Asteartea, 2023(e)ko Maiatzaren 16a 11:41

Artium Museoak Nerea Lekuona, José Ramón Ais eta Alberto Peral artistekin ospatuko du Museoen Eguna

Artium Museoak Nerea Lekuona, José Ramón Ais eta Alberto Peral artistekin ospatuko du Museoen Eguna 'El ladrón de miel'. José Ramón Ais, 2023 (xehetasuna)

2023ko MNE-ren Museoak, iraunkortasuna eta ongizatea goiburuari jarraituz, jardueren ardatza museoaren barruko plaza izango da

Nerea Lekuona artistak Auzoko alfabetoa lantegi irekiak gidatuko ditu, museoa kokatuta dagoen auzoaren dibertsitatea lantzeko

José Ramón Aisek eta Alberto Peralek ibilbide oso berezia gidatuko dute bilduman sartu berri diren eta Artium Museoaren kanpoaldean instalatu diren El ladrón de miel eta Time artelanen inguruan

Museoak ordutegi jarraitua egingo du goizetik arratsaldera, eta sarrera doan izango da maiatzaren 18tik (osteguna) maiatzaren 21era (igandea)

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduera-programa antolatu du: kanpoan ezarri diren bildumako azken bi obren inguruko ibilbide berezi bat, haien egile José Ramón Ais eta Alberto Peral artisten eskutik, Nerea Lekuonak adin orotako parte-hartzaileei begira diseinatutako lantegi irekiak, eta erakusketak bisitatzeko doako sarrera, maiatzaren 18tik (osteguna) maiatzaren 21era (igandea) bitartean. Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea da 2023ko MNEko lema, eta, hari jarraituz, museoa kokatuta dagoen auzoa eta lorategia izango dira jarduera-programaren ardatzak.

Irudiak eskatu

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) bultzaturik. UNESCOri lotutako erakundea da, eta museoen eremuan ondare kulturala eta naturala, oraina eta geroa, materiala eta immateriala sustatzen eta babesten ditu. ICOMek 2023an egun hori ospatzeko aukeratu duen leloa Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea da. Kontseiluak dioenez, «inguratzen gaituen mundua eraldatzeko ahalmena dute museoek. Aurkikuntzarako leku paregabe gisa, gure iragana erakusten digute eta gure gogamenak ideia berrietara irekitzen dituzte, funtsezko bi urrats etorkizun hobea eraikitzeko».

Ideia horri jarraituz, Artium Museoak jarduera-programa bat antolatu du ingurumenari buruz duen erantzukizunarekin eta gartzen duen ekintza hezitzailearekin lotuta, baita publikoak aldaketa eta bilakaera sozial eta kulturaleko prozesuen partaide diren aldetik haiekin egiten duen lanarekin lotuta ere. Ohikoa denez, publikoen parte-hartzea errazteko, Artium Museoak maiatzaren 18tik hurbileko asteburu batean egingo ditu jarduera horiek, hilaren 20an eta 21ean. Edonola ere, ospakizunarekin bat etorrita, museoak ordutegi jarraitua egingo du goizetik arratsaldera, eta sarrera doan izango da maiatzaren 18tik, ostegunetik, maiatzaren 21era, igandera.

Egun horietarako antolatutako jarduera-programari dagokionez, José Ramón Ais eta Alberto Peral artistek elkarrekin gidatuko dute museoaren kanpoaldean eta lorategian barrenako ibilbide bat, maiatzaren 20an, larunbatean, 12:00etan, berriki ezarritako bi obran jarriz arreta: Aisen El ladrón de miel eta Peralen Time. Biek ala biek dituzte naturarekiko erreferentziak, eta museoaren bildumaren parte dira. Lehen obra sarrera nagusian hasi eta museoa eta haren barne-plaza zeharkatzen duen zuhaitz ilara batek osatua da; bigarrena, areazko erloju baten formako eskultura bat, gainaldea duena landarez estaltzen hasia.

Bestalde, Nerea Lekuona artistak adin orotako parte-hartzaileentzako lantegi ireki batzuk prestatu ditu astebururako: Auzoko alfabetoa. Museoaren auzoko saltokietako karteletan ageri diren tipografiak oinarri hartuta, kolore askotako abezedario bat sortu du arabar artistak. Elementu horiek uztartuz askotariko materialekin, eta collagea, pintura eta bestelako teknikak erabiliz, mural handi bat sortuko dute parte-hartzaileek, era guztietako ehundurak, koloreak eta bizitoki dituzten auzoei buruzko hitzak bilduko dituena.

Lantegiak larunbatean 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era eta igandean 11:30etik 13:30era egingo dira. Orotariko publikoentzat dira egokiak, baina 12 urtetik beherako haurrek heldu batek lagunduta parte hartu behar dute. Museoak 2023ko MNErako prestatutako programa osatzeko, bi bisita gidatu egingo dira, larunbatean 12:30ean eta igandean 18:00etan.

Museoen Nazioarteko Eguna dela-eta, doan bisitatu ahal izango dira lau erakusketak (Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000), Alejandro Cesarco. Beste adibide berri batzuk, Irati Gorostidi-Mirari Echávarri. San Simón 62 eta Sahatsa Jauregi. Flux Cored), ostegunetik, maiatzaren 18tik, igandera, maiatzaren 21era. Doan izango dira, halaber, jarduera guztiak, baina lekuaren erreserba egitea gomendatzen dugu (lantegietan izan ezik), edukiera-arazorik ez izateko. 945 20 90 20 telefono-zenbakira deituz edo museoaren webgunearen bidez egin daiteke erreserba.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand