Osteguna, 2023(e)ko Ekainaren 29a 09:01

Artium Museoaren 'Lotura mekanikoak' performance-zikloan, Sus Zwick eta Muda Mathis, Tripak taldea eta Les Reines Prochaines taldearen kontzertua datorren larunbatean

Sus Zwick eta Muda Mathis artistek irekiko dute uztailaren 1eko egitaraua Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak-Artium Museoak antolatutako Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan performanceen nazioarteko zikloaren hirugarren saioan. Zwickek eta Mathisek, sarritan, eskultura bihurtzen dituzte beren gorputzak. Tripak taldeak munduaz eta estetikaz duen ikuspegian oinarritutako sorkuntzak eskaintzen ditu. Oraingo honetan, Simon Bolivar plazaren eta museoko A3 aretoaren artean egingo dute emanaldia. Eguneko agenda Les Reines Prochaines musika eta performance taldearen kontzertuarekin amaituko da. Musika eta multimedia performanceak egiten dituzten artista bisualek osatzen dute Les Reines Prochaines. Itziar Okariz eta Catalina Lozano dira Lotura mekanikoak zikloaren komisarioak. Zikloaren azken saioetan Yael Davidsek, Jeremiah Dayk eta Erick Beltranek egingo dituzte performance eta lantegiak. Beltran proiektu bat prestatzen ari da, geografikoki edo afektiboki museotik gertu dauden pertsonekin lankidetzan. Dagoeneko Jon Mikel Eubak, Naomi Rincón Gallardok, Amaia Urrak eta Garazi Navasek ere parte hartu dute zikloan. Jarduera guztiak doakoak dira.

Irudiak eskatu Programa osoa jaitsai (pdf)

Lotura mekanikoak museoaren espazioa eta bertan bizi diren gorputzen artean eratzen diren harremanak pentsatzeko nahitik jaio da, eraikinaren barruko aldearen eta kanpoaldearen artean porositate uneak sortzen saiatuz, artista eta kolektibo batzuen praktiken bitartez.

Uztailaren 1ean, larunbata. Programa

17:00ean / Performance, Sus Zwick eta Muda Mathis

Muda Mathis eta Sus Zwicken jarduera performatiboan hainbat elementu eta motibo errepikatzen dira, eta horietako bat bikotearen konstelazioa da. Irudikapen pribatua eta publikoa nahastu eta haiekin jolasten dute, eta beren gorputzak eskultura-irudi eta -formazio bihurtzen dituzte. Sarritan beren gorputzak neurtzen dituzte, desberdintasun edo adostasun oro alde batera utziz. Beren gorputzen fusio figuratiboa da, non animalia edo objektu bihurtzen diren. Espazioan dauden objektuak ere obrako aktore dira, ia goi mailako pertsonak. Eguneroko objektuen errepertorio oso bat dago, altzariak nahiz material industrialak, behin eta berriz erabiltzen dituztenak. Objektu horiek maneiatu egiten dira, dantzatzeko erabiltzen dira eta gorputzekin erlazionatzen dira.

Muda Mathis (Zürich, 1959) eta Sus Zwick (Friburgo, 1950) Basilean bizi dira eta han lan egiten dute. Biak Basileako VIA VideoAudioFotoKunst artista-kolektiboaren kideak dira, eta baita performanceak egiten dituen Les Reines Prochaines emakume taldearenak ere. Mathis-ek Performance and Media irakasten du Basileako Arte Institutuan eta HGK Arte eta Diseinu Akademian, eta 1982. Urteaz geroztik dabil performanceak, bideoak, instalazioak, musika, erakusketak, jaialdiak, kontzertuak, arte publikoa, obra kolektiboak eta audio-piezen edizioak sortzen eta ekoizten. Zwick 1979. Urteaz geroztik dabil bideoarekin, dokumentalekin, performancearekin, instalazioekin, musikarekin, jaialdiekin, erakusketekin, kontzertuekin, arte publikoarekin, obra kolektiboekin eta audio-piezen edizioekin lanean.

18:30 h / Tripak pasiaran II, Tripak

Simon Bolivar plazatik Artium Museoko A3 aretorainoko ibilaldia.

Andrea Berboisek, Mayi Martiarenak, Maite Mugerzak, Marina Suarezek eta Natalia Suarezek osatutako euskal konpainia da Tripak. Arte eszenikoetan garatzen du nagusiki bere praktika. Arte psikikoetako eta musikako ikasketak egin ondoren, 2014an sortu zuten konpainia, beren esperientzietan eta munduaren eta estetikaren ikuspegi partikularretan oinarritutako sorkuntzak eskaintzeko asmoz. Harrezkero, antzerki-formatuko hainbat lan sortu dituzte (Maite, 2014; Urruna, 2019 eta Platea, 2022), baita performanceak ere, bakarka zein beste artista batzuekin elkarlanean. Estatuko eta nazioarteko hainbat jaialdi eta espaziotan parte hartu dute, eta beren praktikak transmititzen ere aritu dira, inprobisazio- eta sorkuntza-lantegiak eskainiz. 2022an, beste lagun batzuekin batera, Kampai izeneko gunea ireki zuten Bilbon, sortzeko, probasaioak egiteko eta publikoarekin artea erakusteko ohiko formatuetatik harago joan nahi duten esperientziak partekatzeko.

19:30 h / Kontzertua, Les Reines Prochaines

Gaur egun Fränzi Madörin, Muda Mathis eta Sus Zwickek osatzen dute 1988an sortutako Les Reines Prochaines musika-taldea. Musika eta multimedia performanceak egiten zituzten artista bisualek sortu zuten taldea. Urteetan zehar kontzertuak eta musika egin dituzte, batzuetan diletantismo profesionala esaten dioten estilo propio eta pertsonalean. Les Reines Prochaines hiru emakumek osatutako taldea da. Multimedia musikari gisa ikusten dute beren burua, eta beren prosa koloretsua musikaz bestelako kanalen bidez daramate batera eta bestera. Bai Fränzi Madörinek eta Muda Mathisek, taldearen sorreratik taldean dabiltzanak, bai Sus Zwickek, geroago elkartu zenak, musika demokratikoa egiten dute.

 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand