Ostirala, 2024(e)ko Apirilaren 26a 09:50

Artium Museoa Ibon Aranberriren 'Entresaka' erakusketa aurkeztu du

Artelan sortak artistaren ekoizpenaren bi hamarkada baino gehiago hartzen ditu, 90eko hamarkadatik gaur egunera arte

Aranberrik paisaia eratzeko prozesuekiko eta gizakiaren esku-hartzearekiko duen kezka ezagutzeko aukera ematen du Entresaka-k

Erakusketa Artium Museoak eta Reina Sofia Museoak elkarrekin egindako ekoizpen baten parte da, eta Beatriz Herráez eta Manuel Borja Villel dira erakusketaren komisarioak.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoak, Ibon Aranberri. Entresaka erakusketa aurkeztu du (A3 aretoa, 2024ko irailaren 29ra arte). Erakusketak laurogeita hamarreko hamarkadan hasi eta gaurdainoko lan sorta bat biltzen du. Erakusketa Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía MNCARS museoarekin elkarlanean egindako proiektuaren parte da. Bertan, artistaren ekoizpenari eskainitako lehen erakusketa bat egin zen, Vista Parcial izenekoa. Aurkezpen berri honek osatuko du proiektua Artium Museoan, Entresaka izenarekin, eta Dinamoa Sormen Gunearen laguntza izango du. Erakusketa biak Manuel Borja Villel eta Beatriz Herráezek komisariatu dituzte.

Argazkiak eskatu

Vista Parcial lanarekin gertatu zen bezala, Entresakaren gune nagusia Aranberriren lan adierazgarri batzuek osatzen dute. Lan horietan, agerian uzten du paisaiaren eraketa-prozesuekiko eta gizakiaren esku-hartzeak eragindako eraldaketarekiko kezka. Horrela, haren lana, erreferentzia eta keinuz jositako ehun batean txertatua, osotasun baten hondakin eta ingeradetara egindako zehar-begiraden bidez eratzen da, osotasun hori erabat definitu gabe geratzen dela.

Ildo horretan, ikusgai dauden obra askok ondoko ideia honetan sakontzen dute: paisaia modernitatearen eraikuntza, makroproiektu handien garapenari bide ematen diona. Erakusketaren hainbat unetan artistaren beste kezka batzuk suma daitezke, hala nola lehen industrializazioaren eta haren aztarnen ondare material eta kontzeptuala berrikusten duenean.

Atzera begirakoaren estatismotik nahita aldenduz, artistak errepikapen- eta zatikatze-estrategiak gainjartzen ditu bere proiektuetan, eta testuinguruaren eta hari buruzko ikuspegien arabera aldatzen den obra ireki baten saioak erakusten ditu.

Hori da Entresaka, esate baterako. Bertan, Aranberriren lanak ez dira erakusketa-espazio itxi batera mugatzen; aitzitik, museoko hainbat aretotan txertatzen dira, baita Bildumaren aurkezpenari eskainitakoetan ere, zeinaren parte baita. Areto nagusira sartzeko guneetan edo museoko artxiboak gordetzeko guneetan ere artistaren lanak daude ikusgai.

Museoko A3 aretoan, besteak beste, Organigrama (2010) (2011n Tàpies Fundazioak Aranberriri eskaini zion erakusketarako bitartekaritza-elementu gisa garatutako sistema-egitura), Makina eskua da (2016; Donostia Europako hiriburu izan zen garaian Bake-ituna erakusketarako egin zuen eta Eibarko Armagintza Museora eraman zuen instalazioa) eta Itzal marra (2019; San Telmo-Museoaren bildumako hilarrien gainean frottage teknikaren bidez egindako grabatu kalkografiko ugariz osatutako pieza) daude ikusgai.

Política hidraúlica (2004-2010) argazki-instalazio bat da, penintsula osoan barreiatuta dauden presa eta urtegien ia ehun irudi biltzen dituena. Entresakan, Aranberrik lan horren lehen formulazioa berreskuratu du. 2005ean aurkeztu zuen Artium Museoan, Gure Artea Sarien esparruan, eta museoko Dokumentazio Zentroaren artxibo-eremuan kokatu da.

Erakusketaren ibilbidekoak dira, era berean, museoaren bildumaren gaur egungo aurkezpenaren testuinguruan (Bilduma Hau Bilduma. Oinarrizko mugimenduak 1950-2000) instalatutako lan batzuk ere. Hori gertatzen da, esate baterako, Gaur egun (This Is CNN) (2002) lanarekin, Néstor Basterretxea artistaren Izaro eskulturaren bertsio bat, Eusko Legebiltzarreko aretoan kokatutakoaren sinbolo gisa ezagunagoa. Vitoria-Gasteizko Trayecto Galeriako erakusketa baterako egin zuen Aranberrik 2002an. A0 aretoan, era berean, artistak Lemoizko zentral nuklear inoiz amaitu gabearen hondarrekin lotutako proiektuen maketetan egindako esku-hartzeak daude: Atlántida. Proyecto de museo de las ciencias para la central nuclear de Lemoiz (2001-2002), Néstor Basterretxearena eta Proyecto de conversión de la central nuclear de Lemoiz y los terrenos afectados en un espacio de uso público, Carmen Abad arkitektoak 1998an karrera amaierako proiektu gisa garatua.

Prentsa-oharra (pdf)

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand