Azteazkena, 19 Apirila 2023 09:52

Itzili dira Artium Museora Filmategiaren Lumière Emanaldiak, klasikoen eta zaharberritutako aurkikuntzen proiekzioekin

Zikloa ostegun honetan, apirilak 20, hasiko da, Dans la nuit azken pelikula frantses mutuarekin, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiaren zuzendariak aurkeztua

Buster Keatonen eta Edward F. Clineren Las tres edades filmaren emanaldian, Josetxo Fernández de Ortegak zuzenean joko du musika

Lumière Emanaldiak berri izango dira gurean aurten eta Euskadiko Filmategiak, Lyongo Lumière Institutuarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, hamar film programatuko ditu apirila eta ekaina bitartean: hainbat klasiko eta zenbait aurkikuntza. Izenburuen artean zinemaren historiako zati diren zuzendarien lanak aurkituko ditugu, hala nola C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton, besteak beste. Horretaz gain, hain ezagunak ez diren beste batzuen obrak ezagutzeko aukera ere emango digu zikloak, adibidez Kinuyo Tanaka, Gilles Grangier eta André Cayatte. Lumière Emanaldien bigarren edizioaren helburua Lumière anaiek zinematografoa sortu zuten hirian duela 41 urte irekitako Lumière Institutuaren zaharberritze, kontserbazio eta hedapen-lana ezagutaraztea da. Proiekzioak Artium Museoan (Vitoria-Gasteiz), Tabakaleran (Donostia), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Golem Baiona Zinemak-en (Iruñea) izango dira.

Irudiak eskatu

Artium Museoko proiekzioak datorren ostegunean, apirilak 20, hasiko dira Dans la nuit ahaztuxearekin (Charles Vanel, 1929). Zinema frantseseko azken film mutua izan daitekeena, «zinema-poesia»-tzat jo zuen Bertrand Tavernierrek. Joxean Fernández Euskadiko Filmategiaren zuzendariak aurkeztuko du.

Lumière Emanaldiek beste lan batzuk berreskuratuko dituzte, hala nola Chibusa yo eiennare (1955; proiekzioa: maiatzaren 27an), Kinuyo Tanaka zinemagile japoniarraren lanik onenetako bat. Tanakaren filmek emakumeak izaten dituzte ardatz eta kameraren atzean jarri aurretik Kenji Mizoguchi, Mikio Naruse eta Yasujiro Ozu zuzendarientzat aktore gisa egin zuen lan, beste batzuen artean.

Zuzeneko musika, eta, zehazki, pianoa, izango da Las tres edades filmaren emanaldiaren protagonista (Buster Keaton, Eddie Cline, 1924; proiekzioa: maiatzaren 4an). Zineteca di Bolognak berreskuratu duen zinema mutuko lan garrantzitsua da, eta iraun duten material guztiekin batera ikus daiteke lehen aldiz. Josetxo Fernández de Ortega interpreteak musikaz lagunduko du historia hau.

Maiatzaren 11n Ordet (Carl Theodor Dreyer, 1955) daniar filma proiektatuko da, Venezian Urrezko Lehoia jasoa eta zazpigarren artearen historiako maisulan bikaina. Hil horren 25ean, berriz, Frantziako zinemagintzan ahaztezina den eta egin diren zaharberritzeei esker berriz aurkitu den beste zuzendari baten lan bat ikusi ahal izango da, Jean Eustacheren Mis pequeños amores (1974). Ekainaren 1ean Gas-oil filma izango dugu egitarauan, zinema herrikoiago batean kokatutako lan bat, Gilles Grangier (1955) zuzendari frantses gutxietsiarena; Lumière Institutuak 1950eko hamarkadako Frantziako zinemaren izen handienetakotzat aldarrikatzen du.

Emanaldi hauek proposatzen duten beste berraurkikuntzetako bat gerraondoko Frantziako gizartearekin konpromiso sendoa izan zuen André Cayatte zuzendari errebelde eta inkonformista da. Zikloak Justice est faite (1950; proiekzioa: ekainaren 22an) berreskuratu du, haren lan adierazgarrienetako bat.

Programa osatzeko zinemagintza garaikidearen funtsezko hiru egilek zuzenduriko filmak izango ditugu: Apocalypse Now. Final Cut (1979-2019; proiekzioa: maiatzaren 18an), gizakiei eta gerrari buruzko gogoeta ahaztezin bat, Francis Ford Coppolaren klasikoaren azken bertsioa eta estreinatu zenetik 40 urtera zaharberritua; Raging Bull (1980; proiekzioa: ekainaren 8an), Robert De Niro protagonista duen Martin Scorseseren maisulan ikonikoaren 4K-n zaharberritutako kopia bat; eta Im Lauf der Zeit (1975; proiekzioa: ekainaren 15ean) berreskuratua, Wim Wenders zuzendari alemanaren ibilbidean erabakigarria izan zen eta Donostian Thierry Frémaux Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendariak aurkeztuko duen zinta.

Sarrerak Artium Museoaren webgunean eta museoko leihatilan erosi ahal izango dira.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand