Elvira Dyangani Ose Bartzelonako Arte Garaikideko Museoko zuzendariak eta Yaiza Hernández filosofo eta Goldsmiths, University of Londoneko irakasleak elkarrizketa bat izango dute bihar ostiralean, martxoak 10, 18:30etik aurrera, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoak antolatutako Museoaren etorkizunak hitzaldi-zikloaren barruan. Arte garaikidearen alorreko bi aditu ezagunek museoen funtzioari eta etorkizuneko proiekzioei buruz hitz egingo dute beren lan-esparruetatik. Hitzaldi-programa honekin, Artium Museoak museoen etorkizuneko ikuspegiei buruzko hausnarketa-foro bat ireki du, arte garaikidearen esparruko eragile nabarmenen parte-hartzearekin. Sarrera librea da, eta edukiera mugatua.
Elkarrizketa honetan Elvira Dyangani Ose eta Yaiza Hernández museoaren eginkizunaren inguruan dituzten ideiez arituko dira, baita etorkizunerako proiekzioez ere. Dyangani Ose nazioarteko hainbat erakundetan eta, orain, Bartzelonako Museu d'Art Contemporaniren zuzendari gisa izandako esperientziez arituko da, eta Hernándezek museoaren etorkizunak birpentsatzen lagun diezaguketen gogoeta teorikoak egingo ditu.
Elvira Dyangani Ose Bartzelonako MACBA, Museu d'Art Contemporaniren zuzendaria da 2021etik. Aurretik, Londresko The Showroom-eko zuzendaria, Fondazione Pradako Pentsamendu Kontseiluaren kidea, Goteborgeko Arte Garaikideko Nazioarteko Biurtekoaren zortzigarren edizioko komisarioa eta Tate Moderneko Nazioarteko Artearen komisarioa izan zen.
Bere aldetik, Yaiza Hernández Velázquez filosofoa da eta Goldsmiths, University of Londoneko Ikusizko Kulturen Departamentuko irakaslea. Aurretik sei urtez zuzendu zuen MRes Art: Exhibition Studies Londresko University of the Arts-eko Central Saint Martins-en, eta hamarkada luze batez erakunde artistikoetan lan egin zuen. Haren azken argitalpenen artean daude: Who Needs Exhibition Studies?, 'Art, and its Worlds': Exhibitions, Institutions, and Art Becoming Public (Afterall, 2021), eta Imagining Curatorial Practice after 1972, Curating after the Global (MIT, 2019).
Bere 20. urteurrenaren ospakizunen barruan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, artearen arloko eragileekin topaketa batzuk programatu ditu, museoen etorkizuneko ikuspegiei, haien gizarte- eta ondare-erantzukizunari eta ezagutzaren sorkuntzari buruzko hainbat ikuspegi emateko. Elvira Dyangani Ose eta Yaiza Hernándezen arteko elkarrizketa sailaren seigarren eta azken ekitaldia izango da, Juan Luis Moraza artista, komisario eta Vigoko Unibertsitateko irakaslearen, Clémentine Deliss Cambridgeko Unibertsitateko irakaslearen, Nuria Enguita Valentziako IVAMeko zuzendariaren, Asier Mendizabal artista eta ikaslearen eta Filipa Ramos idazle eta komisarioaren ondoren.
Museoaren etorkizunak: Elvira Dyangani Oseren eta Yaiza Hernández
Martxoaren 10ean, ostirala, 18:30ean
Sarrera doan, toki mugatua