Asteartea, 2024(e)ko Maiatzaren 07a 11:05

Andrea Valdés Vigilek irabazi du Juncal Ballestin Nazioarteko Beka Alina Szapocznikow-i buruzko proiektu batekin

Poloniako artistaren eta museoaren bildumako Itziar Okariz eta Ana Laura Aláez euskal sortzaileen jardunen arteko analisi konparatua proposatu du Valdések

Arte feministaren historiografiarekin eta museoaren bildumarekin lotutako artistei buruzko ikerketa-proiektuak babesten ditu bekak

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoak antolatutako Juncal Ballestín Nazioarteko Ikerketa Bekaren epaimahaiak aho batez erabaki du 2024ko deialdian saria Andrea Valdés Vigil ikertzailearen Alina Szapocznikow. Esculpir en cuenta atrás y hacia adelante izeneko proiektuari ematea. Poloniarraren ibilbidea Itziar Okariz eta Ana Laura Aláez artistenarekin (biak museoaren bilduman) lotuko du lan horrek. Juncal Ballestín Nazioarteko Beka Artium Museoko Euskal Emakume Artisten, Praktika Artistikoen eta Arte Feministaren Teorien Ikerketa eta Dokumentazio Zentroari atxikita dago, eta haren helburua arte feministaren historiografia garatzen laguntzea da, bai Euskal Herrian, bai nazioartean, eta museoaren programei eta bildumari lotutako artista eta pentsalarien ekoizpenak ikertzea.

Andrea Valdés Vigilek (Bartzelona, 1979) Alina Szapocznikow (Kalisz, Polonia, 1926 - Praz-Coutant, Frantzia, 1973) artistaren bizitza eta obra ikertzea proposatzen du bere proiektuan. Ikerlariaren esanetan, artista honek «sentsualitatearen eta izugarrikeriaren mugak, erotismoa eta gaixotasuna, objektuaren fetitxismoa eta formaren iragankortasuna aztertu zituen, bere gorputzetik eta oso hurbileko pertsonengandik abiatuta».

Valdésen proposamenak, lehenik eta behin, artistaren testuingurua aztertzen du, Varsovia eta Paris arteko bizitza, eta haren lanaren bilakaera, sozialismo errealistaren kanonen monumentaltasunetik hasi eta «surrealismoaren eta pop-art-aren sentiberatasunetik oso hurbil dagoen» produkzio bateraino. Ondoren, Andrea Valdések «haren trantsizioaren eta XX. mendeko 90eko hamarkadan euskal artearen kontakizun ofiziala eten zuten emakumeen arteko» azterketa konparatua proposatzen du «beste materialtasun batzuk hartu eta gorpuztasunera hurbildu baitziren, eskultura "bigunak" sortuz». Horretarako, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bilduman dauden bi artistaren kasuak aztertuko ditu ikerlariak: Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Ana Laura Aláez (Bilbo, 1964).

Andrea Valdés Vigil Zientzia Politikoetan (UPF) lizentziatua da, eta idazkera autobiografikoetan, arte garaikidean eta feminismoan espezializatua. Bi saiakera idatzi ditu: Distraídos venceremos: usos y derivas en la escritura autobiográfica (Jekyll & Jill, 2019) eta El verbo inflamado, aurki argitaratuko dena. Azken hori Erromako Espainiar Akademiako (2022/2023) egonaldian amaitu zuen.

Hainbat katalogo eta erakusketatan parte hartu du, besteak beste Dora García, Jordi Colomer, David Bestue eta Alex Reynolds artistekin, eta hainbat komunikabideren kolaboratzaile izan da, batzuk aipatzearren: El País, Contexto (CTXT), 2G arkitektura-aldizkaria eta El Estado Mental proiektua. Aipatzekoak dira eman dituen mintegi eta ikastaroak ere (Bartzelonako Institut d d'Humanitats, Eina, UAB edo Espai Crisi zentroetan).

Honako hauek osatzen dute Juncal Ballestín Nazioarteko Bekaren balorazio-batzordea: Cristina Camara Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíako Bildumen Saileko Zinema eta Bideo Zerbitzuaren arduradunak; Chus Martínez Basileako (Suitza) FHNW Academy of Art and Design Arte Institutuko zuzendariak; Beatriz Herráez Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoaren zuzendariak; eta Elena Roseras Artium Museoko Dokumentazio Zentroaren arduradunak.

Euskal Herriko zein nazioarteko testuinguruetan Arte feministaren historiografiari ekarpen garrantzitsuak egingo dizkioten eta museoaren eta bildumaren programazioari lotutako emakume artista eta pentsalarien ekoizpena aztertuko duten ikerketa-proiektuak babestea da Juncal Ballestín Nazioarteko Bekaren helburua. Sariaren zenbatekoa 7.000 eurokoa da. Edizio honetan 32 proposamenek betetzen zituzten deialdiaren baldintzak, 2023ko deialdian baino ehuneko berrogeita hamar gehiago.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand