Ostirala, 2024(e)ko Urtarrilaren 12a 10:07

Artium Museoak Randa Maroufiren 'Bab Sebta' (Ceutako atea) filma aurkeztu du, Z aretoa programaren barruan

Bab Sebta lanak egunero milaka pertsona zeharkatzen duten Ceutako Maroko eta Espainiaren arteko lurreko mugako pasabidearen egoerak aztertzen ditu

Filmak nazioarteko jaialdi askotan parte hartu du, eta Tampere Film Festival eta Internationale Kurzfilmtage Winterthur 2019 jaialdietan sari nagusia jaso du

Z aretoak hizkuntza zinematografikoa historikoki definitu duten konbentzioak, generoak eta kategorizazioak zalantzan jartzen dituzten forma narratibo berriei espazio bat eskaintzen die

Euskal Herriko Arte Garakidearen Museoak, Artium Museoak Randa Maroufi artista frantziar-marokoarraren Bab sebta [Ceutako atea] filma aurkeztu du gaur, Z aretoa programaren barruan. Programa honek zinema eta ikusizko artearen arteko mugak aztertzen ditu, eta lurralde horietan aritzen diren proiektuak ikusarazteko balio du. 2019an egindako film honek Marokoren eta Espainiaren arteko Ceutako mugan gertatzen diren egoerei begiratzen dio. Egilearen arabera, salgaien eta pertsonen joan-etorrian inplizituak diren erritualek izaera ia performatiboa dute. Erakusketa dela eta, museoak Z aretoko seriearen argitalpen berri bat atera du, Salma Mochtari ikertzaile eta arte komisarioaren testua duena. Z aretoa programak MONDRAGONen babesa dauka.

Irudiak eskatu

Randa Maroufi (Casablanca, 1987) artista frantziar-marokoarraren Bab sebta [Ceutako atea] (2019) lanak Maroko eta Espainiaren arteko (eta Afrika eta Europar Batasunaren arteko) lurreko hiru mugetako batean, Ceutan, gertatzen diren egoerak islatzen ditu. Milaka pertsona bizi dira muga horren bidegurutzean ateratzen dutenarekin, non kontrabandoko salgaien trafiko handia dagoen, Marokoko iparraldean prezio onean saltzen direnak.

Maroufik pertsona horietako batzuen ibilbideei jarraitu die, eta mugaren egunerokoa ikusi du. Muga horretan, Espainiako poliziak eta aduana-agenteek kontrola egiten saiatzen dira, pazientzia handiz muga zeharkatzeko zain dauden kontrabandisten estrategiei aurre eginez.

Estatu-nazioak bereizten dituzten mugak, oro har, kontrolaren eta porositatearen artean gutxi gorabehera kontrolatutako lekuak dira. Ceutaren kasuan, Maroufik salgaien eta pertsonen alde batetik besterako joan-etorrietan ikusten diren erritualen izaera ia performatiboa nabarmentzen du, eta baita horiek posible egiten dituzten elkarreragin eta negoziazioak ere. Hori da, hain zuzen ere, Maroufiren proiektu askoren abiapuntua: espazio jakin batzuetako harremanak egituratzeko modua eta pertsonak espazio horietan nola mugitzen diren.

Bab Sebta ez da film dokumental bat, bere kodeak dituen mugako espazio bat interpretatzeko modu bat baizik. Filmazio-estudio bihurtutako fabrika batean egindako film honetarako Maroufik Marokoren eta Ceutako kokagunearen arteko joan-etorria egiten duten pertsonekin kolaboratu zuen, bi ikuspuntu erabiliz, bata zenitala, lurraldearekiko begirada urrun eta ustez objektibo batera bidaltzen duena; besteak berriz, aurrez aurreko hartualdiekin eginak, aukera ematen du eszenatoki horietako keinu, gorpuztasun eta materialtasunetara modu eraginkorrean hurbiltzeko.

Filmak nazioarteko jaialdi askotan parte hartu du, eta Tampere Film Festival eta Internationale Kurzfilmtage Winterthur 2019 jaialdietan sari nagusia jaso du.

Artista

Randa Maroufi Casablancan jaio zen 1987an. Gaur egun Parisen bizi da eta han lan egiten du. Tetuango (Maroko) Arte Ederren Institutu Nazionalean graduatu zen 2010ean eta Angerseko (Frantzia) Arte Ederren Eskolan 2013an. Horrez gainera, 2015ean diploma bat eskuratu zuen Le Fresnoy - Studio National des Arts Contemporains-en, Tourcoingen (Frantzia).

Irudiak nagusi diren aro batean hazitakoen belaunaldikoa da Randa, eta gogo biziz eta susmo txarrez biltzen ditu, haien egiazkotasuna zalantzan jartzeari utzi gabe. Nahiago du bere fikzio anbiguoak errealitatearen zerbitzura jarri, eta esperimentazio-eremuak barne hartzen du espazio publikoaren okupazioa, baita genero-gaiak ere, eta horien sorrerako mekanismoak nabarmentzen saiatzen da.

Azken urteotan hainbat talde-erakusketatan parte hartu du: Belgikako Musée de la Photographie Charleroin (2023), Lyongo Biennalen (Frantzia, 2022), Reina Sofia Museoan (Espainia, 2021), New Yorkeko New Museumen (2020), Quebeceko MA Museumen (2019), Dakarreko Biennalen (Senegal, 2018), Sharjah Biennialen (Libano, 2017), International Film Festival Rotterdamen (Herbehereak, 2016), Bamakoko African Photography Meeting-en (Mali, 2015), Marokoko Marrakech Biennalen (2014), etab. Le Park (2015) eta Bab Sebta (2019) filmek sari ugari jaso dituzte.

Z aretoa

Z aretoa programa (Z, zinemaz) lurralde zinematografikoan sartzen diren artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanak hausnartzeko eta ikusarazteko bitarteko espazio bat eraikitzen duen proiektua da. Mugimendudun irudia ikuspegi garaikide batetik —eta museoaren barruan duen espazioa— pentsatzearen garrantzia aitortzeko interesetik sortutako programa da. Hizkuntza zinematografikoa historikoki kategorizatzen duten generoak birpentsatzeko modu narratibo berriak bilatzeko interesa duten egileak erakarri nahi ditu programak.

Orain arte ondokoek parte hartu dute zikloan: Patricia Esquiviasek (Caracas, 1979), Rosalind Nashashibik (Londres, 1973), Eric Baudelairek (Salt Lake City, 1973), Aura Satzek (Bartzelona, 1974), Ainara Elgoibarrek (Mungia, 1975), Ephraim Asilik (Roslyn, 1979), Edurne Rubiok (Burgos, 1974), Irati Gorostidik (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echávarrik (Iruñea, 1988), Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) eta Ren Ebelek (Los Angeles, 1922), eta Naomi Rincón Gallardok (Raleigh, 1979).

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand