Azteazkena, 02 Urria 2024 11:00

Artium Museoak, bere bildumako lanen txandakatze-programaren barruan, Jon Mikel Eubaren 'PANDAMASK 2' eta 'NESKA' bideoak erakutsiko ditu

Bilduma, ikusgai programaren bitartez, bildumako hogei lan inguru erakusten dira museoaren erakusketa-ibilbidean, eraikineko hainbat espaziotan banatuta

XX. eta XXI. mendeen artean egindako lan hauetan Eubak narratiba anbiguoak eta aztoragarriak osatzen ditu

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak Jon Mikel Eubaren (Bilbo, 1967) bi bideo erakutsiko ditu, museoaren ondare-funtsa eraikineko hainbat espaziotan erakusteko eta txandakatzeko Bilduma, ikusgai programaren barruan. PANDAMASK 2, 1998 eta 2000 urteen bitartean egina, eta NESKA, 2003ko, lan aipagarriak dira artistaren obraren barruan. Artistaren lanaren ezaugarrietako bat da narratiba anbiguoak testuinguru aztoragarrietan osatzeko gaitasuna. Lan horien proiekzioarekin batera Arantza Santesteban zinemagilearen Jon Mikel Euba. Bi bideo-piezatarako oharrak testua argitaratu da. Bi bideo horiek Bilduma, ikusgai osatzen duten hogei lan ingururekin bat egingo dute; programa horren helburua da txandaka erakustea erakusketa-aretoetako proiektuen parte ez diren museoaren bildumako lanak.

Jon Mikel Euba. PANDAMASK 2 (1998-2000) + NESKA (2003)

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren bilduma izaera publikoko ondare-funts garaikide aparta da, eta une honetan ia 3.000 artelanek osatzen dute. Bilduma iraunkorraren aurkezpenen inguruan egiten diren erakusketez gain, eta Artium Museoko bisitariak gordetako ondare publikora hurbiltzea errazteko eta hura ikusarazteko, bildumako artelan adierazgarri batzuk txandakatzen dira tarteka museoaren eraikineko hainbat espaziotan.

Gaur egun Bilduma, ikusgai programa osatzen duten artisten artean daude Juncal Ballestín, Katinka Bock, José Luis Zumeta, Cristina Iglesias, Néstor Basterretxea, Susana Solano eta Julia Spínola, besteak beste Atari aretoan, beheko atarian edo familientzako irakurketa-eremuan.

Jon Mikel Eubaren bideoek artistaren ekoizpenaren berezko ezaugarriak erakusten dituzte XX. eta XXI. mendeen topaketan. Hau da, film horietako irudi oinarrizko eta soilek misterioz eta kezkaz beteriko giroa, giro anbiguoa eta zenbait unetan estugarria ere osatzen dute. Arantza Santestebanek adierazten duen bezala, PANDAMASK 2 lanean «zapuztuta ikusten dugu gure itxaropena, zeinak esanahi eta narrazio biribilak espero baititu, zerbait gertatzear dagoela susmarazten diguten keinu ez-emankorren kate horretan». NESKA lanean, berriz, «eskultura-ekintza presente dago grabazio honetan, non besteren desiren mende dagoen gorputz baten otzantasuna erakusten baita».

Bilduma, ikusgai programan egun dauden artelanak:

Juncal Ballestín: [Sin título], 1978; [Sin título], 1979; [Sin título], 1981, margoak. Beheko ataria
Néstor Basterretxea: Estela 1, 1976, eskultura. Aretoaurrean
Katinka Bock: Segment with unknown radius, 2021, eskultura. Aretoaurrean
Jon Mikel Euba: PANDAMASK 2, 1998-2000, bideoa; NESKA, 2003, bideoa. Z aretoa
María Luisa Fernández: Entre el amor y el odio, 1987, eskultura. Aretoaurrean
Cristina Iglesias: [Sin título] (Hojas de eucaliptos I), 1994, eskultura. Aretoaurrean
Ricardo Iriarte: Pepe Espaliúren Carrying ekintzaren dokumentazio fotografikoa, 1992, argazkiak. Aretoaurrean
Ángeles Marco: Ventana (Contraventana), 1983, eskultura. Aretoaurrean
Mitsuo Miura: Qué vida tan maravillosa, 1990, eskultura. Familientzako irakurketa-eremua
Xabier Salaberria: Una exposición sin arquitectura, 2021, eskultura. Beheko ataria
Susana Solano: Mort d’Isolda, 1987, eskultura. Aretoaurrean
Julia Spínola: Silex Margiela, 2023, eskultura. Aretoaurrean
José Luis Zumeta: Gasteiz 85, 1985, margoa. Familientzako irakurketa-eremua

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand