Ostirala, 2024(e)ko Urtarrilaren 19a 09:39

Artium Museoak Juncal Ballestín Ikerketarako Nazioarteko Beka deitu du

Artium Museoak Juncal Ballestín Ikerketarako Nazioarteko Beka deitu du [Juncal Ballestín. Argazkia: Alberto Arteta]

Bekak arte feministaren historiografiari eta museoaren bildumari lotutako artistei buruzko ikerketa-proiektuak lagunduko du

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Juncal Ballestín Ikerketarako Nazioarteko Beka deitu du, arte feministaren historiografiari eta museoko bildumarekin zerikusia duten emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuei laguntzeko. Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazio Zentroari atxikia, deialdi honen helburua ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, Euskal Herriko eta nazioarteko arte feministaren historiografiari ekarpen esanguratsua egingo diona eta/edo museoaren eta bere Bildumaren programazioarekin zerikusia duten emakume artista eta pentsalarien ekoizpena aztertuko duena. Parte-hartzeko oinarriak Artium Museoaren web-orrian daude eskura.

Deialdi honetara edozein nazionalitateko ikertzaileak aurkeztu ahal izango dira, adin-mugarik gabe, nahiz banaka, nahiz hautagaitza bateratua aurkezten duen kolektibo baten kide gisa. Eskatzaileek bekaren iraunaldian garatzekoa izango den ikerketa-proiektu bat, argitaragabea, aurkeztu beharko dute. Iraunaldi hori bederatzi hilabetekoa izango da, onartzen den egunetik zenbatzen hasita.

Ikerketa garatzeko bideratutako gehieneko zenbatekoa 7.000 eurokoa izango da, eta honako hauek jaso beharko ditu: ikertzaile(ar)en ordainsariak eta ikerketaren garapenak eragindako gastuak. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2024ko otsailaren 29 da. Hauek dira hautapen-batzordeak kontuan hartuko dituenak: proiektuaren interesa, eskatzailearen profil profesionala eta ikerketa-proposamenaren egokitasuna Artium Museoaren helburuen artean.

Informazio gehiago izateko eta deialdiaren oinarriak kontsultatzeko, interesdunek Artium Museoaren web-orria ikus dezakete, edo helbide elektroniko honetara jo: ikerketa_investigacion@artium.eus.

Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazio Zentroa Artium Museoak artearen orainarekin eta historiarekin duen konpromisotik sortua da, bai eta emakume artistak eta teorialari feministak diziplinaren narratibetan sartzeko ─haien ekintza-eremuetan zeharka sartzeko─ duen betebehar horretatik ere.

Zentroaren helburuen artean honakoak daude: euskal emakume artisten eta museoaren bildumarekin eta haren nazioarteko programekin zerikusia duten emakume artista eta pentsalarien dokumentazioa eta artxiboak biltzea, kontserbatzea eta zabaltzea, bai eta praktika artistikoari eta pentsamendu feministari buruzko ikerketari laguntzen dioten iturri bibliografiko eta dokumentalak identifikatzea eta zabaltzea ere.

Artium Museoak antolatzen duen nazioarteko ikerketa-bekak Juncal Ballestín (Gasteiz, 1953-2015) artistaren izena darama. Ballestínen bizi-ibilbidea konpromiso feministak markatu zuen, eta, bere obrari dagokionez, askotariko materialak, bitartekoak eta teknikak erabiltzeagatik bereizi zen: pintura, marrazkia, instalazioa, bideoa, lan grafikoa... 2021ean, Anesvad GKEak, haren ondarearen oinordeko denak, artistaren obra eta artxiboa eman zizkion museoari. Urte horretan bertan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak ikerketa-beka bat sortu zuen artistaren oroimenez, orain beste deialdi bat plazaratzen duen hauxe.

 

Juncal Ballestín Ikerketarako Nazioarteko Beka 
Eskabideak aurkezteko azken eguna: 2024ko otsailaren 29
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa
Frantzia kalea, 24. 01002 Gasteiz
www.artium.eus | ikerketa_investigacion@artium.eus

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand