Ostirala, 26 Apirila 2024 09:35

Artium Museoak Patricia Dauderren 'Unform' erakusketa aurkeztu du

Dauderrek azken hamar urteotan ekoitzitako eskulturak, marrazkiak, instalazioak eta filmak biltzen ditu erakusketak

Unform-ek eratzen duen paisaia «ez dago lurralde geografiko bati lotuta, ideietatik eta gauzetatik abiatuta antolatutako entitate bati baizik»

Catalina Lozano da erakusketaren komisarioa eta Juan de Nievesek idatzi du argitalpenerako testua

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoak, Patricia Dauder. Unform erakusketa aurkeztu du (A1 aretoa, 2024ko irailaren 29ra arte). Erakusketan eskulturak, marrazkiak, instalazioak eta pelikulak bildu dira. Artistak une afektiboak arakatzeko duen interesa aztertzen da guztietan, oro har, sarritan ia hautemanezinak diren aztarnak uzten dituztenak, eta denboraren joanari eskaintzen dion arreta agerian geratzen da, darabiltzan metaketa- eta ezabatze-tekniketan. Horrela, askotan aurkitutako objektuak erabiliz, Dauderren ekoizpenak aztarnak baino geratzen ez diren objektu eta espazioetan gordetako istorioak dakartza gogora. Unform-en komisarioa Katalina Lozano da. Artium Museoak Juan de Nieves historialari eta erakusketa-komisarioaren testu bat argitaratu du erakusketaren inguruan.

Irudiak eskatu

Unform erakusketak Patricia Dauderren (Bartzelona, 1973) azken hamar urteetako lanak aurkezten ditu. Haren zereginean, garrantzitsuak dira piezak egiteko abian jartzen dituen protokoloak ere: tenperatura eta hezetasun-baldintza aldakorretan jartzea, argiari haien gainean eragiten uztea, haien gainazalak aldatzen dituzten oxidazio-prozesuak ahalbidetzea, ebakitzea, dekapatzea edo zulatzea, materialak laberatu eta erretzea edo lurperatuta edukitzea denbora-tarte jakin batzuetan.

Horrela jokatuz, Dauderrek darabiltzan materialen (paperak, oihalak, buztinak, argizariak, igeltsuak...) mugak tenkatzen ditu, eta, aldi berean, arkeologo baten teknikak eta baldintza atmosferikoek eta denboraren joanak eragindako ondorioak lehengoratzeko prozesuak dakartza gogora. Juan de Nievesek erakusketa honetarako egindako testuan dioen bezala, «artistak denborak eta mekanikak ezartzen ditu, zaindu egiten ditu, zuzendu egiten ditu, eta, azken batean, erritual geldo eta ustekabekoa jasaten du. […] badakigu obra bakoitzaren atzean aurretiko bizitza bat dagoela, nahiz eta ez ikusi, aktiboa, biologikoa».

Denboraren esperientzia, pertzepzioa, irudikapena eta oroimena aztertzen ditu; gai horiek funtsezkoak dira bere filmak eraikitzeko ere, ikuslearen posizio aktiboa eskatzen duten ikus-entzunezko dokumentuak. Unform-en Insulana (2021) eta March 5th 1979 (2011) filmak aurkezten dira. Lehendabizikoak 1957tik 1958ra bitartean Azore uharteetan izandako erupzio bolkaniko bat du abiapuntu. Bigarrenak, berriz, 1979ko martxoaren 5ean Kanariar Uharteetako zeruetan gertatutako argi-fenomeno bat.

Oro har, Nievesek dioen bezala, «Patricia Dauderren praktika artistikoak eta mundua pentsatzeko moduak […] lan organiko eta bateratuko corpus bat [sortzen du] "paisaia" gisa kalifika genezakeena». Paisaia hori, Nievesen hitzetan, «ez dago lurralde geografiko bati lotuta, ideietatik eta gauzetatik sortutako entitate bati baizik. Horrela, Unformen erakusten zaigun kontakizuna mikronarratibek zeharkatuta dago, eta narazio horiek asko argitzen digute gure gaitasun kritikoei eta gure borondateari buruz, beste mundu posible batzuk irudikatzeko, edo irudimen erradikala praktikatzeko borondateari buruz».

Prentsa-oharra pdf 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand