Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, eta Lisboako Maumaus Lumiar Cité arte zentroak Alejandro Cesarcoren artista liburu baten edizioa aurkeztuko dute datorren larunbatean, urriak 14, Portugalgo hiriburuan. Edizioa Beste adibide berri batzuk erakusketarekin lotuta dago. Bi erakundeek elkarrekin ekoitzitako erakusketa hau martxoaren 24an inauguratu zen Artium Museoan, eta irailaren 24an itxi ondoren, datorren larunbatean, urriaren 14an, irekiko da Maumaus-en. Liburuaren aurkezpenean Cesarcok eta Miguel Wandschneider komisarioak hartuko dute parte, erakusketa jendaurrean zabaldu aurreko elkarrizketa batean. Liburuak Cesarcoren lanak prestatzeko lanak eta Mirene Arsanios idazle eta editorearen saiakera bat aurkezten ditu.
Alejandro Cesarcoren lanei eskainitako Beste adibide berri batzuk erakusketak zenbait euskarritan egindako obrak biltzen ditu –argazkiak, bideoak eta testuetan oinarritutako piezak–. Obra horiek ikaskuntzaren esperientziari eta eraikuntzari buruzko gogoeta proposatzen dute, baita memoriari, pertzepzioari eta hizkuntzari lotutako prozesuei buruzkoa ere. Artium Museoan erakusketari atxikitako espazio gisa eta harekin bat eginik, Alejandro Cesarcok espazio bat eskaini zuen editore gisa duen jardunarekin loturiko testuen eta egileen kontsultarako. Espazio horretan liburu sorta bat dago Art Resources Transfer (A.R.T.) irabazi-asmorik gabeko organizazio independenteak plazaratua; elkarte horrek dokumentazioarekiko konpromiso argia du, eta haren xedeetako bat da kultura-kontsumoaren zirkuituan maiz aintzat hartzen ez diren publikoei helaraztea artisten lana.
Lisboako Maumaus zentroan irekitzearekin batera, izenburu bereko argitalpena aurkeztuko da, Artium Museoak eta Maumausek argitaratua, artistak eta Miguel Wandschneider komisario portugaldarrak parte hartuko duten elkarrizketan. Cesarcoren sormen prozesuei buruzko dokumentazioa eta Mirene Arsanios idazle eta editorearen saiakera biltzen ditu artista-liburu honek.