Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Joëlle Tuerlinckx artista belgikarraren El caso de l(a casa) museo(a) erakusketa aurkeztu du [A1, Z eta A2 aretoa, 2025eko apirilaren 27ra arte]. Beatriz Herraezek eta Catalina Lozanok komisariatu duten atzera begirako erakusketa hau nahasgarria da. Izan ere, bertan, obra historikoak, duela gutxi egindako proposamenak eta aretoan bertan ekolitzitakoak nahasten dira, eta asko eta asko, aspaldi egindago piezen eta erakusketen aztarnak eta erregistroak dira. Erakusketa dela eta, Artium Museoak Hitzak saileko ale bat argitaratu du artistaren testuekin; hitzaurrea Beatriz Herráez eta Catalina Lozano erakusketaren komisarioek idatzi dute. El caso de l(a casa) museo(a), Tuerlinckx-ek estatuan egiten duen lehen atzera begirakoa, Artium Museoak Bruselako Kanal Centre Pompidou-rekin lankidetzan ekoitzitako proiektua da.
Joëlle Tuerlinckxek (Brusela, Belgika, 1958) bere lanerako darabilen sisteman askotariko denbora-tarte eta espazioak elkartzen dira gune jakin batzuetan —bere lantegia barne— elkar suspertzeko. Zentzu horretan, bere ekoizpena aldi berean erabat site-specific eta guztiz abstraktua da, espazioa eta denbora bezalako gaiei buruz aritzean. Arte kontzeptualaren herentzia, performancea, kritika instituzionaletik eratorritako praktikak eta soinu-instalazioak bere baitan hartuz eta eraldatuz, artistak museoetako protokoloak eta gailuak baztertu eta esku hartzen duen tokietako lantaldeak inplikatzen ditu, haien eguneroko eginkizunak, hitzak eta keinuak bere ekoizpenaren lehengai bihurtuz.
Museoan hainbat egonaldi, topaketa eta taldeekin elkarrizketa luzeak egin ondoren, Tuerlinckxek Christoph Fink (Gante, Belgika, 1963) artistarekin elkarlanean oihartzunen eta erresonantzien sare gisa funtzionatzen duen sinfonia bat eraiki du, zeinean subjektuek/eragileek elkarri eragiten dioten edo gainjartzen diren; soinu-palinpsesto eleaniztun bat, artistak proposatutako testuak eta enuntziatuak irakurtzen dituzten ahots ugarik aktibatua, zeinak entzuten baititugu hark beren lanari eta erakundearen funtzionamenduari buruz egindako galderei erantzuten.
Erakusketaren izenburuak etxeko espazioak (etxea) eta espazio instituzionalak (museoa) aipatzen ditu, eta erakustaldia bi dimentsio horien artean mugitzen da. Tuerlinckxek bere lana nola lantzen duen erakusten dute —aztergai gisa—, eta, aldi berean, agerpen sotilen eguneroko antzerki baten agertoki gisa funtzionatzen: itzalek, islek eta soinuek espazio aldakor eta deszentratu horren errealitate materiala osatzen dutela. Etxearen eta museoaren artean, era berean, gaur egun espazio horietan bizi diren dobleen eta denbora-bikoizketen jolasak errepikatzen dira.
Joëlle Tuerlinckxen lana nazioarteko erakusketa ugaritan egon da ikusgai (Skulptur Projekte, Münster eta documenta X, Kassel) hainbat museo eta erakundetan (Kunstmuseum, Basel; Wiels Contemporary Art Centre, Brusela; Haus der Kunst, Munich; Drawing Art Center, New York; Witte de With, Rotterdam; Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril, edo The South London Gallery, Londres…). Estatuan artistari eskainitako atzera begirako lehen erakusketa da, eta Bruselako Kanal Centre Pompidourekin elkarlanean ekoitzi da.