Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 'Blue Giant' anime (japoniar jatorriko animaziozko zinemaren estiloa) filmaren estreinaldia hartuko du gaur, osteguna, uztailak 27, 19:00etan, zinema-aretoetara iritsi baino aste batzuk lehenago. Film honekin Euskadiko Filmategiak amaiera emango dio aurtengo zinema zikloen denboraldiari, Gasteizen, Getxon eta Donostian egiten diren hiru euskal jazzaldi handiekin batera antolatzen den Jazzinema zikloaren baitan. Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazzaldiako zuzendariak aurkeztuko du proiekzioa. Sarrerak (3 '5 euro txartel orokorra, 2 euro Artium Museoko Adiskideentzat, 25 urtetik beherakoentzat doan) museoko leihatilan eta artium.eus webgunean eros daitezke.
'Blue Giant' (Yuzuru Tachikawa, 2023) filma izenburu bereko manga komikian oinarrituta dago eta bere protagonista Miyamoto Dai da, egun batean zuzeneko jazz saio batera joaten den institutuko saskibaloi jokalari ohia. Saio honek bere bizitza aldatuko du, eta saxofoian aritzea erabakiko du. Daik ez du talentu naturalik, ezta entrenamendurik ere, baina bere hiria utzi eta Tokiora joango da, munduko saxofoi-jotzailerik onena bihurtzeko asmoak bultzatuta. Laster ohartuko da musikari profesional baten bizitza uste baino gogorragoa dela.
'Blue Giant' Yuzuru Tachikawak zuzendu du, 'Mob Psycho 100' eta 'Death Parade' animaziozko telesail animeak eta 'Detective Conan: The Black Iron Submarine' bezalako filmen zuzendariak. Shinichi Ishizuka komiki originalaren egilea da. Japonian benetako fenomeno soziala da, bere jatorrizko herrialdean generoaren sari entzutetsuenak irabazi ditu eta 2019ko Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdian urteko komikia izateko hautagai izendatua izan zen.
Filmeko elementu nagusia, soinu-banda Hiromi Uehara jazz japoniarraren izarrak konpasatu du, eta haren piano-zatiak interpretatzen ditu. Perkusioa Shun Ishikawa Millennium Parade taldeko bateria-jotzaileak egiten du, eta pertsonaia protagonistaren zatiak Tomoaki Baba saxofoi-jotzaileak interpretatzen ditu.
'Blue Giant' Japonian estreinatu zen 2023ko otsailaren 17an, joan den ekainean Annecy 2023ko Animazio Zinemaren Nazioarteko Jaialdian parte hartu zuen, eta nazioarteko banaketari ekin dio. Jazzinemako aurrestreinaldia ondoren, filma urrian iritsiko da areto komertzialetara SelectaVisionen eskutik.
Japonierazko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin.
Sarrerak Artium Museoaren webgunean eta museoko leihatilan erosi ahal izango dira.