Asteartea, 24 Iraila 2024 11:52

Artium Museoa eta Gasteizko UNED ikastegiak Praktika artistiko garaikideen hastapenak ikastaroaren bigarren edizioa aurkeztuko dute

Publiko orokorrarentzat zabalik, 9 saio izango ditu, iraila eta azaroa bitartean, eta unibertsitate-mailako irakasleek eta museoko profesionalek emango dute

Ikastaroaren bitartez, arte garaikidea ulertzeko eta museo-erakunde batean ondarea kudeatzeko oinarri teorikoak eta praktikoak emango dira

Néstor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenean, saio horietako bi haren irudiaren eta ekarpenaren azterketari eskainiko zaizkie

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan-Artium Museoan izango da irailaren 25ean Praktika artistiko garaikideen hastapenak Unibertsitate Hedakuntzako Ikastaroaren inaugurazio-saioa. Bigarren urtez antolatu da, UNEDekin lankidetzan, eta asteazkenetan izango da, museoan, 10:00etatik 12:30era, azaroaren 20a bitartean (urriak 7ko saioa astelehenez izango da). 22,5 ikastordu izango dira guztira, bederatzi saiotan banatuta, eta ikastaroaren bitartez ikasleei arte garaikidea ulertzeko eta museoetako ondare-kudeaketaren funtsak ezagutzeko oinarri teoriko eta praktikoak eman nahi zaizkie. Izen-ematea zabalik dago UNEDen webgunean, doakoa da eta publiko orokorrarentzat irekia, presentzialki. Edonola ere, on line formatuan ere jarraitu ahalko da, unibertsitatearen web plataformaren bitartez; 50 €-koa izango da matrikula orokorra eta 40 € matrikula murriztua, UNEDen eremukoentzat eta 55 urtetik gorakoentzat.

Egitaraua | Izen-emateak

Praktika artistiko garaikideen hastapenak Unibertsitate Hedakuntzako Ikastaroa bi ildo didaktiko hauen inguruan egituratzen da: ildo baten bitartez arte garaikidearen hurbilpen teorikoa eta historikoa egingo da, eta bigarrenak, berriz, kudeaketa museografikoan jartzen du arreta. Bi saio Néstor Basterretxeari buruzkoak izango dira, haren jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez.

Ikastaroaren zuzendaria Gorka López de Munain da, Gasteizko UNEDeko irakasle-tutorea, eta xedetzat du arte garaikidearen interpretazio kritikoa sustatzea, analisi eta gogoetarako trebetasunak garatzea eta kudeaketa museografikoko praktikak ezagutzea ingurune artistiko eta kulturalean. Horretarako, gaur egungo arte-ekoizpenean eragina duten hainbat diziplina aztergai dituzten unitate didaktikoak prestatu dira, hala nola antropologia eta filosofia, eta kontuan hartu da arte garaikidearen testuinguru historikoa, euskal artea ardatz harturik.

Halaber, ikastaroak tresnak eskainiko dizkie ikasleei bilduma museografikoaren analisia ezagutzeko, arte garaikidearen arloan kontserbazioaren eta zaharberritzearen printzipio teoriko eta praktikoak ulertzeko, eta dokumentazioak eta artxiboek praktika artistiko garaikideen azterketan eta ikerketan duten garrantzia aztertzeko.

Ikastaro hau UNEDen eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoaren arteko lankidetzaren emaitza da (2023an ekin zitzaion lankidetza horri). Bi erakundeen xedea da elkarlan horri eustea, prestakuntza-jarduerak eta kultura-hedapenekoak antolatzen jarraitzeko arte eta kultura garaikidearen esparruan.

Gasteizko UNED Ikastegi Elkartua 1975ean sortu zen; haren sorreran, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak parte hartu zuten, baita herrialdeko bi aurrezki-kutxek ere, Probintziakoak eta Udalekoak. Graduko eta graduondoko prestakuntza-eskaintzaz gainera, ikastegiak prestakuntza iraunkorreko eta unibertsitate-hedapeneko jarduerak proposatzen ditu, Gasteizko Apaizgaitegiko Latindarren Pabiloian duen egoitzan.

Praktika artistiko garaikideen hastapenak
Gasteizko UNED Ikastegi elkartuak eta Artium Museoak antolatuta
Presentziala (doakoa) eta on line (Matrikula arrunta 50 €, UNED eremua eta 55 urtetik gorakoak, 40 €) jarraitzeko aukera dago.
Irakastorduak: 22'50. Saioak: 9 saio, 2,5 ordukoak.
Datak: irailaren 25etik azaroaren 13ra, 10:00etatik 12:30era (irailean: 25 / urrian: 2, 7, 16, 23, 30 / azaroan: 6, 13, 20)

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand