Ostirala, 2023(e)ko Irailaren 22a 07:49

Artium Museoak Nerea Lekuonaren 'Idealak / Ideales' erakusketa aurkeztu du

Artistaren bi lan berriren ingurukoa da erakusketa: Laboratorio en Transición eta Consignas. Argitalpen bat ere osatu da, José Ramón Cuesta Astobiza historiagilearen parte-hartzearekin

Idealak / Ideales erakusketa Testuinguruak bilduma batetik abiatuta zikloaren barruan kokatzen da. Ziklo horren bitartez ezagutzera ematen da Artium Museoko funtsetan sartu diren azken artisten lanak

Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoak, Artium Museoak, Nerea Lekuonaren Idealak / Ideales erakusketa aurkeztu du, Testuinguruak bilduma batetik abiatuta zikloaren barruan (2023ko abenduaren 10era arte). Artistaren Laboratorio en Transición (2017-2020) eta Consignas (2023) lan berriak ditu ardatz erakusketak; lehena museoaren bildumaren parte da, eta haren zati bat dago presente erakusketan; bigarrena, aldiz, azken hilabeteetan Lekuonak museoan egindako egoitzan egin du, eta horixe da erakusketaren lan zentrala. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta zikloan, museoaren funtsetara sartu berriak diren artisten ekoizpena aurkezten da. Erakusketaren harira, Artium Museoak Bilduma saileko argitalpen berri bat argitaratu du, José Ramón Cuesta Astobiza historiagilearen eta Enrique Martínez Goikoetxea kontserbatzailearen eta erakusketaren komisarioaren testuekin.

Prentsa-ohar osoa (pdf) Irudiak

Idealak / Ideales erakusketak Nerea Lekuonaren (Vitoria-Gasteiz, 1976) azken lanetako bi lotzen ditu: Laboratorio en Transición (2017-2020) eta Consignas (2023). Bata zein bestea osagaien eta kontzeptuen baturatik osatutako lanak dira. Bi lan horietan, halaber, Trantsizioko garai politikoaren testuinguruan gatazkan egondako kontakizunen artean sortutako espazioa hartzen da erreferentziatzat.

Consignas lanean (erakusketa honetarako berariaz sortutako lana), Nerea Lekuonak errotuluak diseinatzen eta eskuz gauzatzen ditu, urte haietan Euskal Herriko kaleetan esaten ziren errebindikazioetatik eta protestetatik ateratako hitzekin. Horma-irudi handi baten egitura du lanak, eta irudia eta testua lotzen dituzten tipografietatik abiatuta eskuz errotulatutako 69 kartelez osatuta dago. Orainalditik abiatuta garai hari begiratzeko eta hari buruz gogoeta egiteko gonbita egiten du artistak, abiaburu hartuta garai hartako hitz-giltzarri batzuk.

Nerea Lekuonak azken hilabeteetan Artium Museoan egindako egoitzan osatu du lana, nahiz eta tailerreko lanaren aurretik hainbat hilabete eman zituen komunikabideak eta artxiboak modu metodikoan aztertzen. José Ramón Cuesta Astobiza historiagilearen laguntzarekin egin zuen ikerketa-lan hori.

Erakusketan, bestalde, museoak bere bildumarako 2021ean eskuratutako Laboratorio en Transición lana osatzen duten hainbat objekturen hautaketa ikusi ahal izango da. Lan hori Arabako Gobernu Zibil zaharreko funts dokumentaletan egindako ikerketatik abiatuta osatu zuen Nerea Lekuonak. Ehun objektutik gorako multzo bat osatu zuen, memoria duten materialekin, hala nola argazkiak, dokumentuak, planoak eta mapak, eta proba-eremu bat balira bezala esku hartu zuen horietan artistak. Trantsizioko urteetako imajinario politikoarekin eta botereak igorritako mezuekin jokatzen du lanak.

Nerea Lekuona (Vitoria-Gasteiz, 1976). Diziplina anitz lantzen dituen artista da, argazkilaritzaren esparruan trebatua. Irudiko goi-mailako graduko ikasketak egin zituen Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan. Horren osagarri, zenbait tailerretan parte hartu du, irakasle zituela, besteak beste, Esther Ferrer, Isidoro Valcárcel Medina eta Daniel Canogar artistak; izen horiek aditzera ematen dituzte Lekuonaren jardunaren konplexutasuna eta interesak eta haren gizarte-konpromisoa eta sentiberatasuna. Egonaldietan parte hartu du, adibidez, Capaceten (Rio de Janeiro, Brasil, 2018), eta, 2021ean, Vegap ekoizpen-beka eta Eusko Jaurlaritzaren ekoizpen-sorkuntzakoa jaso zituen. Bere aurreko proiektua, Desataduras, ikusgai egon zen 2020an Gasteizko Montehermoso kulturunean eta 2021ean Iruñeko Ziudadelako Mistoen pabiloian.

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa-programak Artium Museoaren funtsetan sartu berri diren artisten ekoizpena ezagutaraztea du helburu. Proposamen honen bidez erakusketa sorta bat abiaraziko da, Museoaren beste programa batzuekin batera Artium Museoaren Bilduma, ia 2.800 artelanez osatutako izaera publikoko funts garaikide aparta, ezagutarazteko xedez. Esparru horretan, piezak, dokumentuak eta artxiboak museo-funtsetan sartzeak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du. Hori da, zalantzarik gabe, Museoaren eginkizun garrantzitsuenetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea.

Bildumaren erosketa-programak helburu hori lortzen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen gaurkoa bezalako une bati pultsua hartzeko. Ekimen horren asmoa da jendearen eta jardun artistikoen arteko topaleku baten modura jardutea eta, hortik abiatuta, oraina ikusteko eta hura ulertzeko estrategia berriak osatzea.

Nerea Lekuonarena da Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programako proiektu berriena. Programa horretan bertan parte hartu dute, besteak beste, Ion Munduate, Daniel Llaría, Nadia Barkate, Lorea Alfaro eta Sahatsa Jauregi artistek.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand