Javier Pérezen Un pedazo de cielo cristalizado lanaren zaharberritze lanak datorren astelehenean, azaroak 18, hasiko dira Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoan. Lan hau museoaren bildumakoa da eta zaharberritzeak Iberdrola España Fundazioaren babesa du. Piezak beira puztuzko 12.000 anpulu baino gehiago ditu, esfera-erdi bat osatuz; kupula alderantzikatu bat da, eta museoaren eraikinaren atari nagusian dago, 2002an inauguratu zutenetik. Hitzarmen horri eta Fundación Iberdrola Españaren ondare garaikidea zaintzeko eta zabaltzeko konpromisoari esker, 2001eko Veneziako Biurtekoan Espainiaren Pabiloian aurkeztu zen Un pedazo de cielo cristalizado zaharberritu egingo da, haren elementu guztiak banan-banan berrikusi eta garbituz.
Zaharberritzeko prozedurak, langile espezializatuen parte-hartzeaz gainera, beirazko 12.000 pieza baino gehiagotara iristea erraztuko duen azpiegitura konplexu bat instalatzea eskatzen du. Pieza horiek banan banan tratatu beharko dira. Javier Pérezen obra, bisitariei harrera egiten dienetako bat, ezagunenetakoa egin da Interneten eta sare sozialetan duen hedapen handiagatik.
Iberdrola España Fundazioko eta Artium Museoko ordezkariak artistarekin batera izango dira datorren azaroaren 27an, asteazkena, zaharberritze-lana bertatik bertara ezagutzeko. Egun horretan bertan, arratsaldeko 18:30ean, Javier Pérezek elkarrizketa irekia izango du Artium Museoko bildumaren kontserbatzaile Enrique Martínez Goikoetxearekin.
Artelana eta artista
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren, Artium Museoaren sarrera nagusian kokatutako Un pedazo de cielo cristalizado eskultura tamaina askotako beira puztuzko malko itxurako 12.000 pieza baino gehiagok osatutzen dute, 10 metroko diametroa eta 4 metroko altuera duen esferaerdiko egitura batean zintzilik jarriak.
Egituraren bibrazioak tintin-hotsa eragiten du, beirazko anpuluek elkarren artean talka egitean. Artium Museoaren bisitariek eraikinera sartzean aurkitzen duten Museoaren bildumako lehen artelana da, eta bilduma horretako irudikatuenetako bat. 2023an, Correos posta zerbitzuaren Filatelia zuzendaritzak Artium Museoari eskainitako edizio bereziko zigilu baten irudia izan zen.
Un pedazo de cielo cristalizado Veneziako 49. Biurtekoko Espainiako Pabiloiaren erdiko espazioan erakutsi zen lehen aldiz 2001ean. Javier Pérezek orduan azaldu zuenez, «Veneziak hausnartu nahi nituen ezaugarri batzuk ditu: distira eta islaz betetako hiria da; hiri bikoitza: airean eraikitakoa eta uretan eraikitakoa, beti aldakorra. Kupulen elementu arkitektonikoari erreparatu nion zeruaren irudikapen gisa. Kupula alderantzikatzean, uretan islatuta balego bezala, espazio-sentsazioa ere alderantzikatu egiten da. (...) Venezia distira handiko hiria da, bere benetako aurpegia ikustea eragozten duena, hiri hauskor eta dardartia».
Javier Pérez (Bilbo 1968) Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultatean ikasi ondoren Parisko École Nationale Supérieure des Beaux-Arts-en graduatu zen. Reina Sofia Museoan, Guggenheim Bilbao Museoan, FRAC Haute Noremandie-n, Amienseko Maison de la Culture-n, Bilboko Arte Ederren Museoan, San Telmo Museoan eta Durhameko Nasher Museum of Art-en egin ditu, besteak beste, bakarkako erakusketak.
2001ean, esan bezala, Veneziako Biurtekoan Espainiako Pabiloian parte hartu zuen Ana Laura Aláezekin batera, Estrella de Diegok komisariatutako proiektu batean. 2003an, Artium Museoak, Carré dÁrt de Nimesekin batera, Javier Pérez erakusketa antolatu zuen, 1994tik hona egindako ibilbidearen berrikuspena.
Zaharberritzea
Artelan hau zaharberritzeko proiektuaren helburua pieza osatzen duten 12.000 inguru beirazko anpuluak hasierako egoerara itzultzea da, elementu bakoitzaren kanpoaldea eta, behar izanez gero, barrualdea kontu handiz garbituz. Tratamenduak jatorrizko gardentasuna itzuliko dio «malko» bakoitzari.
Pieza osatzen duten elementuen ezaugarriak, haien hauskortasuna eta kopurua, piezaren erabateko neurria, kokatzen den espazioa eta euskarria ematen dion egitura kontuan hartuta, prozesua konplexua da. Horregatik, behin-behineko plataforma bat instalatu da dagoeneko, teknikariak beira puztuzko elementu guztietara iritsi ahal izan daitezen.
Lanak Fundación Iberdrola Españaren inplikazioari esker egin ahal izango dira, Arabako Foru Aldundiaren Zaharberritze Zerbitzuak gainbegiratuko ditu eta artelanen osotasun fisiko, historiko eta estetikoan oinarritutako ondare artistikoaren kontserbazioa eta zaharberritzea arautzen duten printzipioei jarraituko zaie.
Fundación Iberdrola España kulturarekin
Fundación Iberdrola Españak esku-hartzeak egiten ditu monumentu artistikoetan eta eraikin berezietan, barneko eta/edo kanpoko argiztapenak instalatzeko edo hobetzeko, ondare historiko-artistikoari balioa ematen laguntzeko eta sistema horien efizientzia energetikoa hobetzeko.
Era berean, Espainiako eta Portugalgo arte erromanikoaren monumentu-multzoa zaharberritzeko eta mantentzeko asmo handiko proiektu bat garatzen ari da fundazioa 2010etik. Plan Románico Atlántico-a da, mugaz gaindiko lankidetza-proiektua, Portugalgo Kulturako Estatu Idazkaritzarekin eta Gaztela eta Leongo Juntarekin batera garatua. Bigarren faseak erritmo onean egiten du aurrera, lurraldearen hazkunde sozio-ekonomiko iraunkorra bultzatuz, bere baliabideetatik abiatuta: bertan bizi diren pertsonak, ingurune naturala eta kultura-ondarea
Sarrerak Online
Denda Online