Jeremiah Day eta Erick Beltran artistek Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak–Artium Museoak antolatutako Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan nazioarteko ziklorako ekoitzitako performance bana estreinatuko dute datorren larunbatean, uztailak 8. Day-k Nueva performance en el elizate aurkeztuko du, Vitoria-Gasteizko San Bizente elizaren atarian (elizatean), batzar eta eztabaida publikoetarako gune horiei ematen zitzaien erabilera gogora ekarriz. Erick Beltranek, berriz, Hor dago aurkeztu du, Mexikoko karta-sorta tradizional bat egiteko, museoaren inguru geografikoko pertsona, kolektibo eta saltokien parte-hartzearekin. Horren urretik, uztailaren 7an, ostirala, Jeremiah Dayk inprobisazio-lantegi bat eskainiko du. Itziar Okariz eta Catalina Lozano dira Lotura mekanikoak jardueraren komisarioak. Zikloan Jon Mikel Euba, Naomi Rincón Gallardo, Amaia Urra, Garazi Navas, Sus Zwick eta Muda Mathis, Tripak taldea eta Les Reines Prochaines izan dira parte-hartzaile. Yael Davidsek itxiko du zikloa uztailaren 13an eta 14an, Feldenkraiseko bi lantegirekin. Jarduera guztiak doakoak dira.
Irudiak eskatu Programa osoa (pdf)
Lotura mekanikoak museoaren espazioa eta bertan bizi diren gorputzen artean eratzen diren harremanak pentsatzeko nahitik jaio da, eraikinaren barruko aldearen eta kanpoaldearen artean porositate uneak sortzen saiatuz, artista eta kolektibo batzuen praktiken bitartez.
Jeremiah Day
Uztailaren 7an, 11:00etan. Inprobisazio-lantegia
Dayk bat-bateko performance lantegi labur bat eskainiko du. Arte bisualetatik dator artista hau, eta «dantza berriak», eta bereziki Contact Improvisationek eta Simone Fortiren Logomotionek eragin handia dute harengan. Dantza modu horietan, mugimenduak eta hizketak bat egiten dute gorputzean mamitutako ikerketa moduko batean eta esperientzia pertsonalaren eta bizitza publikoaren arteko elkargunean oinarritutako «denbora errealeko konposizio» lan batean. Lantegi labur honetan, Dayk beroketa batekin hasi eta pieza laburrak egin arteraino zuzenduko du taldea; lantegia 16 urtetik gorako edonorentzat da, prestakuntzarik eta esperientziarik izan gabe ere.
Uztailaren 8an, 17:00ean. Nueva performance en el elizate
Jeremiah Dayk site-specific delako performance berri bat egingo du San Bizente elizako elizatean. Euskal espazio arkitektoniko horiek era guztietako batzar eta deliberazio publikoetarako erabili izan dira sarritan. Udal batzarretako gobernu printzipioak (eta gaur egun hain ohikoa den fatalismoari aurre egiteko praktika hauen potentziala) deskribatzeko saiakeretan oinarrituz, Dayk istorio hauek elkarrizketan jarriko ditu tokiarekin hizketaren, mugimenduaren eta soinuaren bidez.
Jeremiah Dayren (AEB, 1974) lana —argazkia, performancea, testua eta instalazioa barne— arteak arlo zibikoan esku hartzeko duen gaitasunaren ikerketa sakona da. Jorratzeko moduak eta deskribapen-estrategiak konbinatuz, Day testuinguru politikoetan inplikatzen da bere gorputzaren presentziarekin, bere afektuarekin eta samurtasunarekin. 2014 eta 2019 artean, ia zuzeneko performanceak besterik ez zituen egin Dayk eta diapositibetan oinarritutako performance batzuk sortu zituen. Sarritan Bart de Kroon musikaria lagun zuela, mugimendu inprobisatua eta testuak base militarren ikerketa dokumentalekin, ekimen antibelikoekin eta herritarrek parte hartzeko modu historiko eta garaikideekin konbinatzen zituen.
Erick Beltrán
Uztailaren 8an, 18:30 h / Hor dago
Hor dago-n Artium Museoaren inguruko pertsona, negozio eta elkarteek hartu dute parte. Artistak Mexikoko loterian eta Espainiako karta-sortan oinarritutako karta bat sortu nahi du. Karta horretan, kolaboratzaile bakoitzak bere burua identifikatzeko erabiltzen duen gorputz-metafora irudikatuko du, gorputz politiko bat osatuz (body politic). Ekitaldi publiko batean Mexikoko loteriara jokatuko da karta sorta horrekin. Joko tradizional horretan oso garrantzitsua da pregoilariaren papera, kasu honetan Beltranek egina, zeinak karta bakoitza agertzen den unean deskribatu egingo duen, hitz joko bati bide emanez, kasu honetan, artistaren ikerketan oinarritua.
Erick Beltránen (Mexiko Hiria, 1974) lanak edizioaren nozioa ikertzen du, eta irudiak eta diskurtsoak definitzen, baloratzen, sailkatzen, erreproduzitzen eta banatzen dituzten mekanismoetan zentratzen da, gizarte garaikidean bideak eta balio sozial, kultural, politiko eta ekonomikoak sortzeko. Beltranek zeharkako ezagutzako eraikuntzak eta irudiak aztertzen eta hausnartzen ditu hainbat formaturen bidez, hala nola argitalpenak, instalazioak, erakusketa diagramikoak eta hitzaldiak.