Esther Ferrer (San Sebastián, 1937) artistaren Números primos (Zenbaki lehenak) (2003-2023) artelana Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren-Artium Museoaren barruko plazan instalatuta dago behin betiko, hasieratik Esther Ferrerren parte-hartze aktibo eta eskuzabala izan duen berregite-prozesu luze baten ondoren. Birkokapenarekin, Números primos-en —hiriko espazio publikoetan instalatutako artelanen artean enblematikoenetako baten— kontserbazio eta berraktibazio egokia bermatzen da. Lurrean instalatutako pieza bat da, karratua, 14 metroko aldea duena eta zeramikazko 10.000 piezak osatua. Bertan, Ferrerrek zenbaki lehenen seriazioarekin lan egin du, bere ekoizpenean behin eta berriz errepikatzen den gaia.
Kokapen berria dela-eta, gainera, errazagoa izango da bisitarien topaketarako eta parte hartzeko gune gisa erabiltzea, performance praktikei lotutako programa artistikoak egitea eta proposamen pedagogikoak garatzea. Zentzu horretan, Números primos lanak artistaren jatorrizko ideia berreskuratuko du: obra jolas- eta hezkuntza-esparru bat izatea.
Números primos lanak 200 metro karratu inguruko azalera du. Zeramikazko 10.000 lauzak osatzen dute. Horietatik 4.556k diagonal gorria dute, 4.222k diagonal urdina eta 1221ek zenbaki lehen bat dute inprimatuta, 41etik 10.039ra, biak barne. Gainera, museoaren inguruan kokatutako emakume artista baten lehen lana da, non dagoeneko Chillidaren, Oteizaren, Serraren eta Basterretxearen lanak baitaude, besteak beste.
Números primos
Prado parkean 2003an instalatu zuten Números primos, Gasteizko Udalak bultzatutako esku-hartze artistikoen proiektu baten baitan. Horretarako, erakundeak Rosa Olivares editorearen eta komisarioaren zuzendaritza-lana izan zuen.
Esther Ferrerren proposamena neurri handiko lana da eta Poema de los números primos seriean jasota dago (bere ibilbidean garrantzi handia izan duen lan-ildoa).
Museoko arduradunekin duela gutxi izandako elkarrizketan artistak berak azaldu zuen moduan, hauxe da "zoru perenneko lehen lana. Erakusketa jakinetarako zenbaki lehenekin zoruko instalazio galkorrak egin izan nituen, baina gero desagertu egiten ziren. Lehen iraunkorra Gasteizkoa da".
Lan hori da askoren ustez bere lan enblematikoenetako bat eta Gasteiz hirirako modu espezifikoan sortu zuen. Gresezko zeramikazko 10.000 lauza karratuk osatzen dute, 3 pieza motarekin: 4.556 pieza diagonal gorri batekin, 4.223 pieza diagonal urdin batekin eta gainerakoek, 1.221, zenbaki lehen bat dute inprimatuta, 41 eta 10.039 artekoa (biak barne).
Lanaren jatorria Esther Ferrerrek matematikarekiko duen interesean eta, zehatzago esanda, Stanislaw Ulam matematikari poloniarrak deskribatutako Ulamen espirala izeneko adierazpen grafikoan dago. Ferrerrek azaldu zuenez, Ulam honako honetaz jabetu zen: "zenbaki lehenak batetik hasita espiral batean idatziz gero, diagonal txiki pila bat eratzen ziren; 41etik hasiz gero, azkenean eten egiten den diagonal jarraitu bat osatzen da. Ideia horrekin era askotako proiektuak egin ditut emaitza gustatzen zaidalako, baina egindako lehenengo iraunkorra Gasteizerako izan zen".
Ia bi hamarkada igaro dira lan hori ekoitzi eta Prado parkean instalatu zuenetik. Ordutik, Números primos lana nabarmen hondatu da materialen hauskortasuna eta erabilera intentsiboko espazio publikoan kokatuta egon delako.
Gasteizko Udalaren, Artium Museoaren eta egilearen, Esther Ferrerren, artean egindako elkarrizketei esker, lan esanguratsu hori zaharberritzeko eta museoaren barneko plazan kokatzeko proiektua jarri zuten abian.
Lana Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko bilduman sartuko da Udalaren (Artium Fundazioaren Patronatuko kidea da) erakunde mailako gordailu-akordioari esker, eta museoaren XX. urteurrenarekin lotuta bideratzen ari diren ekintzetako bat da.
Números primos Artium Museoko barneko plazan kokatzeak behar bezala mantentzeko eta azken hamarkadetako Euskadiko artearen baitan erreferentziazko lan gisa testuinguruan kokatzeko aukera hobeak eskaintzen ditu.
Gainera, artearen historian funtsezko artista gisa Esther Ferrerren figura indartzeko eta, bere bildumaren eta programen bidez, emakumezko artisten lana ikusgai jartzearen alde museoak egindako apustu estrategikoa sendotzeko lagungarria izango da. Esther Ferrer da museoaren espazio publikoan ikusgai jarritako eskulturen ibilbidean sartu den lehen emakumezko artista. Erakusketa horretan, honako artista hauen lanak daude lehendik: Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Vicente Larrea, Richard Serra, José Ramón Ais eta Alberto Peral.
Bere ibilbide luzean, Ferrerrek lotura handia izan du Gasteiz hiriarekin. Números primos izan zen Esther Ferrerrek ordura arte (2003) egindako esku-hartze publiko esanguratsuena, baina ordurako nazioartean entzute handia zuen.
2011n, Artium Museoak Esther Ferrer. Lau mugimendutan erakusketa antolatu zuen Olivaresek komisariatuta eta haren baitan hainbat performance garatu zituen. Gaur egun, artista Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren bilduman dago ordezkatuta, bere ibilbidean funtsezkoak diren hainbat lanekin, hala nola Acciones corporales bideoa (1975), Autorretrato en el tiempo argazki sorta (1981-1994) eta Poema de los números primos saileko bi marrazki (1980).
Esther Ferrer
Esther Ferrer nazioartean gure testuinguruko artista ezagunenetako bat da. 60ko hamarkadatik ekintzak banaka edo ZAJ taldeko kide gisa egin ditu. Hain zuzen ere, hamarkada haren hasieran sortu zuen, Jose Antonio Sistiaga margolariarekin batera, Adierazpen Libreko lehen Tailerra, beste hainbat jarduera pedagogiko paraleloren hazi bihurtu zena (besteak beste, Elorrioko Eskola Esperimentala). 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, bere jarduera plastikoari ekin zion berriro landutako argazkiekin, instalazioekin, zenbaki lehenen seriean edo Pi zenbakian oinarritutako koadroekin, objektuekin eta abarrekin.
1999an, Manolo Valdésekin batera, Veneziako Bienaleko Espainiako pabiloian hartu zuen parte, 2008an Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen, 2012an Gure Artea saria eman zioten bere ibilbidea aitortzeko, eta 2014an Velázquez saria.
Bere ibilbide luzean, mundu osoko erakusketetan eta jaialdietan hartu du parte: Espainia, Alemania, Italia, Suitza, Belgika, Frantzia, Danimarka, Norvegia, Ingalaterra, Holanda, Polonia, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Bulgaria, Estatu Batuak, Kanada, Mexiko, Kuba, Brasil, Thailandia, Japonia, Korea, Palestina eta abar.
Banakako erakusketak egin ditu toki hauetan, besteak beste: Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala (Madril), Statsgalerie (Stuttgart), Roskildeko Arte Garaikidearen Museoa (Danimarka), Madrilgo Arte Ederren Zirkulua; MOCARoma, MAC/VAL (Vitry –sur-Seine), eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa. Gainera, ikastaro ugari eskaini ditu arte ederretako eskoletan eta unibertsitateetan Kanadan, Frantzian, Italian, Mexikon, Suitzan eta Espainian.