Astelehena, 2023(e)ko Otsailaren 20a 12:24

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak artisten artxiboekin egiten duen lana sendotu du, ondarea ikertzeko eta konserbatzeko funtsezko lanabesa izaki

Rafael Lafuente artistaren artxibo pertsonalaren parte handi bat museoaren Dokumentazio Zentroan gordeko da

Juncal Ballestín, Juana Cima, Gerardo Armesto, Néstor Basterretxea eta Joaquín Fraile artisten funts dokumentalak katalogatzeko eta ikertzaile nahiz publikoen eskura jartzeko lanean dihardu Artium Museoak

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, bere bilduman eta erakusketa-programan agertzen diren artisten artxiboak aztertzeko eta katalogatzeko lana sendotu du azken urteotan. Dokumentazio Zentroan sartu den azken funts dokumentala Rafael Lafuenterena da; hain zuzen ere, haren familiak artistaren artxibo pertsonalaren parte handi bat laga dio Museoari, azken hamar urteetan hura antolatzeko lanean jardun ondoren. Lafuenteren artxiboaz gainera, Juncal Ballestín, Juana Cima, Joaquín Fraile, Gerardo Armesto eta Néstor Basterretxearen artxiboak ere gordetzen ditu museoak. Horiek katalogatuta eta digitalizatuta daude, eta guztiak kontsulta daitezke, jada, museoan nahiz, partez, Artium Museoaren online plataforman. Ikerketa- eta katalogazio-proiektuak funtsezkoak dira dokumentu-ondarearen bidez memoria kontserbatzeko eta euskal artisten irudien gaineko ezagutza sortzeko eta zabaltzeko.

Artium Museoaren Dokumentazio Zentroaren xedea da museoaren bildumari eta programei loturiko artisten dokumentu-ondarea babestea. Funts horiek aztertu, katalogatu eta digitalizatu ostean, museoko profesionalen eta adituen eskura jarri dira, ikerketa- eta prestakuntza-proiektuen garapena eta, oro har, ezagutzaren sorrera errazteko. Artxiboak Internet bidez eskuragarri dituzte, partez, publikoek ere.
Museoaren Dokumentazio Zentroa elementu giltzarria da, alderdi horretatik, Artium Museoaren proiektu orokorraren baitan, bai azken 70 urteetako artearen testuinguruaren memoria nahiz ondare publikoa kontserbatzeko adierazten duen konpromisoagatik, bai bere programei eta bildumari loturik euskal artistei buruz egiten duen lan zientifikoagatik.

Rafael Lafuenteren artxibo pertsonala da, oraingoz, Dokumentazio Zentroan sartutako azken funts dokumentala. Dokumentuak aztertzeko eta sailkatzeko lanei 2021ean ekin zitzaien, Konposaketak / Composiciones erakusketaren produkzioarekin bat etorrita. Erakusketa maiatzaren 14ra arte egongo da ikusgai museoko A3 aretoan, eta Lafuenteren lan artistikoari buruzko oharrak, prestaketa-marrazkiak, proiektuen modeloak, ilustrazio-lanak eta diseinu grafikokoak, argazkiak, kartelak eta prentsa-artikuluak bildu dira, besteak beste, erakusketako arasa eta erakusmahaietan.

Erakusketa osatzen duten dokumentu horiez gainera, museoak askotariko beste dokumentu multzo bat ere katalogatuko du, orain arte artistaren familiak zaindua, zeinak egin baitu, azken hamarkadan, Rafael Lafuenteren ondare zabala antolatzeko eta kontserbatzeko lan eskerga. Ahalegin horri eta Artium Museoko Dokumentazio Zentroan egiten ari denari esker, funts hori funtsezko pieza izango da euskal artisten artxiboaren garapen-prozesuan.

Dokumentu multzo zaharrena Joaquín Fraile Mariñelarena artistarena da (Garinoain, 1930 - Vitoria-Gasteiz, 1998), 2012an margolariaren familiak gordailutua. Euskal Eskolaren barruan, Orain Taldearen bultzatzaile izan zen Fraile, Mieg, Ortiz de Elgea eta Schommerrekin batera, eta funtseko dokumentu ugariek –katalogo, liburuxka, prentsako ebakin, gutun eta argazkiak– aukera ematen dute aurreko mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetako Gasteizko nahiz Euskal Herriko panorama artistikora hurbiltzeko.


Juncal Ballestín artxiboa 2021ean eman zion dohaintzan museoari Anesvad GKEak –hura zen arabar artistaren legatuaren oinordekoa–, obra multzo garrantzizko batekin batera. Funts horretako dokumentu batzuk Gasteizko sortzaileari eskainitako Bizitza ariketa gisa erakusketaren parte izan ziren. Gaur egun, Artikerren kontsulta daiteke artxibo pertsonala; sailka antolaturik ageri dira, bertan, artistaren jatorrizko zirriborroak, testuak, gutunak, eszenografiako proiektuak, argazkiak eta erakusketa nahiz artelanei buruzko dokumentuak.

Juana Cima artxiboa (Caibarién, Kuba, 1951) artistak Artium Museoari 2022an egindako dohaintza bat da. Katalogoak, liburuxkak, kartelak eta prentsako eta aldizkarietako artikuluak biltzen ditu, artistak bakarka nahiz erakusketa kolektibo edo kolaborazio gisa egindako bidea dokumentatzen dutenak. Orobat daude ohar-koaderno batzuk, dokumentazio pertsonala eta 100 bat argazki, pertsonalak, obrenak eta erakusketenak. Cima garrantzi handiko irudia izan zen 8oko hamarkadako feminismoaren ikonografian, eta presentzia nabarmena izan zuen Zeru bat, hamaika bide erakusketan, zeinetarako berreskuratu eta zaharberritu baitzen haren mihise handi bat, Gasteizko Udalaren jabetzakoa.

2022koa da, orobat, Gerardo Armestoren (Vitoria-Gasteiz, 1949) artxiboa, artistaren funts pertsonalaren dohaintza partziala. Artxibo horretan bildurik daude 1981 eta 1990 bitartean sortutako bideo-lanei loturiko materiala, 1900 eta 2021 bitartean egin zituen pinturako eta eskulturako erakusketei buruzko dokumentazioa eta prentsako ebakinak eta bere ibilbidean zehar argitaratutako artikuluak. Armesto aitzindari izan zen animazioa sorkuntzarako baliabide gisa erabiltzeko ikerketan, eta formaren, kolorearen eta argiaren pertzepzioari buruz egin zituen azterketek emaitza gisa ekarri zituzten, besteak beste, La elección del soporte obra, Madrilgo Bideo Jaialdi Nazionalean saritua, eta Disfraces para un cubo II, 1987an MNCARSen antolatu eta Espainiako bideo-sorkuntza hasiberriaren erreferentzia bihurturiko La imagen sublime erakusketan parte hartu zuena.

Artium Museoa Néstor Basterretxearen artxiboa digitalizatzen eta antolatzen ere ari da. Artxibo horretan, honako dokumentu hauek ageri dira, beste hainbatez gain: katalogoak, prentsako artikuluak, proiektuen karpetak, erakusketetako dokumentazioa, idatziak, gidoiak, artistaren azala duten liburu eta aldizkariak eta Biok altzari modernoen diseinuko enpresari buruzko materiala. Basterretxea eskultore, pintore, diseinatzaile eta zinemagilea funtsezko irudia da Euskal Herriko XX. mendeko praktika artistikoa ezagutzeko. Museoak haren lau eskultura gehitu zizkion bere bildumari; zaharberritu egin ziren, eta kanpoko espazio publikoan ikusgai daude 2022ko udaberriaz geroztik.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand