Beatriz Herráez Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren zuzendariak eta Elena Roseras Dokumentazio Zentroaren arduradunak Museo de Pontevedrak antolatutako Archivos de artistas. Herramientas para la investigación en los museos mintegian parte hartuko dute bihar, ekainak 7, ostirala. Herraez eta Roserasen hitzaldiak, 16:45erako aurreikusiak, Juncal Ballestin eta Nestor Basterretxearen artxiboen kasuak hartuko ditu abiapuntu, Artium Museoan ondare dokumentala kudeatzeko eredua azaltzeko. Mintegian Reina Sofia, Kataluniako Museu Nacional d’Art eta Patio Herreriano museoetako arduradunek ere parte hartuko dute, besteak beste.
Preservación de la memoria y generación de conocimiento: la gestión de archivos en el Museo de Arte Contemporáneo del País Vasco, Artium Museoa izenburupean, Beatriz Herráezek eta Elena Roserasek artisten artxiboak kudeatzeko eredua emango dute ezagutzera, memoria zaintzeko, ezagutza sortzeko eta arte garaikidearen esparruan ikerketa-proiektuak garatzeko funtsezko pieza gisa. Artium Museoaren kasuan, gainera, proiektu horiek XX. mendearen erdialdetik gaur arte Euskal Herrian izan diren egile eta praktika artistikoetan oinarritzen dira.
Gaur egun, museoak Juana Cima, Rafael Lafuente, Gerardo Armesto, Néstor Basterretxea eta Juncal Ballestín artisten dokumentu-funtsak kudeatzen ditu. Azken bi ondare horiek izango dira, hain zuzen ere, Pontevedrako Museoan egingo den aurkezpenean erreferentzia izango direnak. Bertan, dokumentuak antolatzeko, zaharberritzeko, katalogatzeko eta online argitaratzeko jarraitu den prozesua azalduko da. Era horretan, artxiboak Euskal Herriko arte garaikidearen esparruan ikertzeko eta aztertzeko baliabide paregabeak gertatzen dira.
Museo de Pontevedrak antolatu du Archivos de artistas. Herramientas para la investigación en los museos mintegia Berta Cáccamo artistaren artxiboaren dohaintza dela eta, eta Berta Cáccamo. Correspondencias de arquivo erakusketaren amaierako jarduera gisa. Artium Museokoaz gain, Manuel Segade Reina Sofia Museoaren zuzendariak, Javier Hontoria Patio Herreriano Museoaren zuzendariak, Eduard Valles Kataluniako Museo Nacional d’Arten zuzendariak eta Melia Dávila Hanburgoko Arte Ederren Goi Eskolako zuzendariak parte hartuko dute, besteak beste.
Sarrerak Online
Denda Online