Asteartea, 2024(e)ko Maiatzaren 14a 10:57

Museoen Nazioarteko Eguna Artium Museoan: lantegi irekiak, poesia, zirkoa, erakusketak eta zinema familiartean

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak egitarau zabala antolatu du larunbatean eta igandean Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde lelopean

Esther Ferrerren Números primos artelana izango da lantegi irekien protagonista

Museoak amarauna programaren saio bikoitza eskainiko du larunbatean: Poltsikorako poemak kontakizun poetikoa, Amaia Egidazu eta Saroa Bikandiren eskutik, eta Adabaki zirku ikuskizuna, Bapatean Zirkoren eskutik

Museoko sarrera eta jarduerak doakoak izango dira asteburu osoan

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren asteburuan —maiatzak 18, larunbata eta 19, igandea— programa zabal batean parte hartzeko gonbidapenarekin: Esther Ferrerren Números primos artelanari buruzko lantegi irekiak, zinema, erakusketak eta bisita gidatuak eta amarauna, familientzako programaren saio bikoitza. Familiako gazteenentzat pentsatutako programa honek zirkua izango du protagonista larunbatean. Sarrera doakoa izango da asteburu osoan, bai erakusketak bisitatzeko —tartean Néstor Basterretxea, Ibon Aranaberri eta Patricia Dauderri buruz zabaldu berri diren erakusketak—, bai egun honen aitzakian antolatu diren ekintzetan parte hartzeko ere. Museoen Nazioarteko Eguna maiatzaren 18an ospatuko da, UNESCOri lotutako Museoen Nazioarteko Kontseiluaren (ICOM) babespean.

Erakusketa-aretoak 11:00etan ireki ondoren, hilaren 18an, larunbata, eta 19an, igandea, Zenbaki lehenak eta askoz gehiago lantegi irekiak egingo dira 11:30etik aurrera. Esther Ferrer-en Números primos lana Artium Museoaren Barruko Plazan kokatu berri da, Plazaratu proiektuaren barruan, eta lantegi horiek egiteko inspirazio-iturria izango da. Era guztietako publikoentzat egokiak diren jolasak planteatuko dira, baina, bereziki, 5-12 urte bitarteko haurrentzat, heldu bat lagun dutela. Lantegiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta ez da beharrezkoa aurretik izena ematea.

Gainera, museoa eta erakusketak hobeto ezagutu nahi dituztenek bisita gidatuetan parte hartu ahal izango dute bi egun horietan. Artium osorik izenburupean, ordubeteko ibilbidea eskaintzen dute museoaren oinarrietan, bilduman eta gaur egun Artium Museoan ikusgai dauden zenbait erakusketatan barrena. Larunbatean bisita 18:00etan izango da, eta ingandean, 12:30ean, eta tokia mugatua denez erreserba egitea gomendatzen da 945209020 telefono zenbakira deituta.

Berezia: amarauna eta zinema familiartean

Museoen Nazioarteko Egunaren Artium Museoko 2024ko programaren une gorenak asteburuko arratsaldeetan iritsiko dira, familientzako amarauna programaren saio bikoitz batekin eta publiko guztientzako zinema saio batekin. Larunbat arratsalderako, Amaia Egidazu eta Saroa Bikandiren Poltsikorako poemak kontakizun poetikoa antolatu du museoak 17:00etatik aurrera. 4 eta 8 urte bitarteko ikusleei zuzendutako ikuskizun honek, hitzaz gain, irudiak eta gorputzak ere protagonismoa hartzen duten ibilbide bat planteatzen du; ibilbide horretan istorio dibertigarriak eta ezustekoak biltzen dira, eta parte-hartzaileek istorio bakoitza entzun, ikusi eta ukitu ahal izango dute. Edukiera dela-eta, erreserba egitea komeni da.

Larunbatean bertan, Bapatean Zirkok Adabaki ikuskizuna ekarriko du museora, jolasez eta emozioz beteriko proposamen baikorra. Bi pailazo, leku bat, mila aukera. Erori eta jaiki, korrika egin, haserretu, adiskidetu, elkar maitatu eta gorrotatu, hautsi, konpondu, berriro hautsi eta elkarrekin konpondu. Denak duelako konponbidea eta jolasak ez duelako amaierarik.

Azkenik, Artium Museoak familiarteko zine saio bat programatu du maiatzaren 19an, igandea, 17:00etan, Gaztefilm Festekin lankidetzan: El extraordinario viaje de T.S. Spivet. T.S. Spivet 12 urteko jenioa da, Montanako arrantxo batean bizi da bere familia bereziarekin. Halako batean, kartografiarako duen talentu handiak saria du. Erakunde zientifiko batek sari entzutetsu bat ematen dio eta, maleta txiki bat hartuta Amerika zeharkatzera doa saria jasotzera joateko. 7 urtetik gorako haurrentzat egokia, heldu bat lagun. Edukiera dela-eta, erreserba egitea komeni da.

Gogoan izan behar da Artium Museoak bost erakusketa handi izango dituela zabalik ordutegi jarraituan, 11:00etatik 20:00etara: batetik, duela gutxi inauguratutako Néstor Basterretxea. Artxiboa, Patricia Dauder. Unform eta Ibon Aranberri. Entresaka; bestetik, museoaren funtsen erakusketa Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000); eta azkenik edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991. Gainera, bisitariek aukera izango dute kanpoan zein barruan jarritako bildumako artelanak ikusteko. Besteak beste, Esther Ferrer, Jorge Oteiza, Julia Spínola, Richard Serra, Cristina Iglesias, Eduardo Chillida, María Luisa Fernández, Néstor Basterretxea eta Katinka Bock artisten lanak.

Maiatzaren 18a da Museoen Nazioarteko Eguna, eta Museoen Nazioarteko Kontseiluaren (ICOM) babespean ospatzen da. Museoen Nazioarteko Kontseilua UNESCOri lotutako erakundea da, eta museoen eremuan kultura- eta natura-ondarea, oraingoa eta etorkizunekoa, materiala eta immateriala, sustatu eta babesten ditu. ICOMek egun hau 2024an ospatzeko aukeratu duen leloa Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde da. Goiburu horrek, kontseiluak dioen bezala, honako hau azpimarratzen du: «museoak ezinbesteko espazioak dira hezkuntzak eta ikerketak bat egin dezaten gure munduaren ulermenari forma emateko». Artium Museoak garatzen dituen bi lan-ildo garrantzitsuenetakoen xedea ere bada: gaur egun ikusgai dauden erakusketak, Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak 1950-2000 eta edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991, eta programa publikoen eta hezkuntza-programen eskaintza zabala horren adibide dira.

Artium Museoko Erakusketak
Patricia Dauder. Unform. 2024ko irailaren 29ra arte
Ibon Aranberri. Entresaka. 2024ko irailaren 29ra arte
Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000). Euskal Herriko ArteGaraikidearen Museoaren Bilduma
edonor denok inor ez. EuskalHerriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991. 2024ko irailaren 1era arte
Néstor Basterretxea. Artxiboa. 2024ko irailaren 22ra arte

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand