Osteguna, 2023(e)ko Ekainaren 22a 11:12

Amaia Urra eta Garazi Navas, 'Lotura mekanikoak' performance zikloaren bigarren egunean, Artium Museoan

Amaia Urra eta Garazi Navas, 'Lotura mekanikoak' performance zikloaren bigarren egunean, Artium Museoan [Garazi Navas]

Amaia Urra artista eta Garazi Navas musikaria izango dira etzi, larunbata, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak-Artium Museoak antolatutako Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan nazioarteko performance zikloaren bigarren eguneko protagonistak. Urra, bere lanean, hizkuntzak errealitatea zehazteko duen gaitasuna aztertzen saiatzen bada, Navas soinuaren edertasuna hautemateko baliabiderik ez dutenen edo nahi ez dutenen aurkako borroka transmititzen saiatzen da bere kontzertuetan akordeoiaren soinuarekin. Itziar Okarizek eta Catalina Lozanok komisariatu dute Lotura mekanikoak, eta Sus Zwick eta Muda Mathisen, Tripak kolektiboaren, Yael Davidsen eta Jeremiah Dayren performance eta lantegiek osatuko dute programa. Erick Beltran geografikoki zein afektiboki museotik gertu dauden pertsonekin elkarlanean ari da proiektua prestatzen. Garazi Navasen kontzertuaz gain, Les Reines Prochainesen beste kontzertu bat ere izango da. Zikloa ekainaren 10ean hasi zen Jon Mikel Eubarekin eta Naomi Rincon Gallardorekin eta ekainaren 24an eta uztailaren 1, 7, 8, 13 eta 14an izango du jarraipena. Jarduera guztietarako sarrera doan da.

Irudiak Programa osoa

Lotura mekanikoak museoaren espazioa eta bertan bizi diren gorputzen artean eratzen diren harremanak pentsatzeko nahitik jaio da, eraikinaren barruko aldearen eta kanpoaldearen artean porositate uneak sortzen saiatuz, artista eta kolektibo batzuen praktiken bitartez.

Ekainaren 24an, larunbata. Programa

18:30ean / Pulfiki pulkiki, Amaia Urra

Bere lan askotan, hizkuntzak errealitatea zehazteko duen gaitasuna aztertzen du Amaia Urrak, eta bazterretan gertatzen denaz arduratzen da, nahiz produkziokoak ez diren denborazkotasunak izan, nahiz erabiltzen ez diren hitzak izan. Irakurtzeak, idazteak, errepikatzeak, zerrendak egiteak edo definizio ofizial eta hiztegien, entziklopedien edo botanikako eskuliburuen bidez adostutakoen bilaketak eta haien arteko alderaketak ibilbide bat elikatzen dute, non idazketak, irakurketak eta ekintzak kantuarekin, paseoarekin eta bestelako jiteekin bat egiten duten eta jarrera poetiko batetik ikusten, entzuten edo kontuan hartzen ez dena erakusten duten egoerak aurkezten dituzten.
Amaia Urra (Donostia, 1974) artista da. Hizkuntzaren lekualdatzeekin lan egiten du, eta haren praktika zuzeneko ekintzen, soinu grabazioen edo formalizazio grafikoen bidez gauzatzen da. Praktika hori, nahita, arin eta muker agertzen da.

19:30 h / «…abesten saiatu nintzen…» «…baina ez zizuten entzuten…», Garazi Navas

Hölderlin poetaren hitz hauekin Garazi Navasek Artiumeko Lotura mekanikoak proiekturako prestatutako kontzertua bultzatuko duen barne-eragile nagusia deskribatu nahi du: bere burua soinuaren bitartez adierazi nahi duen norbaiten borroka, belarriak itxita dituen gizarte baten aurrean aurkitzen denean —soinuaren edertasuna sumatzeko baliabiderik gabeko gizartea, edo horretarako gogorik ez duena—. Akordeoia musikariaren gorputzaren bozgorailu bezala erabilia: hitz zehatzekin adierazi ezin diren amorruzko oihuak, jakin eta entzun nahi ez duen norbaitengana zuzentzean sortutako frustrazioak, hauspoaren bidez anplifikatuak.

Garazi Navas akordeoilariak (Usansolo, 1995) Musikenen ikasketak burutu ditu eta hainbat diziplinatako sortzaileekin elkarlanean aritu ohi da, besteak beste, poesia, antzerkia, dantza edo instalazio artistikoa jorratzen dituztenekin. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin jo izan du hainbat kontzertutan eta sari asko jaso ditu. Gaur egun, musika garaikidearen eta tradizionalaren arteko loturaren inguruan ikertzen ari da interpretazioaren ikuspuntutik. Bere instrumentuak bi alderdiak dituela uste du, tradizioa eta abangoardia, akordeoian elkarrekin aldi berean oso gutxitan ikusten direnak.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand