Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Macarena Recuerda Shepherd eta haren The Watching Machine «ilusionismo performatiboko» pieza aurkeztuko ditu irailaren 21ean arratsaldeko 17:00etan. Argi-jokoak, islak eta soinuak oinarri harturik publiko guztientzat asmatutako «makina ilusio-sortzaile» bat erakutsiko du Recuerda Shepherdek, hain zuzen. Proposamena familientzako amarauna hileroko programaren barruan antolatu da, eta 4 urtetik aurrerako haurrentzat (heldu batek lagunduta) pentsatuta dago. amarauna programako jarduerak hileko hirugarren larunbatean egiten dira, eta doakoak dira; baina, hala ere, komeni izaten da aldez aurretik izena ematea 945 20 90 20 telefonora deituz (jarduera hasi baino 10 minutu lehenagora arte gordeko dira erreserbak).
Macarena Recuerda Shepherdek «arte eszenikoen, pedagogiaren eta ilusionismoaren ikertzaile» gisa definitzen du bere burua. Bartzelonako Institut de Teatren ikasi zuen, eta artearekin bat egiteko modu berriak sortzea helburu duten partaidetza-proiektuak garatzea du interes nagusia. Hala, 2012az geroztik, ikuslearen papera ikertzen dihardu, eta elkarrekin jolas egiteko, sortzeko eta pentsatzeko partaidetza-espazio eta espazio pedagogiko berriak sortzen ditu harentzat.
The Watching Machine muntaia Recuerda Shepherden ikerketa- eta sorkuntza-prozesu horretan kokatzen da. Ispiluen eta obturadoreen bidez ikusleen aurrean ilusioak sortzen zituzten XIX. mendeko objektu haietatik datorkio izena piezari. The Watching Machine piezan, kutxa eszenikoa bera da ilusioa sortzen duen makina, eta, bertan, argi-jokoek, itzalek eta islek aukera ematen dute esperimentatzeko zer den ilusioa, zer irudikapena eta zer antzerki-konbentzioa.
Publiko ororentzat da egokia Macarena Recuerda Shepherden pieza hau, eta Fira de Titelles de Lleida 2022ko ikuskizun berritzaileenaren saria irabazi zuen, baita Gijóngo Haurrentzako Arte Eszenikoen Europako Azokako Hizkuntza Berrien FETEN 2023 saria ere. Ferrán Baile kritikariak adierazi bezala, «The Watching Machine norbaitek ilusionismo performatibo izendatu zuen antzerki bisualeko ikuskizun eder, dibertigarri, zirraragarri, lasaigarri, zoragarri eta hipnotiko bat da».
Laster amarauna programan
amarauna familei begira hilero antolatzen den programa bat da, hizkuntza artistiko desberdinetarako hurbilketa proposatzen duena. Programaren saioetan, bat egiten dute dantzak, musikak, arte eszenikoek, antzerkiak eta narrazioak, helduek eta txikiek arteaz elkarrekin gozatzeko gune bat eraikitzeko.
Irailaren 21ean, 17:00etan
The Watching Machine. Macarena Recuerda Shepherd. Testurik gabeko performancea
Magialdiarekin lankidetzan.
Urriaren 19an, 17:00etan
Begia galdu zuen elefantea. Boniface Ofogo. Ipuin-kontalaria, gaztelaniaz
Azaroaren 16an, 17:00etan
Nunavut. NERI(H)ARI. Myriam Pérez Cazabón. Antzerkia eta dantza, euskaraz (6 urtetik aurera).
Abenduaren 14an, 17:00etan
Musikarekin eta hitzarekin jolasten. Amorante. Familientzako kontzertua, euskaraz
Sarrerak Online
Denda Online