Ostirala, 2024(e)ko Maiatzaren 10a 12:00

Artium Museoak 'Néstor Basterretxea. Artxiboa' erakusketa aurkeztu du, artistaren jaiotzaren mendeurrenean

Basterretxea Irurzun familiak 2023an Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoari dohaintzan emandako artxibo pertsonaleko dokumentu sorta bat biltzen du erakusketak

Néstor Basterretxea. Artxiboa erakusketan zirriborroak, oharrak, proiektu zinematografikoak, eskultura publikoenak, diseinu industrial eta grafikoenak eta artistaren proposamen arkitektonikoak daude ikusgai, besteak beste

XX. mendearen erdialdetik gaur egunera arte Euskal Herrian izandako praktika artistikoei buruzko dokumentu-funtsetatik abiatuta memoria ikertu eta zaintzeko Artium Museoaren proiektuaren barruan kokatzen da erakusketa

Inaugurazioarekin bat eginez, Basterretxearen mendeurrenaren web orriarekin haren artxibo pertsonalari eskainitako atala ireki da

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Néstor Basterretxea. Artxiboa erakusketa aurkeztu du (Z aretoa, 2024ko irailaren 22ra arte). Basterretxea Irurzun familiak 2023an Artium Museoari dohaintzan emandako artxibo pertsonal marduleko dokumentu sorta bat biltzen du erakusketak —zirriborroak, oharrak, proiektu zinematografikoak, eskultura publikoen eta diseinu industrial eta grafikoen proiektuak eta proposamen arkitektonikoak, besteak beste— zeinaren katalogazio eta kontserbazioan museoak lan sakona egin duen. Elena Roserasek eta Beatriz Herráezek komisariatu dute erakusketa, Matias Fajn-en laguntzarekin. Artium Museoak liburu bat argitaratu du Elena Roserasen eta Matias Fajn-en testuekin, eta Peio Aguirre arte kritikari eta komisario independenteak mendeurrenaren ospakizuna dela eta egindako biografia batekin. Inaugurazioaren aurretik, Néstor Basterretxea y la imagen ikus-entzunezkoa proiektatuko da eta Peio Aguirrek, Oteiza Museoaren zuzendariorde Juan Pablo Huércanosek eta Punto de Vista Jaialdiaren zuzendari Manuel Asínek, solasaldi bat izango dute. Inaugurazio hori dela eta, Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenaren inguruan sortutako webgunean artistaren artxibo pertsonalari eskainitako atala ere aurkeztuko da. Webgune horretan, familiak Artium Museoari emandako dokumentu-funtsa kontsulta daiteke.

Irudiak eskatu

Erakusketa hau Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoa murgilduta dagoen memoria ikertzeko eta zaintzeko proiektu baten emaitza da, XX. mendearen erdialdetik gaur egunera arte Euskal Herriaren testuinguruan garatutako praktika artistikoekin zerikusia duten artxibo eta funts dokumentaletan oinarritua. Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) ondare dokumentala, Basterretxea Irurzun familiak emana, funtsezko pieza da proiektu honetan, Euskadin XX. eta XXI. mendeetan garatutako praktika artistikoak ulertzen eta testuinguruan kokatzen laguntzen baitu.

Artxibo honek hainbat material biltzen ditu, hala nola gutunak, zirriborroak, marrazkiak eta prentsa-ebakinak, eta artistaren beraren oharrak eta idatziak. Material horiek aztertzea, antolatzea, deskribatzea, digitalizatzea eta testuinguruan kokatzea lagungarria da arte-ezagutza zaintzeko eta aberasteko, baita artista bere testuinguru historiko eta kulturalean kokatzen duten narratibak eraikitzeko ere. Artxibo horien eskuragarritasuna eta zabalkundea funtsezko oinarriak dira ondare dokumental baliotsu hori komunitate artistikoarekin eta, oro har, gizartearekin partekatzeko.

Museoko arte-bildumarekin jarraipen dinamiko bat eratzeko asmoz —artelanek eta dokumentuek osotasun bat osatzen dutela eta ondarea bizirik mantentzeko elkar aktibatzen dutela—, artxiboari beste begirada bat eman eta komunitatearen eskura jartzearen aldeko apustua egin da, aldi berean haren nortasuna errespetatuz. Artxiboaren ikuskera horri jarraiki, beren egituran zehar ibili ahal izateko eran erakutsi nahi izan dira dokumentuak. Erakusketaren narratibak dokumentu-funtseko materialetan jorratutako gaiei jarraitzen die, eta artistaren ibilbidearen ikuspegi murgiltzaile eta argigarria ematen du.

Horretarako, Néstor Basterretxea. Artxiboa erakusketak hainbat sailetan antolatutako dokumentu sorta zabala biltzen du: eskultura eta obra publikoko proiektuak, diseinu industrialeko proiektuak, diseinu grafikokoak, proposamen arkitektonikoak eta bolumetriak, egin gabeko proiektu zinematografikoak eta kultur etxeetarako planteamenduak, besteak beste.

Néstor Basterretxeari buruzko erakusketa dokumental honek haren bizitza, obra eta ondarea ospatu nahi ditu, eta, aldi berean, haren unibertso artistikoa esploratzen jarraitzeko ikuspegi eta aukera berriak eskaintzen ditu.

Gainera, artistaren jaiotzaren mendeurrena dela-eta sortutako web orriari esker, Artium Museoaren Dokumentazio Zentroko Néstor Basterretxea Artxiboko dokumentuak eskura daitezke, 5.000 dokumentu baino gehiago dituen artxibo pertsonal zabala, besteak beste, proiektu artistikoei, zirriborroei, eskuz idatzitako testuei eta mekanografiatuei, gutunei, zinema-gidoiei, prentsa-ebakinei, argazkiei eta Biok altzari modernoen diseinurako enpresaren inguruko materialei buruzko dokumentazioa, horiek guztiak gaur aurkeztuko den erakusketako lan-materiala. Une honetatik aurrera, artistari buruzko dokumentazioan interesa duten pertsonek artxibo osoa kontsulta dezakete www.nestorbasterretxea100.artium.eus  webgunean.

Néstor Basterretxearen mendeurrenarekin lotutako jarduerak Artium Museoan
Erakusketa: Néstor Basterretxea. Artxiboa. 2024ko irailaren 22ra arte
EHUren udako ikastaroa: Nestor Basterretxearen ondare dokumentalaren hurbilketa bat. 2024ko ekainaren 20an eta 21ean
UNEDen unibertsitate-hedapeneko ikastaroa. Azaroaren 13ko saioaren gaia: Una aproximación a la figura de Néstor Basterretxea
Liburuen Nazioarteko Eguna: Jendaurreko irakurraldiak, Néstor Basterretxearen inguruan (apirilaren 23an)

[Irudia: Néstor Basterretxea, Arriarango urtegiko (Beasain) Urbide eskultura multzoaren marrazkia, 1992ko iraila]

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand