Azteazkena, 16 Urria 2024 10:43

Afrikaren bihotza, Boni Ofogo ipuin-kontalariaren ipuin batean, larunbat honetan 'amarauna'-n, Artium Museoaren familientzako hileroko programan

Begia galdu zuen elefantea Afrikaren bihotzerainoko bidaia bat da, hango mito eta kondairetan barrena egindako bidaia iniziatiko bat

Boni Ofogo idazle, irakasle eta gizarte-bitartekariak hogeita hamar herrialde baino gehiagotara eraman du bere kontalari bokazioak, «Afrika beltzeko istorioak, denontzako modukoak» mihian hartuta

amarauna programak Myriam Pérez Cazabón eta Amoranteren emanaldiak ere eskainiko ditu datozen hilabeteetan

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Boniface ‘Boni’ Ofogo ipuin-kontalaria eta haren Begia galdu zuen elefantea aurkeztuko ditu datorren larunbatean, hilak 19, arratsaldeko bostetan. Boni Ofogo kamerundarrak, bere sorterriko ahozko narratiba tradizionalaren oinordeko denak, ikuskizun dibertigarri bat aurkeztuko digu, «Afrika beltzeko istorioez» betea. Familientzako amarauna programan sartzen da proposamena, eta 4 urtetik gorako haurrentzat pentsatuta dago. Haurrek heldu batek lagunduta etorri beharko dute programako jardueretara; hileko hirugarren larunbatean egiten dira, eta doakoak dira. Aldez aurretik izena ematea komeni da, 945 20 90 20 telefonoan (jarduera hasi baino 10 minutu lehenago arte gordeko dira erreserbak).

Irudiak eskatu

Boniface Ofogo Kamerunen jaio zen, 1966an. Filologia Hispanikoko lizentziako ikasketak egin ondoren, Espainiara joan zen 1989an, eta doktoretzako ikasketak egin zituen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Lilleko Unibertsitateko irakasle elkartua da, gizarte-bitartekaria, idazlea eta itzultzailea. Ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu, ahozko tradizioari buruzko tailerrak gidatzen... Horrez gain, dokumental bat ere egin du, Un pedazo de África en Colombia [Afrika zati bat Kolonbian] eta haurrentzako zenbait liburu idatzi ditu, hala nola Kandinga lehoia eta A paso de tortuga [Dortoka pausoan] biak Kalandrakak argitaratuak.

Baina Boni Ofogok, bere kontalari-bokazioari eta ahozkotasunaren tradizioari jarraituz, «handien eta txikien bihotzak pozez betetzea» du, batez ere, helburu, «Afrika beltzeko istorioak» kontatuz. Ofogoren ustez, ipuinak ezinbesteko tresna dira giza ikaskuntzan, balioak transmititzeko modu garrantzitsu eta dibertigarria.

Ofogok Begia galdu zuen elefantea aurkeztuko du Artium Museoan. Ipuinak kontatzen digunez, elefanteak bere begi bat kentzen zuen ping-pongean aritzeko, harik eta, egun batean, ondoko ibai bateko uretan galdu zuen arte. Elefantearentzat irakaspen garrantzitsua izango den gertakari horretatik tiraka, hainbat kontakizun eta istorio azalduko dizkigu idazleak. Baina ipuin hau, batez ere, Afrikaren bihotzerainoko bidaia bat da, hango antzinako kondaira eta mitoetan barrena egindako bidaia iniziatiko bat, alegia.

Aurki amarauna programan

amarauna familientzako programa bat da, eta hilean behin egiten da, hizkuntza artistikoetara hurbiltzeko helburuarekin. Programaren saioetan dantza, musika, arte eszenikoak, antzerkia eta narrazioa uztartzen dira, eta helduek eta haurrek artea gozatzeko espazio bat sortzen dute hala elkarrekin.

Urriaren 19an, 17:00etan
Begia galdu zuen elefantea. Boniface Ofogo, ipuin-kontalaria (gaztelaniaz).

Azaroaren 16an, 17:00etan
Nunavut. NERI(H)ARI. Myriam Pérez Cazabón. Antzerkia eta dantza euskaraz (6 urtetik aurrera).

Abenduaren 14an, 17:00etan
Musikarekin eta hitzekin jolasean. Amoranteren sorkuntza-laborategia. Familientzako kontzertua, euskaraz.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand