Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artium Museoan, Euskal Filmategiak antolatutako Jazzinema zikloko pelikulak proiektatuko dira uztailaren 3tik aurrera, asteazkena. Bossa nova, Brasilgo sambaren «konkor» jazzistikoa, izango da zikloaren muina. Horrela bada, Elis & Tom. Só tinha de ser com você, Orfeu negro, Miúcha. A voz da bossa nova y Dispararon al pianista izango dira zikloko pelikulak. Vitoria-Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari Alberto Ibarrondok Elis Reginari eta Tom Jobimi, bossa novako bi irudi historikori buruzko zikloa eta film dokumentala aurkeztuko ditu lehen saioan (Emanaldi-aretoan, uztailaren 3an, 19:00etan). Gainerako proiekzioak hil honetako ostegunetan izango dira; sarrera orokorrak 3,5 € balio du, 2 € Artium Museoko Adiskideentzat, eta 25 urtetik beherakoentzat sarrera doakoa da. Museoko txartel-leihatilan eta www.artium.eus webgunean salgai.
Jazzinemak Brasilgo bossa novaren zenbait alderdiri eta protagonistei buruzko zertzelada labur batzuk eman nahi ditu. Bossa nova «samba oparo eta dinamikoari atera zaion konkor» gisa hartzen da «konkor jazziztikoa, hain zuzen ere», jarduera honen inguruan argitaratu den liburuxkan adierazten den bezala. Emakumeak protagonista ia esklusibo dituzten bi dokumentalek, bossa novaren sorrerako filmak eta piano-jotzaile brasildar bati buruzko duela gutxiko animazio batek osatzen dute musika genero horren errepaso labur hau.
Zikloko lehen filma Elis & Tom. Só tinha de ser com você da (uztailaren 3an, asteazkena), bossa novaren oinarrizko bi ahotsetan (Elis Regina eta Tom Jobim) oinarritutako dokumentala. Genero horretako disko garrantzitsuenetako baten grabazioa da omenaldiaren ardatza, eta bossa novako kantu ospetsuenetako baten, Águas de março-ren grabazio antologikoaren entseguarekin hasten da.
Heloisa María Buarque de Hollanda da Miúcha. A voz da bossa nova dokumentalaren protagonista (uztailaren 11n, osteguna). Heloisa (Miúcha, Menudita), Brasilgo musikaren ahots garrantzitsuenetako bat izan zen. Dokumentalean bossa nova mugimenduko protagonista asko agertzen dira: João Gilberto (senarra), Chico Buarque de Hollanda (anaia), Vinicius de Moraes, lehen aipatutako Tom Jobim...
Orfeu negro (uztailaren 18an, osteguna) soinu-bandan bossa novako konposizioak jakinaren gainean sartu zituen lehen filma da. Rio de Janeiroko inauterietan gertatzen da, Orfeo eta Euridizeren mito grekoa eremu berezi horretara eramanez. Filmean, Orfeo candomblearen eta Yemaya jainkosaren mundu ilunera jaitsiko da, infernura egindako bidaia batean. Gidoia Vinicius de Moraesek idatzi zuen eta soinu-bandan Manha de Carnaval edo A felicidade abesti mitikoak entzuten dira, besteak beste.
Chico y Rita-ren ondoren Fernando Truebak eta Javier Mariscalek elkarrekin zuzendutako azken produkzioarekin itxiko da zikloa. Dispararon al pianista (uztailaren 25ean, osteguna), Tenório Júnior piano-jotzaile brasildar bikainari buruzko animaziozko dokudrama bat da, bahitu, zorigaiztoko ESMAn giltzapetu eta 1976ko Buenos Airesen Videlaren poliziak erail zuena. Vinicius de Moraesen, João Gilbertoren, Caetano Velosoren, Gilberto Gileen eta beste batzuen musikak girotzen du film lazgarri honen metraje trinkoa.
Programazioa urrian itzuliko da Euskadiko Filmategira, Euskal Zinemagileak zikloaren laugarren edizioarekin.