Azteazkena, 30 Urria 2024 14:40

Artium Museoak Joxerra Melguizoren 'refugios-diarios (lerro galduak)' erakusketa aurkeztu du

Artista gasteiztarraren ekoizpen piktoriko berrienean oinarritzen da Erakusketa

Mila marrazki eta margolan inguruk osatutako hormako pieza handi bat da erakusketaren ardatz nagusia

Melguizoren ibilbideko pieza garrantzitsuenetako batek, 1997ko La medida del espacio III, eta 90eko hamarkadan sortutako CM2 espazioaren artxiboko sorta batek osatzen dute erakustaldia

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Joxerra Melguizo. refugios-diarios (lerro galduak) erakusketa aurkezten du [A3 aretoa, 2025eko otsailaren 9ra arte]. Erakusketa honetan Melguizok azken hamarkadan egindako lana aztertzen da. Haren ekoizpenean prozesuaren ideia, lantegiko eguneroko lanaren arrastoa eta marrazkiaren eta kolorearen bidez egiteko eta pentsatzeko moduak azpimarratzen dira. Gainera, Melguizok 90eko hamarkadan bere anaia Emiliorekin eta Carmen López Castillo artistarekin batera sortu eta kudeatu zuen CM2 espazioaren artxiboko objektuen sorta bat ere biltzen du erakusketak. Horren inguruan, Enrique Martínez Goikoetxea erakusketaren komisariokideak idatzitako testua jasotzen duen argitalpen bat plazaratu du Artium Museoak.

Irudiak eskatu

Joxerra Melguizoren lanaren hamar urteko ibilbide honen bidez, refugios-diarios (lerro galduak) erakusketak halako egunkari bat eratzen du, sinboloen, forma abstraktuen, irudien eta testuen alfabeto bat. Erakusketaren elementu garrantzitsuena hormako pieza handi bat da, 30 metro luze eta 4 metro gora den instalazio bat. Mila marrazki eta oholaren gaineko margolan inguru ditu, neurri desberdinetako formatu karratuan, eta aretoko hormetan zehar hedatzen da, neurri batzuei eta besteak modu ordenatu batean antolatzen dituen patroi bati jarraituz.

Kronologiarik eta narrazio zehatzik gabe, lan horietako bakoitza alderdi emozionalekin, bizipenekin eta prozesuekin lotutako konexio-sistema baten arabera kokatu da horman. irudikapenaren ideiatik eta paisaiatik ihesi, arteari buruzko hausnarketan oinarritzen dira lan horiek.

Lan-prozesua hausnarketaren erdigunean jartzeko asmoz, erakusketak bigarren instalazio bat ere badu, artistak margotzeko erabili dituen maskaratzeko zintak jasotzen dituena. Zintek materiaren kalitatea, automatismoa eta errepikapena azpimarratzen dute, eta aretoko hormetara daramate tailerreko lanaren alderdi poetiko eta obsesiboa. Gainera, Melguizok La medida del espacio III instalazioa berreskuratu eta eguneratu du erakusketa honetarako.

Bestalde, erakusketak CM2 espazioaren artxiboaren zati bat aurkezten du, Joxerra Melguizok 1992 eta 1996 bitartean Vitoria-Gasteizen Carmen López Castillo ikaskidearekin eta Emilio Melguizo anaiarekin batera martxan jarri eta kudeatu zuen espazioarena. Galeriak «iritzi-trukea eta ekintza artistikoa sustatzeko leku bat» eman zion hiriari, «proposamen berriak erakusteko espaziorik ia ez zuenean». Besteak beste, hautatutako kartelen, liburuxken, argazkien eta prentsa-ebakinen bidez, erakusketak CM2ren jarduera ezagutzeko aukera ematen du. Galeriak 30 erakusketa inguru eta hitzaldi ugari programatu zituen, eta erakusketaren komisario Enrique Martínez Goikoetxearen hitzetan «taldean lan egiteko bideak erraztu ziren, areto hura esanahi sozial eta estetikoa zuen lekua baitzen eta “konspiratzeko sortua”», Oteizaren “konspiratzera behartzen gaituzten egoerak” hitzei keinua eginez.

Azkenik, Joxerra Melguizoren lanaren ikuspegi hau museoaren bildumaren parte diren bi piezarekin osatzen da: 1995eko Paisaje eta 1996ko La medida del espacio (línea de tierra).

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand