Ostirala, 2024(e)ko Otsailaren 02a 11:25

Artium Mjuseoak 'edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991' erakusketa aurkeztu du

Erakusketan 70eko hamarraldiaren amaieraz geroztik arte-hezkuntzaren instituzionalizazioa bultzatu zuten hainbat proiektu aurkezten dira, zortzi kapituluren bitartez

Erakusketaren izenburuak Juan Luis Moraza artistak Artelekun, Donostian, 1991n zuzendutako Cualquiera todos ninguno mintegia dakar gogora

Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Vergara dira erakusketaren komisarioak, eta baita erakusketarako berariaz argitaratutako argitalpenaren testuen egileak ere

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoa, edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991 erakusketa aurkeztu du (A2 aretoa, 2024ko irailak 1 arte). Erakusketa hau, Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Vergarak komisariatua, 2022an museo berean aurkeztutako Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979 erakusketa-proiektuaren jarraipen gisa planteatu da. Erakusketa hark 70eko hamarkadan, Bilboko Arte Ederren Goi Eskola sortu zen garaian, jarri zuen arreta; edonor denok inor ez erakusketak, berriz, 1978tik 90eko hamarkadako lehen urte bitarteko aldia lantzen du, eta Euskadiko arte-hezkuntzaren instituzionalizazio-prozesuei erreparatzen die. Artium Museoak argitalpen bat osatu du, Onandia, Rubira eta Vergararen testuekin.

Irudiak eskatu

edonor denok inor ez erakusketaren kronologia 1978an hasten da, hau da, Bilboko Arte Ederren Goi Eskola Fakultate bihurtu eta 1978an Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) izango zenera sartu zeneko unean; eta 1991n amaitzen da, Juan Luis Moraza artistak Artelekun, Donostian, 1991n zuzendutako Cualquiera todos ninguno izenburuko mintegia eskaini zuen unean. Mintegi haren izenburutik hartu du, hain zuzen ere, erakusketa honek izenburua. Erakusketa hainbat kapitulutan antolatuta dago, eta horietan arreta jartzen da, aipatutakoaz gainera, besteak beste proiektu hauetan: Rekaldeberri Herri Unibertsitatea, Gasteizko Teknologia Berrien Zentroa (CINT), UPV/EHUren Unibertsitate Hedapenerako Tailerrak, eta Donostiako Bideo Jaialdia.

Erakusketak, beraz, arreta jartzen du Arte Ederren Fakultatearen sorkuntzan, baina baita eredu akademikoek gutxiago markatutako irakaskuntza bat eskatzen zuten ikasleen eskaerei eta eskolan lehenik eta fakultatean geroago parte-hartze zuzenagoa izatea eskatzen zuten beste euskal artista batzuen eskaerei ere.

Testuinguru horretan, gainera, UPV/EHUren Unibertsitate Hedapenerako Ikastaroak garatu ziren, Estatuko lehenengoetakoak izan zirenak, eta horien artean zegoen Luis María Iturrik zuzendutako antzerki-lantegia, bere ikasleak Akelarre konpainiako laguntzaile bihurtu zituena. Bilboko Errekalde auzoko bizilagunen ekimen gisa, Errekaldeberriko Herri Unibertsitatea sortu zen, lehen ikasturtetik prestakuntza artistikoa barne hartu zuena.

Urte horietan, mugimendudun irudiek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten, eta eremu horretako prestakuntza funtsezkoa bihurtu zen, Video Nou-k Bilboko Udal Aurrezki Kutxaren Kultura Gelan 1979an antolatutako Bideoari buruzko Informazio Asteak, 1982 eta 1984 bitartean garatutako Donostiako Bideo Jaialdiaren prestakuntza-programak eta 1988an Gasteizen Irudi eta Teknologia Berrien Zentroa (CINT) sortu izanak agerian uzten dutenez.

Ibilbide honek, izenburutik hasita, Juan Luis Moraza artistak Artelekun, Donostian, 1991n zuzendutako Cualquiera todos ninguno mintegia dakar gogora. Erakunde horrek 1987an ireki zituen ateak, eta paper garrantzitsua jokatu zuen, ez bakarrik ekoizpen-zentro gisa, baizik eta artistek eta teorikoek emandako ikastaro eta lantegien bidezko prestakuntza-gune gisa. Artelekun garatu ziren jarduerak izango dira Euskal Herriko arte-arloko hezkuntza-praktikei buruzko erakusketa sail honen hirugarren kapituluaren ardatz.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand