Azteazkena, 2023(e)ko Ekainaren 14a 11:13

Artium Museoak 'AMA' aldizkariaren bigarren zenbakia argitaratu du

Plazaratu izenburupean, museoaren hiri- eta gizarte-inguruneen ikuspegi berriak ikertzea du xede aldizkariak

AMAren zenbaki honetarako, egile hauen testuak bildu dira: Katinka Bock, Vincent Romagny, Carme Nogueira, Maialen Lujanbio, Mikel Onandia eta Rocío Robles Tardío eta Sonia Fernández Pan

Xabier Salaberria eta Nader Koochaki artistek, gainera, esku-hartze bisual bana gehitu diote aldizkariari

AMAk bi elkarrizketa dakartza, Thomas Boutouxek eta Beatriz Herráezek Jérôme Delormas eta Nathalie Vioti egindakoa 90eko hamarkadako Euskal Herriko artearen eszenari buruz, eta Lur Olaizolak Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagileei egindakoa

Beñat Sarasola AMA aldizkariaren ale berri honetako editore gonbidatua izan da

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, argitaratzen duen AMA aldizkariaren bigarren zenbakia kalean da jada. Zenbaki honek Plazaratu du izenburua, eta kontzeptu horri eskainia da; museoaren eta haren ingurunearen arteko lotura hobetzeko martxan jarritako luzera begirako eta zeharkako hausnarketa- eta ekintza-proiektu bati zor dio izena, hain zuzen. Plazaratu hitzak bi adiera ditu euskaraz: batetik, jendaurrean agertzea, ateratzea, eta, bestetik, argitaratzea. Aldizkariaren zenbaki honek, beraz, gonbita egiten du museoaren hiri- eta gizarte-ingurunearen ikuspegi berriak ikertzeko, denboran zehar luzatzen diren proiektu eta esku-hartzeen sorburu izan daitezen. Aldi berean,  AMAonline.eus Interneteko plataforma editoriala sortu du Artium Museoak, bere publikoekiko erlazioan sakontzeko, ohiko bisita- eta behaketa-moldeetatik haratago.

AMAk Katinka Bock artistaren poema bat dakar aurrena. Bockek aldaketa sinboliko bat ekarri zion museoari, 2021ean Artium Museoan egin zuen Logbook erakusketaren bidez: erakusketa-aretoak barneko plazarekin lotzen dituen okuluak irekitzea. Okulu horiek itxita egon ziren 19 urtez, baina, gaur egun, aukera ematen dute aretoetara argi naturala sartzeko eta, aldi berean, museoaren kanpoko aldetik artelanak ikusteko.
Katinka Bocken olerkitik abiatuta, egile hauen testuak gehitu zaizkio aldizkariari: Vincent Romagny (aurki museoaren barneko plazan ezarriko den Esther Ferrerrer Zenbaki lehenak obra, besteak beste, aztergai duen saiakera), Carme Nogueira (Antonio Ballester Morenoren Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia erakusketara gonbidatutako artista), Maialen Lujanbio bertsolaria (espazio publikoak bertsolaritzaren praktikan betetzen duen rolari buruzko gogoeta), Mikel Onandia eta Rocío Robles Tardío historialariak (70eko hamarkadan artistek eta arkitektoek plaza publikoaren kontzeptu berri bati buruz egindako ekarpenen gaineko saiakera) eta Sonia Fernández Pan (museoen joera ekologikoari, iraunkortasunari eta memoriari buruzko testua).

Aldizkarian bi elkarrizketa ere badira. Batetik, Lur Olaizolak Marina Lameiro eta Maddi Barber zinemagileei egindakoa. Paraíso filmaren egileak dira bi zinemagile horiek, eta Artium Museoan estreinatu zuten filma, hain zuzen ere. Bestetik, Thomas Boutoux eta Beatriz Herráezek Jérôme Delormas eta Nathalie Vioti egindakoa. Delormas eta Viot 90eko hamarkadan Bilboko eszena artistikoan eta urbanistikoan gertatutako eraldaketaren lekuko eta eragile izan ziren.

Bestalde, Xabier Salaberria eta Nader Koochaki artistek esku-hartze bana egin dituzte AMAn. Salaberriak museoaren plazari eta sarbideei buruzko collage sorta bat, museoa topaleku eta partaidetzarako gune nola bihur daitekeen gogoeta egiten duena; eta Koochakik, berriz, Néstor Basterretxearen Urbidea (1993) eskultura-proiektuan oinarrituriko proposamen bat.

AMA gaur aurkeztuko da, ekainaren 14an, asteazkenean. Hain zuzen ere, 18:30ean solasaldi bat izango da, zeinetan parte hartuko baitute Beñat Sarasolak –zenbaki honetako editore gonbidatua– eta aldizkariaren argitalpen-batzordeko kide diren Miren Jaiok eta Ismael Manterolak. Bi kide horiez gainera, batzordeko kideak dira Ana Arregi, Thomas Boutoux, Yaiza Hernández, Lola Hinojosa, Beatriz Herráez eta Catalina Lozano ere.

AMAonline.eus

Bestalde, Artium Museoak AMAonline.eus web-plataforma jarri du martxan. Paperezko aldizkariari loturiko argitalpen-proiektua da, museoaren programei lotua, behaketa- eta bisita-ohitura tradizionaletatik haratagoko publikoekin loturak eratzeko asmoz sortua.

AMAonline hiru ataletan banatuta dago, Ursula K. Le Guin zientzia-fikzioko idazle feministaren obran oinarrituak hirurak: Ezagutza-uzta atalean, museoaren kolaboratzaileek azken boladan online irakurri, ikusi edo entzun dutenaren hautaketa bat egiten dute; Hitz-kontua atalak artearen diskurtsoak hartzen dituen askotariko estilo eta generoetako testuak eskaintzen ditu; eta, azkenik, Denborarik galdu gabe dago, non azaltzen baitira hainbat diziplinatako idazle, komisario, artista eta pentsalarik jardun artistiko eta instituzionalen etorkizunari buruz dituzten jakintzak.

AMAonline plataformaren une honetako edukiei dagokienez –testuak, bideoak, irudiak–, aipatzekoak dira, besteak beste, Alejandro Cesarco, Clémentine Deliss, Lars Bang Larsen, Itziar Okariz, eta Jutta Koetherren ekarpenak.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand