jakina, praktika artistikoetara hurbiltzera gonbidatzen duten liburuak. Gune horretara edonor sartu ahal izango da museoaren ordutegiaren barruan.

Gabonak. Eguberrietako familientzako programa Artium Museoan

amarauna: Musikarekin eta hitzekin jolasean. Amorante
Abenduaren 14an, 17:00etan
Familientzako kontzertua Amorante musikariarekin. Haren instrumentuen soinuez eta abestien letrez gozatuko dugu. Kontzertu berezi bat izango da. Euskaraz.
Doako jarduera. Komenigarria da erreserba egitea: 945 20 90 20

Eguberrietako lantegiak. 2025erako opa dizut…
Abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra, 11:30-13:30 + 17:30-19:30
abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, 11:30-13:30
3-12 urte bitartkeo haurrak, heldu bat lagun dutela. Doako jarduera. Ez da erreserbarik egin behar

Bor-bor. Asteburuko lantegiak museoan
Abenduaren 22an eta urtarrilaren 12an, 11:30-13:00
3-12 urte bitartkeo haurrak, heldu bat lagun dutela. Doako jarduera. Ez da erreserbarik egin behar

Gaztefilm Fest. Haurrentzako animaziozko zinema-saioak
Abenduaren 21ean, 11:30: En sortant de l’école [Eskolatik irtetean] (4 urtetik aurrera)
Abenduaren 22an, 17:00: Salvajes (8 urtetik aurrera)
Doako jarduera. Komenigarria da erreserba egitea: 945 20 90 20

Haurrentzako irakurketa-gunea
Doako jarduera, museoaren ordutegiaren barruan

Artium Museoko erakusketak
Chillida. Erabilera aplikatuak. 2025eko otsailaren 2ra arte
Joxerra Melguizo. refugios-diarios (lerro galduak). 2025eko otsailaren 9ra arte
Joëlle Tuerlinckx. El caso de l(a casa) museo(a). 2025eko apirilaren 27ra arte
Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000). Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bilduma

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand