Ostirala, 2024(e)ko Maiatzaren 17a 09:38

Artium Museoak eta UPV/EHUk Néstor Basterretxeari buruzko Udako Ikastaro bat antolatu dute artistaren mendeurrenean

Artistaren lana eta ibilbidea ondo ezagutzen duten adituak bilduko dira Néstor Basterretxearen ondare dokumentalaren hurbilketa bat ikastaroan

Elena Roserasek zuzendutako ikastaroaren helburua Basterretxearen ibilbide pertsonal eta profesionalean sakontzea eta arte garaikideari egin dizkion ekarpenak aztertzea da

Matrikula zabalik dago Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen webgunean, gazteentzat prezio bereziekin

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroak Fundazioak Néstor Basterretxearen irudiari eta ibilbideari buruzko ikastaro bat antolatu dute haren jaiotzaren mendeurrena ospatzen den urtean. Artium Museoaren zuzendaritzapean, profesional eta aditu askok parte hartuko du mintegian, besteak beste, Liburutegi Nazionalekoak, Euskadiko Liburutegi Digitalekoak, Eresbil Musikaren Artxibokoak, Euskadiko Filmategikoak, Sancho el Sabio Fundaziokoak eta Oteiza Museokoak. Ikastaroa ekainaren 20an, osteguna, eta 21ean, ostirala egingo da, eta matrikula zabalik dago Udako Ikastaroaren webgunean, gazteentzako prezio bereziekin.


Néstor Basterretxearen ondare dokumentalaren hurbilketa bat udako ikastaroak aukera emango die parte-hartzaileei Néstor Basterretxearen ibilbide pertsonal eta profesionalaren ulermenean sakontzeko, hark arte garaikideari egindako ekarpenak aztertzeko eta testuinguruan jartzeko, eta haren bilakaera artistikoa eta kultura-panoraman izandako eragina aztertzeko. Aldi berean, ikasleek dokumentu-funts bibliografikoak antolatzeko, deskribatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko jardunbide egokienak garatu ahal izango dituzte, arte-artxiboen berezitasunetan arreta jarrita.

Bederatzi hitzaldi emango dira ikastaroan, eta hizlariak hainbat zentrotako profesionalak izango dira, bakoitza ezagutzaren arlo espezifikoetan espezializatua, hala nola zinema, musika, dokumentazio iragankorra, arte-ondarea, bibliografia-funtsak eta dokumentu-ondarea, Néstor Basterretxearen ondarearen aberastasuna eta konplexutasuna behar bezala aztertzeko. Erakundeen arteko lankidetza horrek ikuspegi integrala eta Basterretxeak hainbat diziplina artistikotan izan duen eraginaren ikuspegi holistikoa emango du.

Horretarako, hainbat erakunderen — Espainiako Liburutegi Nazionala, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa, Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, Gordailu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa, Euskadiko Liburutegi Digitala, Lazkaoko Beneditarren Fundazioa, Sancho el Sabio Fundazioa eta Artium Museoa— funts bibliografiko eta dokumentalak aztertuko dira.

Artium Museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroaren arduradunak, Elena Roserasek, zuzentzen du ikastaroa, eta kultura-erakunde nabarmenetako profesional ospetsuek osatzen dute hizlari-taldea. Horien artean daude Liburutegi Nazionaleko Gloria Expósito, Lazkaoko Beneditarren Fundazioko Miren Barandiaran, Euskadiko Filmategiko Ion López, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko Pello Leiñena eta Oteiza Museoko Borja González, besteak beste.

Lehen egunari amaiera emateko, Néstor Basterretxea. Artxiboa erakusketaren bisita gidatua egingo da. Artistaren familiak 2023an Artium Museoari dohaintzan emandako Basterretxea Artxiboko dokumentu sorta bat biltzen du—zirriborroak, oharrak, proiektu zinematografikoak, eskultura publikoen proiektuak, diseinu industrial eta grafikokoak, proposamen arkitektonikoak…—, artistaren bizitza, obra eta ondarea ospatzeko eta haren unibertso artistikoa aztertzeko aukera berriak eskaintzeko asmoz.

Artium Museoaren udako ikastaro hau ekainaren 20an eta 21ean egingo da. Matrikula-aldia irekita dago, 25 urtetik beherakoentzat prezio bereziekin eta murrizketa gehigarri batekin ekainaren 1a baino lehen gauzatzen bada. Matrikula UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioaren atarian egin daiteke.

Programa osoa ikusi

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand