Astelehena, 2023(e)ko Irailaren 25a 10:42

Agnès Vardaren 'Les glaneurs et la glaneuse' pelikulak 'Hasieratik. Zinema feministaren historiak' zikloaren udazkeneko programa irekiko du Artium Museoan

Hileroko lehen igandeetan jarraituko du zikloak, Lynne Ramsay eta Mitra Farahaniren filmekin

Zikloak jarraipena izango du azaroko eta abenduko lehen igandeetan, Lynne Ramsay eta Mitra Farahaniren filmekin

Zinema feministaren historiak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak eta Tabakalerak antolatutako zikloa da

Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloa Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museora - Artium Museora itzuliko da datorren urriaren 1ean, igandea, Agnès Varda zuzendariaren Les glaneurs et la glaneuse (Espigatzaileak eta emakume espigatzailea) filmaren emanaldiarekin. Vardak, hiri eta zelaietan, besteek nahi ez dituzten era guztietako gauzak biltzetik bizi diren pertsonen bizimodua erakusten du. Zikloko hurrengo filmak Lynne Ramsayren Ratcatcher eta Mitra Farahaniren Fifi Howls from Happiness izango dira. Zinema feministaren historiak zikloaren helburua da zinemaren historiaren hasieratik emakumeek ekoizpen zinematografikoan izan duten protagonismoa agerian uztea eta zinemagile horiek eta haien filmak ezagutaraztea. Artium Museoak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako zikloa da.

Irudiak eskatu

Gehienetan, emakume horien lanak zinemaren historia kanonikotik kanpo geratu dira, eta gaur egun ezinbestekoa da haien presentzia aldarrikatzea. Hainbat adituk aurkezten dituzte emanaldiak, eta hilean behin zuzendari bakoitzaren unibertso zinematografikoa azaltzen dute. Marina Palacio, Clara Rus eta Tamara Lucarini zinemagileek aurkeztuko dituzte hurrengo hiru pelikulak. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatzen dira, gaztelaniazko azpitituluekin.


Urriaren 1ean, igandea
Les glaneurs et la glaneuse. Agnès Varda, Frantzia, 2000, 82 min
Aurkezlea: Marina Palacio, zinemagilea.

Milleten margolan ospetsu batetik abiatuta, Agnès Vardak begirada argi bat eraikitzen du espigatzaileen gainean, besteek nahi ez dituzten edo atzean uzten dituzten gauzak berreskuratzetik bizi diren pertsonen gainean. Digitalarekin lehen aldiz esperimentatuz, zuzendaria, bere erara, espigadore moduko bat bihurtzen da, hemen eta han irudiak hautatu eta biltzen dituena bere erretratua egiteko. Agnès Vardak, Frantziako landa-eremuan eta hirietan barrena egindako bidaian, filmatu ditu ez soilik buruzkariak, baita trapuketariak eta hiriko biltzaileak ere, horien artean jatetxe osasungarri bateko jabea, zeinaren arbasoak baitziren halaber biltzaile. Gauzak bildu eta bilketatik bizi direnen hainbat alderdi erakusten dute filmak. Frantziako film onenaren Méliès Saria eskuratu zuen 2000 urtean, eta lehiaketatik kanpo aurkeztu zen Cannesko Nazioarteko Jaialdian.


Azaroaren 5, igandea
Ratcatcher. Lynne Ramsay, Erresuma Batua, Frantzia, 1999, 94 min
Aurkezlea: Clara Rus, zinemagilea

Glasgow, 1973ko uda. Hiriko zabor-biltzaileak greban daude. James hamabi urteko mutikoa Glasgown bizi da. Sekretu bat dauka, eta senideengandik bakartuta bizitzera darama hura isilpean gorde beharrak. Afektua partekatzen du Margaret-Anne neskatoarekin eta Kennyrekin, inguruan dituenen gogortasuna gorabehera harrigarriki xalotasuna galdu ez duen mutikoarekin. Familiak auzune berri batera aldatzeko duen ametsa lausotzen ari da, baina toki propio bat aurkitu du Jamesek: eraikuntzan dagoen etxe bat. Lynne Ramsayren filmak 1999ko BAFTA eta British Independent Film Awards sarietan lehen lan onenaren sariak lortu zituen.


Abenduak 3, igandea
Fifi Howls from Happiness. Mitra Farahani, AEB, Iran, Frantzia, 2013, 96 min.
Aurkezlea: Tamara Lucarini, zinemagilea

Bahman Mohasses irandar artista bisualaren bizitzaren (eta, bereziki, azken egunen) kontakizuna. Artista probokatzaile hau "Persiar Picasso"-tzat hartua izan zen iraultzaren aurreko garaian. Farahanik bere biografia artista kotizatuaren hitzetan eraikitzen du. Artista hori Erroman erbesteratua izan zen, ospe gehien zuen unean bere herritik alde egin behar izan zuelarik. 2013ko Buenos Airesko Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian film onenaren saria eman zioten filmari.


Hasieratik. Zinema feministaren historiak
Saio guztiak museoko Emanaldi aretoan
Hasiera: 18:00etan
Sarrera: 2 € / Museoaren Adiskideak: 1 €
Toki mugatua. Erreserbak: 945 20 90 20
Artium Museoaren eta Tabakaleraren arteko lankidetza

 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand