Datorren igandean, azaroak 5, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak-Artium Museoak Lynne Ramsay gidoilari eta zuzendari eskoziarraren Ratcatcher (1999) filmaren proiekzioa eskainiko du Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren barruan. Pelikulak Glasglowko aldirietako bizitzaren gogortasuna islatzen du James txikiaren begietatik. James 12 urteko mutikoa eta bere familia etxebizitza hobe baten zain dago, estatuko gizarte-programei esker. Saioa Clara Rusek aurkeztuko du, Elías Querejeta Zine Eskolako lehen promozioko zinemagileak. Artium Museoak eta Tabakalerak antolatzen dute Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloa, Lur Olaizolak koordinaturik.
Lynne Ramsay (Glasgow, 1969) eskoziar zinema zuzendari eta gidoilaria da. Haren film ezagunenak Ratcatcher, eta zinemarako egokitutako eleberrietan oinarritutako We Need to Talk About Kevin eta You Were Never Really Here dira. Haren filmetan oso nabaria da haur eta gazteenganako duen lilura, baita zigorraren, erruaren, heriotzaren eta haien ondorioen gai errepikariekiko ere. Oso estilo pertsonala du: elkarrizketa gutxi, istorioak ezplizituki erakusten ditu, eta xehetasun biziei, musikari eta soinu-diseinuari garrantzi handia ematen die bere unibertsoa sortzeko.
Ratcatcher (1999) 1973ko udan kokatzen da, Glasgown. Hiriak plan batzuk ditu ur berorik eta bainu-instalaziorik ez duten etxebizitza pobreenetarako, eta garapen-programa baten bidez, hondamendi hori jasaten duten maizterrei ostatu ematen saiatzen dira.
Familia horien egoera zaila larriagotu egiten da da zabor-biltzaileen grebarekin, kaleak arratoien haztegi bihurtzen baitira haurren osasuna arriskuan jarriz. William Eadiek egiten du Jamesen papera, ostatu noiz emango zain familiarekin programa horietako batean hazi den 12 urteko mutikoarrena. Haren adiskide Ryan Quinnek (Thomas McTaggart) kartzelara lagunduko dio aita bisitatzera. Bidean, modu bortitzean jolasten hasiko dira, eta Ryan hil egingo da. Jamesek autobus bat hartu eta ihes egingo du, urbanizazio berri bat eraikitzen ari den hiriaren kanpoaldera. Bertan, Anne Marie (Lynne Ramsay) ezagutuko du, bere lagun min eta familia bihurtuko dena. Jamesen nahia da bere familiarekin etxe berri horietako batean bizitzea eta beren egoera negargarria alde batera uztea.
2017an, Lynne Ramsayk Caneseko Nazioarteko Zinemaldiko gidoi onenaren saria lortu zuen You Were Never Really Here (Egia esan, ez zara inoiz hemen egon) filmarekin. Suspensea eta drama elkartzen dituen lan gogorra da, eta Jonathan Amesen izen bereko liburuan oinarrituta dago. Trauma-ondoko estres-nahasmendua duen eta sexu-trafikoari lotutako neskatoak erreskatatzen dituen gerrako beterano eta FBIko agente ohi baten istorioa kontatzen du.
Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren helburua da zinemaren historiaren hasieratik zinema-ekoizpenean emakumeek izan duten protagonismoa agerian uztea eta zinemagile horiek eta haien filmak ezagutaraztea. Gehienetan, emakume horien lanak zinemaren historia kanonikotik kanpo geratu dira, eta gaur egun ezinbestekoa da bertan egotea aldarrikatzea. Adituek aurkezten dituzte emanaldiak, hilean behin, eta egile bakoitzaren unibertso zinematografikoa azaltzen dute. Oraingo honetan, Clara Rus zinemagileak aurkeztuko du filma. Clara Rus Elías Querejeta Zine Eskolaren lehen promoziokoa da, eta eskola hartan garatu zuen bere lehen film laburra, ¿Cuáles son nuestros años?, Documenta Madriden estreinatua. 2021ean Tabakalerako Noka Mentoring programan hautatu zuten bere hurrengo filma Este lugar y no cualquier otro egiteko.